> Indarkeria matxista, gizonek kontatua

Azaroaren 25a iristear, emakumeenganako indarkeriaren arazoaren gaineko kontzientzia eragitea bilatzen dute hainbat irudi eta bideok planeta osoan. Horietako batzuk Argentinan egindako hiru iragarki dira, herrialde hartako mugetatik kanpo ere esanbidea ematen ari direnak.

Argentinako Avon Fundazioak ohiko hiru egoera erabili ditu emakumeek egunero jasaten duten erasoen aurkako kanpaina bat ateratzeko. Kanpaina horrek berritasun garrantzitsu bat du, protagonistak gizonezkoak baitira, eta horrelako egoeren aurrean gizonek nola jokatu behar duten erakutsita arreta erakartzea nahi baitu

Kanpaina osoak hiru publizitate iragarki ditu, kaleko erasoak, indarkeria matxista eta indarkeria digitala irudikatzeen dituzten egoerak agertzen dituztenak. Avonekin batera, Argentinako Emakumeen Nazio Institutua, Elkartzearen Etxea eta Nazio Batuek ere parte hartu dute. Egun bakan batzuetan, iragarki horiek ozeanoa zeharkatu dute, biral eginda.

Lehen iragarkiak kontatzen duen istorioan, mutil gazte batek argazki bat atera dio biluzik dagoen neska bati, ondoren lagunekin partekatzeko. Egoera hori uste baino ohikoagoa da, eta gazteek harekin identifikatzea nahi du iragarkiak.

NAIZ+ atarian agertzen diren bideoek emakume askok jasaten duten biolentziaren eszenak erakusten dituzte.

> Zenbait guardia zibil, Altsasuko tabernetan zirika

Egunero Altsasuko berri ematen duen web batek salatu zuen bi guardia zibil herriko zenbait gazte zirikatu eta beldurtu nahian ibili zirela joan den larunbat gauean.

Hiru txiotan dioenez, kaleko jantzitako Guardia Zibileko bi agentek liskar bat izan zuten herriko zenbait gazterekin. «Sesio bila ibili ziren tabernetan, beste amarru bat sortzeko asmoa argi utziz», dio Twitterreko kontuaren jabe Hitzondok.

Joan den astean bi urte bete ziren Altsasuko kasuko lehen atxiloketak izan zirenetik. Haren ondorioz, herri horretako zazpi gazte kartzelan daude. Azkenaldion hainbat ekitaldi izan dira urteurren beltz hori salatzeko.

> Umeen aurkako sexu abusuen hiru lekukotza gordin

Iñigo, Mirian eta Pepe. Kamera aurrean ipini eta umetan aitarengandik edo futbol entrenatzailearengandik sufritutako tratu txar eta sexu abusuak azaldu dituzte.

Astelehenean adin txikikoen aurkako sexu abusuen eta tratu txarren prebentziorako nazioarteko eguna izan zen eta Garaitza elkarteak errealitate hau ikusarazteko Iñigorena bezalako zenbait bideo zabaldu ditu sarean. Bilboko Arriaga plazan, berriz, kontzentrazioa deitu zuten.

Iñigok umetan aitarengandik jasandako tratu txar eta sexu abusuak kamera aurrean azaldu ditu. Bigarren lekukotza Peperena da. Egun 46 urte dituen gizonak Basauriko Baskonia Futbol Eskolako entrenatzaileak abusuak egin zizkiola salatu du. Zabaldu duten hirugarren lekukotza Mirianena da.

> «Maizago ikusi behar dugu elkar» iragarkiaren egiak

Datozen 40 urteetan 520 egun emango ditugu pantailei begira, baina zenbat denbora emango dugu gure lagun maiteenen ondoan? Jendeak esan arren garrantzitsuena bere lagun maiteak direla, gure denboraren antolamenduak ez du horrela erakusten.

Ruavieja likore markak hurrengo urteetan lagunekin eta familiarekin zenbat denbora emango duzun jakiteko kalkulagailu bat eskaintzen du. Horretan oinarritu du bere Gabonetako kanpaina. Iragarkiak hankaz gora jarri ditu sare sozialak. Igandean agertu zen Youtuben eta asteazkenerako ia sei milioi bistaratze zituen.

Elkartu diren lagun eta senide bikoteak agertzen dira, nahi baino gutxiago elkar ikusten dutenak. Distantzia, ohiturak, ordutegia eta abar dira denen aitzakia. Ondorioa txundigarria da: iragarkiaren arabera, elkarrekin egoteko geratzen zaien denbora sei eta 91 egun bitartekoa da.

> Klase «apartheid»-a

Nordeltako (Buenos Aires Handiko iparraldea) neskameek salatu dutenez, hango bizilagunek baztertu egiten dituzte, ez baitiete auzoko autobusetara igotzen uzten. Emakume horiek errepidea moztea erabaki zuten, baztertze hori dela-eta protesta egiteko.

Inguru hartako etxebizitzen jabeek, dirudienez, hainbat sinadura aurkeztu zituzten etxeko langileek eurekin bidaiatu ez zezaten. «Nagusiek diote ez dutela gurekin bidaiatu nahi gure janzkera dela-eta, gure eguneroko bizimoduaz asko hitz egiten dugulako, batzuek guaranieraz hitz egiten dutelako eta usain txarra dugulako», salatu zuen etxeko langile batek “Página 12” egunkarian.