Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Lorena Garrido Jimenez
legelari feminista

«Indarkeria matxista sufritu dutenak biktima izan dira une batean, baina eskubidea dute etiketa hori kentzeko»

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (UAB) irakaslea eta Antigona taldeko ikertzailea da. Aste honetan Andoainen izan da, indarkeria matxistaren biktimen erreparazioaz hizketan. Izan ere, sendatu sendatu daitezke, horretarako baliabide aproposak ziurtatzen badira.

Indarkeria matxista gainditu daiteke eta zauriak sendatu daitezke. Horretarako baliabideak behar dira eta egungo sistemak eskaintzen dituenak eskasak dira. Erreparazioaren ertz guztiez jardun dute aste honetan Andoainen, erreparazio ekonomikoa barne, bertako Udalak antolatutako jardunaldi interesgarrian.

«Indarkeria matxistaren biktimak artatu erreparazioaren ikuspegitik». Horri buruz aritu zarete Andoainen. Hain iluna den errealitatean, poza ematen du erreparazioaren aukerak.

Bai, egia da. Indarkeria matxista gainditu daiteke, eta bizitzen segitu. Sendatze edo suspertze hori norabide desberdinetan eman behar da. Norbaiten eskubide bat urratzen denean, beti ez da posible izaten lehengo egoerara bueltatzea, urraketa gertatu aurretik bezala bizitzea. Baina horren antza duen espazio bat sor daiteke, indarkeria pasarte hori gertatu ez balitz biktimak izango lukeen bizitza proiektura gerturatzeko modua egin daiteke. Jendarteak garbi esan behar du indarkeria egoera hori ez dela ondo egon. Eta horretarako daude neurri judizialak eta baita neurri psikologikoak ere.

Bestetik, indarkeria egoera hori gainditu duena biktima bera da, emakumea. Hartara, indarkeria hori gertatu izan ez balitz izango zukeen bizitza proiektura gerturatzeko baliabideak izan behar ditu eskura.

Indarkeria gertatu aurreko egoerara bueltatzea diozu.

Indarkeria egoera bat zure bizitzako pasarte garrantzitsu bat da, pertsonaren eta egoeraren arabera traumatikoagoa edo leunagoa gertatu daitekeena. Indarkeria bera gizapetiko gertaera bat da, arrazionaltasunetik behera dagoena. Hartara, horrelako egoera batek bizitza markatzen dizu. Baina prozesuaren amaieran, gerta daiteke pertsona hori lehen zena baino indartsuagoa izatea eta inguruan sarea josi izana. Baina, prozesua gaizki egiten bada, kontrakoa gerta daiteke, biktima berriz biktimizatzea. Horregatik da garrantzitsua erreparazioa ondo egitea.

Biktima berriz biktimizatzea eta erasotzaileak berriz erasotzea. Batzuetan rolak behin eta berriz errepikatzen dira.

Ez bada interbentziorik egiten, ez bada lanik egiten, emakumeak bikote profil antzekoetara jo dezake eta erasotzaileak indarkeria egoera berak errepikatu ditzake beste biktima batzuekin. Horregatik da garrantzitsua zigor penalaz gain beste bide batzuk jorratzea; psikologikoak, sozialak, maitasuna ulertzeko moduak... Helburua da pertsona horiek gertatu dena ulertzea, gertatu dena zalantzan jartzea, eta, hausnarketa horretatik, akaso, etorkizunean bestelako erabaki batzuk har ditzakete eta maitasuna beste modu batera bizi daitekeela pentsa dezake.

Maitasun erromantikoaren garroak oso luzeak dira.

Sistema soziokulturalean oso txertatuta dago. Sistema patriarkalak oso modu indartsuan bultzatzen du. Nik beti defendatzen dut benetako maitasunak ez duela minik egiten eta, beraz, ez dela bateragarria indarkeria egoerekin. Maitasunaren ikuskera erabat aldatu behar da.

Telesailak, abestiak, iragarkiak... maitasun erromantikoaren ideiak bozgorailu asko eta ozenak ditu oraindik.

Sistema patriarkala beti ari da moldatzen, bere burua berrasmatzen. Maitasun erromantikoa eta indarkeria sexista saltzeko bide berriak sortzen ditu etengabe. Are gehiago, orain indarkeriak berak bide berriak ditu, sare sozialak.

Ez gara arazoaren erroetara joaten eta ez ditugu baliabide guztiak horretara jartzen. Sistema patriarkalaren erresistentziak dira horiek, sistema matxista indartu egiten da bere sinismen horietan eta, hala, telesailen bidez, sare sozialen bidez, abestien bidez... belaunaldi berrietara iristen da.

Mugimendu feministak ahalegin handia egin du sistemak normalizatutako hainbat gauzen gainean fokua jartzeko. Izan ere, inpunitate sozial, judizial eta kultural horrek laguntzen baitio sistema matxistari indartsu segitzen.

Mugimendu feminista indarkeriak naturalizatzen dituen sistema horren justizia eza mahai gainean jartzen saiatu da. Lehen naturala zen emakumeek botorik ez ematea; gizonek emakumeei buruzko aipamenak egitea kalean; naturala zen zenbait indarkeria sexista... Mugimendu feminista sekulako lana egiten ari da indarkeria hori desnaturalizatzeko eta horietako zenbait indarkeria agenda politikoan sartzea ere lortu du. Baina oraindik lan asko dago egiteko; egiturak aldatu behar dira, lege politikak, politika publikoak...

Gatozen berriz erreparaziora. Indarkeria sufritu duen emakumeak, zer behar du lehen momentuan?

Hasiera batean, jotzen duen ateetako batean –laguna, eskola, gizarte laguntzailea, jendartea, sistema judiziala...– entzuna izan behar du; bigarrenik, sinistu egin behar diote, eta, azkenik, indarkeria zehatz horren aurrean babestuko duten neurriak behar ditu. Behin indarkeria pasarte hori gaindituta, erreparazioaren bidea hasi behar da, bai psikologikoa eta baita ekonomikoa ere.

Apenas hitz egiten den erreparazio ekonomikoaz indarkeria matxistaren kasuan.

Egia da. Mito edo estereotipo bat eraiki da eta, horren arabera, indarkeria matxista salatzen duen emakumeak edozein interes ekonomikotik aparte egon behar du. Bestela, erreparazio ekonomikoa eskatzen badu, sinesgarritasuna galtzen duela dirudi. Egoera hori ez da justua, zenbait delituren zigorrak erreparazio ekonomikoa daukate lotuta, egindako kaltea konpontzeko modua ere badelako. Istanbuleko Protokoloak –giza eskubideen inguruko nazioarteko hitzarmena da eta Estatu espainolak ere izenpetu du– indarkeria matxistaren biktimen erreparazioaz gain, kalte-ordainez ere hitz egiten du. Zehatz esaten du emakumeok ekonomikoki indemnizatuak izateko eskubidea dugula sufritutako kalteengatik horiek ekiditeko neurriek huts egin dutenean.

Angela Gonzalezek Estatu espainolaren kontra jarritako salaketa kasua esanguratsua da. Aitak bere alaba hil zuen epaileak ezarritako bisita-erregimen baten baitan. Angela Gonzalezek sarri salatu zuen bisita-erregimen horrek bere alaba arriskuan jartzen zuela, amaren kontrako mehatxuak alabaren kontra joan zitezkeela uste zuelako. Kasu horrek jurisprudentzian aldaketa ekarri zuen 2015ean. Geroztik ulertzen da bisita-erregimena eta seme-alaben zaintza antolatzerakoan oso kontuan hartu behar dela emakumearen indarkeria egoera eta bizi duen arriskua. Seme-alaben zaintza eta emakumearen arrisku egoera orokortasunean aztertu behar direla, ez direla aparteko bi kontu. Gainera –eta hau ere oso garrantzitsua izan zen–, Angela Gonzalezen kasuak agerian utzi zuen Estatua ez zela gai izan emakume horri behar zituen babes neurriak emateko. Kasu horretan, bere alabari zehazki. Eta, ondorioz, kalte-ordaina eman behar zitzaiola. Erasotzaileak bere buruaz beste egin zuenez, Estatuak hartu zuen bere gain kalte-ordaina. Finean, Estatuak ezarritako bisita-erregimena ez zen gai izan haur hori babesteko.

Alegia, Zuzenbideak aurreikusten du zenbait delitu egiteak kalte-ordaina exijitzen duela. Esaterako, auto-istripu baten kasuan oso garbi daukagu hori. Nik arau bat hautsi eta beste pertsona bati kaltea eragiten badiot, kalte-ordaina ordaindu beharko diot, nahiz eta akaso ez den posible izango pertsona hori istripuaren aurreko egoerara bueltatzea. Indarkeria matxistaren kasuan, zergatik ez da hori normaltasunez bizi? Eskubide hori ukatu egin zaigu eta, gainera, eskatu duten emakumeen kasuetan mesfidantzaz begiratuak izan dira. Eraso sexisten inguruko zenbait sententziatan –batez ere laneko jazarpen sexualaren ingurukoak– garbi ikusten da; emakumeak kalte-ordaina eskatzen badu, bere testigantzari sinesgarritasuna kentzen zaio, ulertzen baita bere interesa ekonomikoa dela. Egoera horrek emakumeen eskubideak urratzen ditu modu argian. Indarkeria matxista sufritu duen emakume batek kalte-ordain ekonomikoa exijitzen duenean, legeak ematen dion eskubide bat eskatzen ari da. Aldiz, bere sinesgarritasuna kolokan jartzen da, eraikitako mitoak eta estereotipoak tarteko.

Salaketak jarrita zeuden kasuak, urruntze aginduak zituztenak... Eraildako emakumezkoen zerrenda ikusita, sentipena da erasotzaileak maiz topatzen duela biktimarengana iristeko bidea.

Indarkeria matxistak oraindik inpunitate espazio zabalak ditu. Lan asko dago egiteko. Eraildako emakume askoren kasuan, salaketa jarria zuten, baina denek ez zituzten lortu urruntze aginduak. Salatzen dutenen artean, oraindik oso gutxik lortzen dute urruntze agindua. Datuak hor daude. Eta horrek eragin sinboliko handia dauka, indarkeria matxista sufritzen duten emakume askok ez salatzea erabakitzen duelako. Salatzen duen emakumeak abiatzen duen bide judiziala ez da samurra izaten, alderantziz, oso gogorra izaten da. Eta epaitegietatik jasotzen duen erantzuna askotan eskasa izaten da, ez da nahikoa izaten emakumea babestua sentitzeko.

Manadatik bizirik irtendako emakumeak –dagoeneko ez da Manadako biktima– garbi esan zuen: niregatik eta emakume guztiengatik egiten dut hau. Emakume batek salaketa jartzen duenean eskuzabaltasun ekintza bat egiten ari da. Horrek bere bizitzan eragin bat izango du, baina, era berean, jendartean ere eragin bat izango du, gaia mahaiaren gainean jartzen delako.

Erantzun judizialak moldatzen ari dira, baina oraindik erresistentzia handiak dituzte; emakumea sinesteko orduan, emakumea babesteko neurri eraginkorrak hartzeko orduan... eta emakumeak garbi sentitzen ari dira babesgabetasun judizial hori, horregatik ari dira kalera ateratzen epaitegien erabakiak salatzera.

Kaleko erantzun kolektibo horien atzean, gainera, enpatia handia dago, emakume horiek guztiek sufritu dutelako bere bizitzako uneren baten indarkeria matxista intentsitate desberdinean.

Manadatik bizirik irtendakoa, ez Manadaren biktima. Zehaztapen garrantzitsua.

Indarkeria matxista sufritu duten emakumeak biktima izan dira une batean, baina eskubidea dute pauso bat aurrera eman eta fase berri batera pasatzeko. Fase berri horretan bizirik iraun duena zara, indartsuagoa akaso, ahaldundua. Ez da kasualitatea indarkeria matxistaren biktima izandako emakume askok gero arlo horretan lan egitea, egoera berean dauden emakumeak laguntzen.

Manadak erasotako emakumearen kasuan, niretzat bizirik ateratako fase horretara pasatzen da eskutitz hura idazten duenean. «Nigatik eta beste emakume askorengatik egin dut hau», esaten duenean. Nik barru-barruan eta bihotz-bihotzez eskertzen diot. Neska gazte bat da eta era horretako prozesu judizial bat jasateko gai izateak sekulako indarra duela erakusten du. Biktimaren etiketa kentzea baimendu behar diogu jendarte bezala. Kontatu digute –bere bizitza pribatuaren inguruak datuak filtratu zirelako– unibertsitatera joaten dela, lagunekin ateratzen dela... Ni izugarri pozten naiz bere bizitzarekin aurrera egiten saiatzen ari bada, merezi duelako.

Jendarte bezala ere kostatzen zaigu biktima betirako ez biktimizatzea, ezta?

Egia da. Eta ikuskera hori ez da justua. Are gehiago, sistema judizialean espero dituzten biktimak horrelakoak dira; betirako uzkurtuta geratu direnak, autoestimu gutxikoak, ahulak, harreman sozialak izateko zailtasunekin, bizitza osasuntsu bat izateko trabekin, bizitza proiekturik ez dutenak...

Finean, erreparazioak horri guztiari buelta eman nahi dio, emakume horrek bere bizitza berregin dezan, indarkeria egoera horretatik kanpo eta beharrezko babes neurriak ziurtatuta. Ahalik eta aukera gehien izan ditzala berriro bere bizitzari eusteko eta nahi duen bidea hasteko. Eskubideak eta aukerak ematea da erreparazioaren gakoa.

Gaur egun ba al da nahikoa baliabiderik eskubideak eta aukerak ziurtatzeko?

Ez, oraindik asko falta da. Gainera, azken urteetan asko murriztu dira indarkeria matxista jasan duten emakumeei zuzendutako baliabideak. Egun ez dago indarkeria sufritu duten emakumeen dibertsitatea erantzuteko moduko baliabiderik. Emakume migratzaileei buruz hitz egiten da, baina desgaitasunak dituztenak ere hor daude. Azkenaldian argitara emandako zenbait txostenek garbi utzi dute desgaitasun funtzionala duten emakumeek jasaten duten indarkeria matxista eta sexuala ikaragarria dela. Aldiz, apenas dagoen espezializatutako baliabiderik egoera horiei erantzun egokia emateko.

Eta zer esanik ez alderdi psikologikoari dagokionez. Orokorrean, gure jendartean baliabide psikologikoak eskasak dira eta egoera are okerragoa da indarkeria matxista jasan dutenen kasuan.

Asko, asko, asko dago oraindik egiteko.