2018/12/01

Euskal Esnaleak Arturo Campion omentzen, 1929an

1907ko apirilaren 1ean, Zumarragan Arturo Campion lehendakari zela egindako «Asamblea de la Lengua Euskara» delakoaren berri eman zuten hedabideek. Biltzar hark Euskal Esnalea elkartea sortu zuen. Ekimenak jasotako atxikimenduen artean, Iruñeko gotzainarena eta herrialde guztietako zenbait alkate eta zinegotzirenak zeuden. Estanislao Aranzadi nafarrak hitzaldi labur batean euskal herritar guztien batasuna aldarrikatu eta euskara hedatzea proposatu zuen. «Nola salbatuko da euskara? Bada, hitz eginez, erruz hitz eginez, senitartean, jendartean, kalean, euskal herritarrak elkartzen diren leku guztietan», esan zuen. Honakoa ere gehitu zuen: «Euskararen irakaskuntza eskoletan ezartzeko eta apaizeriak ahal duen guztia egin dezan borroka egin dadila». Arturo Campionek egindako «gora euskara maitagarria!» oihuarekin bukatu zen batzarra. Euskal Esnaleak aldizkari bat argitaratu eta mitinak, hitzaldiak eta jaialdiak antolatu zituen Euskal Herri osoan. Asko izan ziren elkarteko kideak. Besteak beste, nabarmentzekoak dira Carmelo Echegaray, Xabier Lizardi, Nicolas Ormaetxea eta Emeterio Arrese. Artikulua ilustratzen duen argazkia Pascual Marinek egina da 1929an, Euskal Esnaleak bere ohorezko lehendakari Arturo Campioni egin zion omenaldian. Omenduarekin berarekin batera, besteak beste, Isaac Lopez Mendizabal, Policarpo Elosegui, Gregorio Mugica, Jose Olaizola, Serapio Mugica, Ramon Laborda, Miguel Urreta eta Jose Antonio Zulaicak parte hartu zuten.