2018/12/01

Iñaki Altuna
Gauza asko aldatu beharra dago errotik

Herriko bat egoteagatik jendez betetako kale batean kargatzeko gai zen Polizia bat izatetik beste eredu batera bidea egiteko borondatea argia erakuts zitekeen

Cabacasen auziaren epaia ezagutzera eman zen joan den ostegunean. Harridura sortu al du? Espero al zitekeen besterik? Beste aukerarik ba ote zegoen? Egia esan, erakundeek, botere publikoek eta Justiziak nola kudeatu duten gaia ikusita halakorik eta are okerragorik ere espero zitekeen, zoritxarrez. Epaiak amorrua sortuko du ezinbestean, karga poliziala bidegabea izan zela aitortu arren, inpunitatea nagusitzen baita azkenean. Hau da, epaiak gauza asko onartu arren ez du argirik eman nahi izan. Ez du fiskalaren jokabide lotsagarria bere egin, baina ez du urratsik egin, karga nork eta zergatik agindu zuen gaineko gutxieneko hausnarketa eragiteko.

Iñigoren familian eta hurkoen artean samina eta amorrua izan dira nagusi prozesu osoan zehar, baita herri sektore sozial askoren artean ere. Are gehiago, epaiketan ikusitakoak berez Ertzaintzaren eta egungo erakundeen hurbileko diren asko lotsarazi ditu. Hitz batean, terriblea izan da gertatutako guztia. Heriotza lazgarria izan zen eta beste horrenbeste izan dira ondorengo gertaerak ere.

Epaiak epai, Cabacasen auziak oso agerian utzi ditu hainbat kontu, hainbat arazo, egiturazkoak eta errotik aldatu beharrekoak. Polizia eta Justizia ereduak daude ezbaian, zalantzarik gabe.

Ertzaintzaren ereduari dagokionez, egin zitekeen lehenago halako ariketa ausart eta esanguratsu bat, Maria Diaz de Haroko kalezuloan izandako ezbeharra ere (gogorra izan daiteke horrela hitz egitea) aprobetxatu ahal zelako ariketa horretarako. 2012. urtean hil zuten Cabacas, borroka armatuak markatutako zikloa gainditu eta beste bat irekitzeko ahalegina erabat egiaztatuta zegoenean. Unea zen. Herriko Taberna bat egoteagatik jendez betetako kalezulo batean kargatzeko gai zen Polizia bat izatetik eredu demokratikoago batera bidea egiteko borondate argia erakuts zitekeen. PSEko Gobernuak izan zuen horretarako aukera, eta are gehiago segidan etorri zen Urkullurenak.

Baina ez da egin, eta Cabacasen auzian justu kontrakoa azaldu dute arduradun politikoek eta polizialek. Sei urte pasa dira dagoeneko, eta egiteko dago eztabaida hori behar adineko sakontasunarekin. Eta hobe da behar bezala egitea, bestela polizia gorputz horrek oso irakurketa okerra egin dezakeelako. Guardia Zibila Estatuaren barruko estatu bat bihurtu dela gogoratu beharko lukete arduradun politikoek.

Epaiaren ondorio okerra eta egin beharreko hausnarketa

Epaiak, egia da, gauza asko onartzen ditu, hala nola karga hark ez zuela inongo justifikaziorik eta izandako ikerketa kaskarra izan zela. Esan bezala, ez dio eutsi delitua ez zela egon zioen fiskalaren gogoari, baina, aldi berean, ez du auzia behar bezala itxi, ez da beharrezkoak ziren ondorioetara iritsi.

La Manada-ren auziko epaian ere erasoa jasan zuen gazteak jasandakoa onartu zuen epaiak maila batean, baina azkeneko ondorioa erabat okerra izan zen, eraso sexualaren larritasuna apaldu zuelako, berriro ere matxismoaren eta inpunitatearen mezua zabaldu zuelako. Azkenaldian, adibide askotxo dago zentzu berean. Gogoetak sakonagoa behar du izan, Justiziaren benetako eginbeharraz oro har eta, gurera etorrita, Espainiako legaltasunetik datorren “justiziak” aspalditik dakarren injustiziak eragiten digun kalteaz. •