Maider Iantzi Goienetxe

Bidean

Bidean doa. Zabala da, nahiz eta bihurguneak izan, baten bat nahiko itxia. Horietako batean, bidegurutze batean, gorantz hartu du. Zerbait arraroa sumatzen zuenez, ez du lehenengoan aukeratu malda estu hura, baina azkenean han abiatu da; ea zortea duen.

Iluntasunean ausart doa. Eskerrak ez datorren inor kontrako norabidean, bertzela ez daki zer eginen lukeen. Baserri batzuk igaro ditu, gero behiak, eta gero ezer ez. Orain eskuin, orain zuzen; luze egiten ari zaio, bidea gero eta okerragoa da, baina helmugara hurbiltzen ari dela dio GPSak. Hiru minutura dagoela markatzen du jada, baina mendi punta batean dago, zein norabide hartu ez dakiela, dagoeneko ez delako bidea ongi ikusten. Edo berak ez du ikusten. Gero eta urduriago dago eta zentzurik gabeko mugimendu batzuetan kotxea zulo batean sartu du, lohi putzu batean. Arnasa hartzeko, motorra itzali du; dena beltz.

Argiak piztu ditu. Alde batetik irreala iruditzen zaio egoera: ez da bera inguru ezezagun hartan galdu dena. Baina bai, eta baliabideak behar ditu. Lagun bati deitu eta ez dakiela non dagoen kontatu dio. «Lasai, piztu GPSa berriro eta egin duzun bide beretik itzuli atzera». «Beldur naiz». «Zu lasai, ez zaude bakarrik. Ez moztu telefonoa. Zure bila joango naiz». «Topatuko nauzu?». Gaua bertan pasatzea edo poliziari deitzea pasatu zaio burutik. Argi luzeekin keinuka hasi da eta baserritar bat agertu zaio pijaman, argi batekin. Aterkipean egon dira biak, lokatzetan, mapari begira, solasean. Nola eskertu dion! Lagunak aurkitzen badu a ze besarkada eman behar dion! Jaisten badira lurrari emanen dio musu. Iritsi da laguna, eta besarkada, eta ez du lorik egin, bizitzaren metafora izan daitekeen istorioari bueltaka. •