Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Diagnostikoak

Haurra nintzela bazegoen hilabetekari bat «Ipurbeltz» izenekoa, irakurle batzuk akaso gogoratuko zarete. Aurreko astean ahizpak gogorarazi zizkidan hura jasotzeko zain egoten ginen une haiek; aldizkaria argitaratu behar zen egunean pozik egoten ginen, iluntzean etxera iristen ginenean ilusioz, ohera joateko gogo biziz goitik behera dena irakurtzeko. Une preziatu hura bizitzeko lehenengoa nor izango zen zozketa eginez.

“Zain” egotearen kontzeptua ez da gaur egungo haurrentzat existitzen. Dena, edo nahi dutenaren antzeko zerbait, eskuragai dute. Hilabetekariak badaude, baina hura iritsi bitartean, pazientzia-eza asetzeko beste pizgarriren bat edukitzen dute. Aldizkariaren adibidetik telebistara salto eginez, nire alabak ez du ezagutu telebistako programazio kronologikoaren kontzeptua. Zuzeneko edozein saio eten dezake, komunera joaten denean edo besterik gabe hamabost minutu beranduago ikusi nahi badu puzzlea amaitzen duenean. Berarentzat ezin dugu zirrara berdinarekin errepikatu ni haurra nintzeneko une hura: ostiralean, gaueko bederatzietan zegoen saioa ikusteko familia guztia elkartu. Gaueko bederatzien garrantziaz ari naiz, ordu zehatz horretan han ez zegoenak telesailaren hasiera galtzen zuen-eta. Gu bederatziak eta laurdenetan elkartu gaitezke, hasiera manipulatu dezakegu eta baita jarraitasuna ere; edo norbaitek ez duela zerbait entzun? Atzera egin eta berriro ere ikusten jarraitu.

Gitarra bat eskatu dio Olentzerori; hiru urte ditu eta lagun batek esan zidan ea ez ote den azkarregi gitarra bat oparitzeko. Eskolan gitarra klaseak dituzte datorren urtean, zergatik ez itxaron beste urtebete, esan zidan. Gitarra klaseak lau urterekin, gehiegizkoa dela pentsatuko duzue akaso. Baina antzerkia ere badute, eta dantza, eta atzerriko hizkuntzak, eta igeriketa, tenisa. Hiriko erritmo azkarraren itzala ote dira Londresko eskola elitista hauen balioak?

Lagun batek esan zidan, arrazoi osoz, denari diagnostiko bat jartzen zaiola gaur egun. Zain egoten ez dakiten haurrak dira. Hiperaktiboa da. Txikiegia. Ez dauka inteligentzia emozionalik. Estimulatuegiak daude. Edo ez dauka estimulu nahikorik. Lo gutxiegi egiten dute. Ez dakite jolasten. Pasiboegia da. Ni haurra nintzenean existitzen ez ziren gaixotasun, sintoma eta pertsonalitate forma berriak sortu dira. Eta, horren inguruan, lanpostu berriak. Terapeutak, psikologoak, idazleak, sasi-idazleak. Amatasun perfektuaz idazten dute; gurasoen rol berriez; jarraitu behar ditugun pautez, arau berriez. Zerbait beharrezkoa da, ados, baina oreka aspaldian utzi genuen atzean, neurriz kanpo gabiltza diagnostiko artean zoratuta.

Kontziente naiz hau guztiaz eta hala ere askotan ezin dut gelditu. Beranduegi da. Alabari gitarra erosi diot azkenean, eta bai, antzerki klasera ere pozik joaten da, eta baita tenisera ere. Autoerrekonozimendua ez da nahikoa. Nola geldituko dut inguruan daukadan influentzia sare guztia? Ezinezkoa da. Alde egin ezean. Urrutira. Oso urrutira. Internet existitzen ez den leku batera.

Eta, zer gertatuko litzateke guztia hainbeste kuestionatuko ez bagenu? Diagnostikorik ez egin eta aurrera jarraitu. Seriotasun gutxiagoz hartu dena. Zalantzarik gabe, teknologia berriak eskolan hain azkar sartzearen, txikitatik Internet eta sare sozialak izatearen eragina ezin dugu ahaztu, erlazioetan, komunikatzerako orduan, orokorrean erreferentzietan. Nahiko arazo badugu hor, beharrezkoak ez diren autolaguntzako liburuetan azaltzen diren arazo berri guztiez ere gehiegi arduratzen hasteko. •