Gorka Elejabarrieta

Nazioarteko aitortza

Gure testuinguruan, independentzia lortu eta estatu bihurtzeko, edozein naziok nahitaez bi baldintza bete behar ditu: independentziaren aldeko %50 baino baino gehiagoko babesa eta nazioarteko beste estatuen aitortza. Eta beharrezko baldintzok lortuta ere, emaitza ez dago guztiz ziurtatuta.

Ez dut uste gehiengoaren babesa eskuratzeko formula magikorik dagoenik, ezta prozesu batetik bestera berdintsu kopia daitekeen biderik ere. Horrela balitz, aspaldi lortuta litzateke. Gurean bidea ibiltzen jarraitu besterik ezin dugu egin, bidegurutze bakoitzean erabakirik hoberena hartzeko borondatearekin, beti asmatzea oso zaila edo ezinezkoa dela jakitun. Totemak, hitz eta erabaki borobilak, determinismo absolutua ez dira bidelagun onak. Urte luzez, belaunaldiz belaunaldi, autodeterminazioa (hasieran) eta erabakitze eskubidearen (ondoren) aitortza zen independentziarako bide bakarra. Negoziazioa eta aitortza = Erreferendum adostua. Orain, aldiz, aldebakarrekoa izanen dela edo ez digula balio dirudi batzuetan. Konbentzituen arteko eztabaida existentzialistak; eta, bitartean, beharrezkoak ditugun bi osagaiok lortu gabe.

Ni sinetsita nago ez digutela sekula gure nazio izaera onartuko, ezta gure eskubideak ere. Eta, bukaeran, azken pausoa, azken erabakia, aldebakarrekoa izan beharko dela, horrek dakarren ondorio guztiekin. Baina ez dezagun ezer baztertu, ezer ezinezkotzat eman, aukera, ate eta zubi guztiak irekita manten ditzagun eta jo dezagun aurrera. Gehiago izan behar gara, gehiengoa. Flandria, Eskozia eta Irlandako kasuak begiratuta argi dago abertzaletasunaren baitan alderdi nagusi bakarra egotea, barne lehia elektoralik ez egotea alegia, oso lagungarria zaiela independentziarako bide bakar eta adostua diseinatzerako orduan. Kataluniako prozesuak, berriz, besteak beste, antagonikoak diren bi gauza garrantzitsu erakutsi dizkigu. Batetik, barne lehia elektoral hori egonda, posible dela horrelako prozesu bat aurrera eramatea. Katalanek urriaren 1eko erreferenduma horrelako baldintzetan antolatu zuten. Eta, bestetik, horrekin batera, kontrakoa ere frogatu digute katalanek, hau da, barne lehia hori berebiziko arazo bilaka daitekeela krisi momentuetan eta baita estrategia bateratu bat diseinatzerako orduan ere. Gurean barne lehia hori badago eta egongo da, eta horrek gure bigarren eztabaida existentziala dakarkigu; EAJrekin edo EAJ gabe. Askotan elkarrekin betiko haserretzeraino daramagun eztabaida. Ez dago erantzun argirik, beraz, jarrai dezagun aurrera, saia gaitezen biak lortzen: EAJ independentziara ekartzen, eta, aldi berean, independentzia EAJrengana hurbiltzen.

Estatuak horrelako prozesu eta gertakarien aurrean izatez kontserbadoreak dira, aldaketen kontrakoak, estatu matrizearekin mila akordio eta konpromisoren bidez lotuta daude; ondorioz, beti agertuko dira, agertzekotan, independentziaren eta estatu berriaren sorreraren kontra. Azken urteetan Europan hori argi ikusi da, hor dago Europar Batasunaren jarrera Flandria, Eskozia edo Kataluniako prozesuen aurrean. Ñabardura eta berezitasun askorekin, prozesu bakoitza bakarra delako, baina oro har esan dezakegu Europar Batasunaren jarrera antzekoa izan dela hiru kasuon aurrean.

Hiru herriotako bakar batek ere ez du, bakoitzak arrazoi oso ezberdinengatik, independentzia gauzatu, eta, ondorioz, zaila da asmatzea Europa eta mundua osatzen duten estatuen jarrera zein izango zitekeen independentzia gauzatuz gero. Baina estatuen jarrera estatu berriarekiko oso ezberdina izan daiteke honek independentzia gauzatu aurretik edo ondoren. Hori ulertzea garrantzitsua da, Flandria, Eskozia eta Kataluniako kasuetan ikusi dugun nazioarteko jarrera independentzia gauzatu ez duten estaturik gabeko herrien kasuetan eman delako bakarrik. Pentsa genezake, Eskoziako kasuan bereziki edo bakarrik –estatu matrizearekin adostu zuelako erreferenduma– independentzia gauzatuz gero nazioarteko aitortza eskuratzeko zailtasun gehiegirik ez zukeela izango. •