Nekane Zinkunegi Barandiaran

Agur Info7

Gaur desagertuko da Info7 irratia uhinetatik. Ez da behin betiko agurra, ordea. Hamahiru urteko ibilbidearen ondoren, sorrerako helburuak bete eta erronka berriei aurre egingo dien proiektu indartsuagoa abian jartzeko lanean ari baita lantaldea jada. Urteotako bidea modu kolektiboan ixtea erabaki dute irratikoek, ibilbidea bera kolaboratzaile askori esker osatu dutelako. Talde izaera horri balioa aitortu eta hainbeste urtez irratia egin izana ospatzeko festa izango da Urruñako estudioetakoa.

Bolada batez bada ere, kazetaritzatik urruntzeko erabakia hartu dudan garaiarekin bat egingo du Info7 irratiaren agurrak. Eta profesioan murgildu nintzeneko garaiez oroitu naiz. E-mail bidez irratian praktikak egin nahi nituela esan eta baiezkoa jaso nuen egunaz. Urruñako estudiora joaten egun gutxi neramatzala, orduroko albistegietako bat zuzenean egiteko esan zidatenean argi gorriaren aurrean pasatu nuen estualdiaz. Eguerdiko albistegi nagusiko gidoia inprimatzerakoan izaten genuen azken uneko estresaz. Praktikak amaitu orduko saio berezietan kolaboratzeko egindako eskaintzaz. Arrosa sareko “Zebrabidea” irratsaioko gidari izateko emandako aukeraz. Urruñatik Donostiara laneko kontuak aipatzeko deitu eta bazkaritarako zer neukan galdetzen zidanaz. Sagardotegiez, greba egunez eta hauteskunde gauez.

Eta zorionez gain, eskerrak ematea baino ez zait bururatzen. Eskerrak, hamahiru urteotan irratia posible egin duten profesional on eta pertsona hobeei. Irratira lehen aldiz hurbildutako kolaboratzaile, bekadun edo elkarrizketatuak etxean bezala sentiarazi dituzuelako. Baliabideen faltari eta arazo teknikoei lanerako gogo gehiagorekin erantzun diezuelako. Eta isilarazitako ahotsen bozgorailu izateaz gain, zerbait esateko duenarentzako plaza aproposa izan zaretelako. Zorte on esku artean duzuen proiektu berrian eta eutsi lan egiteko duzuen modu hain gertukoari. •