2018/12/15

Erreportajea
ANABASAN UHARTE
Libiako irla bakarra aterpea ere bada. Bertatik, desintegratzen ari den herrialde bat ikus daiteke

Gerraren eta arazo larrien erdian, Libiako kostaldean talde ekologista batek Fawra uhartearen altxorra babesteari ekin dio, «ingurugiroa jaten duzuna era badelako, eta, kasu honetan, hiltzen zaituena».

Karlos Zurutuza
1215_libia

Talde ekologista bat dago Zuwaran, bai eta emakumeentzako lauzpabost gimnasio, kite surf talde bat eta etxe okupatu bat ere. Informazioak ustekabean harrapatuko gaitu, agian. Libiaren gaineko irudi nahasi eta osatugabea egon daiteke horren atzean, ala “herri musulman” baten gainean espero ez ditugun kolore-ziztadak aurkitzea. Egia esan, nekez pentsa liteke biziraute hutsa baino gehiagorako tarterik dagoenik Zuwaran. Kale nagusian, Martirien Hirigunean, kafea zerbitzatzen da paperezko edalontzietan, eta hamaika dira turkiar arropa saltzen duten dendak. Dendariek, baina, bezeroak galtzen dituzte zabor eta hondakin artean. Nola erakarri erosleak bien artean putzu erraldoi bat dagoenean?

Hiri erdiguneko plazari oraindik ere Piazza deitzen diote. Italiarrek eraiki bazuten ere, ez dauka, inondik ere, Erromako enparantzek duten xarmaren izpirik. Herdoilak jandako auto hutsak, palmondo bakartien azpian. Badirudi euren jabeek ibilgailuak atzean utzi eta korrika ihes egin dutela.

Piazzan dago ere hiriko eraikinik altuena. Hotel bat izateko altxa zuten, baina gerrak leihoak eta itxaropenak ostu zizkion, inauguratu baino lehen. Bere beheko solairuan dago, hain justu, Zuwarako ekologisten bulegoa. Ateko kartelak Bado elkartea iragartzen du; barruan, bistarako opari bilakatzen dira dortoken argazkiak, flamenkoenak eta musker berde eta bitxi batzuenak. Gezurra dirudien arren, animaliok hemendik oso gertu bizi dira.

«Farwa uhartean atera genituen argazki hauek guztiak. Hemendik 40 kilometrora dago eta bertan gauzatzen ditugu gure proiektu gehienak», diosku elkarteko buru Shokri Dahek. Paretan zintzilik dagoen mapari erreparatuz, Dahek Gaddafik irlarako pentsatua zuen egitasmoaren nondik norakoak azaldu dizkigu: zazpi hotel, golf zelai bat, bi kirol portu eta haima ugari; dena 470 hektareatan. Hori gutxi ez, eta “merkataritza gune askea” ere izango zen Farwa. 2011ko gerrak eten egin zuen erokeria, baina kaltea egina zegoen ordurako.

«Irlarainoko eraiki zuten errepidea zela eta, penintsula bilakatu zuten kostaldearekin lotu ostean. Itsas-korronteak itxi egin ziren eta, horrela, Farwa eta kostaldearen arteko ura usteldu egin zen», gogoratu du Dahek. Deskalabruari alboko planta kimikoaren isuria gehitu behar zitzaion. 2013an, ekologistek lur eta ur laginak Tunisiara bidali zituzten, hango laborategietan iker zitzaten. Testak errepikatzea eskatu zuten, hain ziren altuak merkurio eta kadmio arrastoak. Uraren kiratsak hondamendiaren abisua ematen zuen, bai eta Zuwarako abortu, malformazio eta minbizi kasuek ere. Ikerketa haiek zera frogatu zuten modu zientifikoan; itsasoa, inguruko lurrak, datilak, olibak, behi-esnea... dena kutsatuta zegoela.

«Batzuen ustez luxu hutsa da ingurugiroa zaintzea, Libian ‘askoz arazo larriagoak’ dauzkagula diote. Ulertzen ez dutena zera da, ingurugiroa jaten duzuna ere badela, eta, kasu honetan, hiltzen zaituena», dio Dahek, uhartea bisitatzeko gonbita luzatu aurretik.

Herri galdua

Egia da, Libiak arazo larriak ditu eta Zuwaratik atera gabe ere begi bistakoak dira. Egun hiru gobernu daude lehian herrialdean: Tripolin bi, eta beste bat Tobruken, herrialdeko ekialdean. Kostaldeko hiri honetara Nazio Batuek babesturiko gobernutik iristen dira soldatak. Hala da, teorian behintzat. Baina Libiako edozein hiritan legez, Zuwaran ere badago beti piztuta dagoen kutxazain automatiko hori. Banketxe aurrean ilara gordetzen dutenei dirurik ez dagoela esaten die. Zortea lagun, 200 bat dinar (30 euroren bueltan) jasoko dituzte banketxe barruan, soldata milakoa izanda ere. Ez da harritzekoa, beraz, zuwaratarrek ohiko ofizioei eutsi behar izatea.

Tunisiako mugatik 60 kilometrora bizi dira, eta era guztietako kontrabandoa da nagusi eskualde honetan. Gasolinarekin trafikatzea da ohikoena, norberaren autoaren atzealdean hamaika gasolina bidoi sartuz Tunisiara bidean ala, itsasontziz, Maltako ustezko arrainontziekin tratua eginez. Mediterraneo erdian gogotik betetzen dituzte beren biberoak Libiako erregaiarekin. Tunisiar dinar nahiz Maltako euroen olatuak inflazioa izugarri igo du Zuwaran. Hauxe da, hain zuzen, Libiako hiririk garestiena. Baina askoz arazo gehiago daude oraindik. Hiriko Krisi Komiteko buru Sadiq Jiashek zerrenda «amaigabeaz» hitz egin digu.

«Oinarrizko azpiegituren kolapsoa dago, dela estolderia, argi indarra nahiz errepideak; migranteak gero, eta Libia hegoaldetik iritsi zaizkigun tuareg familiak, gerratik ihesean. Bestalde, Zuwara inguruko arabiar herrien arkua dela-eta, segurtasun arazo ugari dauzkagu. Kostaldeko amazig enklabe bakarra da gurea. Jarraitzea nahi duzu?».

Jiashek ENI italiar multinazionalak ustiatzen duen findegia ere mahai jopuntuan jarri du. Hiriaren ekialdeko muturrean dago eta kezkagarria omen da sortzen duen kutsadura. Hango hainbat langilek diotenez, italiarrek ez dituzte segurtasun protokoloak errespetatzen. Airera nahiz uretara iristen da pozoia, gau eta egun. Espero bezala, Farwa alboko planta kimikoa ere aipatu du Jiashek, bai eta berak ere hainbeste maite duen irla kutuna.

Iragan abuztuan, bere taldeak eta Badoko lagunek kanal bat irekitzea lortu zuten, korrontea aspaldiko partez sar zedin. Aldi berean, uhartea garbitu eta bere itsasargia egokitu egin zuten boluntarioek. 1923an altxa zuten italiarrek, eta irlako eraikin bakarra da.

«Farwa altxorra dugu eta, pixkanaka-pixkanaka, jendea horretaz jabetzen ari da», dio Jiashek. Irla babesteaz gain, helburu amankomuna izateak dakarren kohesioa ere azpimarratu du gizonak.

Paradisua

Astean zehar, Zuwara nekez esnatzen da goizeko hamarrak baino lehen. Jai eguna den ostiraletan, ordea, ez da izakirik mugitzen bazkalordura arte. Apenas dago trafikorik, eta miliziar lotiek kontrol postuak hutsik uzten dituzte. Huraxe da unerik egokiena Libiako hirien artean bidaiatzeko. Migranteek ederki asko dakite, eta orduan aprobetxatzen dute Tripolitik hona iristeko. Zuwaran lana dago beraientzat, eta Libiako hiriburua baino seguruagoa da.

Goizean goizeko beste bidaiariak Farwarantz doazen Badoko lagunak ditugu. Autoaren gidari 45 urteko Agmarrek dio boluntarioak erabiltzeaz gain, ordaindu ere egiten dutela, makina bat gauza, tresna edo bestelako erosi behar baitira beti. Antzeko beste elkarte bat omen da Libian. Dernako Itsasoko Bizitza izena du, baina kosta egiten da beren lana irudikatzea Libiako islamisten gotorleku sutsuenetako batean.

«Libia ekialdea beste mundu bat da; ez dago jakiterik zer gertatzen ari den han», dio Agmarrek, errepidetik bista altxa gabe. Euria hasi du Zuwaratik atera bezain laster, eta orain kazkabarra.

Hogei minutu pasatxo eta gero, planta kimikoa atzean utzi dugu eta eskuinera jo dugu Bukamasheko porturantz. Farwa aurrean dago, baina uhartea nekez ikusten dugu enbatak altxatzen duen itsas-aparraren atzean. Atertzean, portuko txalupa batean salto egin dugu. Uraren sakonera urria dela-eta, oinez egin beharko ditugu irlarainoko azken 200 metroak.

«Ikusten al duzu eraikin hori? Jauregia da», dio Naderrek, itsasargiari seinalatuz. Gerragatik ez balitz, Turismo ikasketak dituen gizon honek taldeak ekarriko zituen hona, gustura. Nolanahi, belaunetaraino iristen zaizkigun urak gatazka piztu aurretik pozoitu zituen alboko planta kimikoak. Pisindon erromatar hiria ere ikusteko aukera izango zuten balizko turistek. Gure bizkarrean dugu, gehiena ur azpian badago ere. 2001ean, Gaddafiren segurtasun zerbitzuek bi egunez moztu zuten gunea. Ez da inoiz jakin zer aurkitu zuten, baina, bertakoen arabera, betirako desagertu zen kamioi batzuen atzealdeetan. Arpilatze haren ostean, urria da oso zuwaratarren ondarea; erraz uler daiteke zergatik deitzen dioten “jauregia” hain xumea den eraikinari. Dorre bakarreko gaztelu txiki baten itxura duen honetatik itsasontziak gidatuko ziren “Italiako laugarren kostarantz”. Libiari honela deitzen zitzaion kolonizazioaren urteetan.

Bakardadean hamarkada luzeak eman ostean, eskaut talde baten bisita jaso du “jauregiak”. Bere bi gela hutsak lo zakuez beteta daude, eta ez dirudi haien jabeek, nerabeak denak, ateratzeko gogo handirik dutenik. Kanpoan euria ari du berriz. 10 metroko altuera izango duen dorretik, boluntarioek irlaren erdian gaudela jakinarazi digute. 14 kilometroko luzera omen du. Ekialdeko muturrean kanala ireki zuten, baina gu mendebaldeko puntaraino joango gara, ekologistek GPS gailu bat berreskuratu nahi baitute bertan. Dortoken habi baten kokapena ematen zuen. Kumeak aspaldi abiatu ziren itsasorantz eta, dagoeneko, ez dago gailuaren beharrik.

Egunean zehar, batez ere udan, familia osoarentzako plana da Farwakoa; gauez, aldiz, gizonezkoak besterik ez dira bertaratzen. Askotan bertako pattarra ekartzen dute, boja deiturikoa, eta gutxi batzuk armak ere eramaten dituzte. Hiru egunez, flamenkoek atsedena hartzen dute Farwan, hegoalderanzko bidaiari berriz eutsi ahal izateko. Egun horietan, erraz topa daitezke Facebooken selfie horiek, erretratatuek arrosa koloreko hegazti handi eta ederrak eskuetan dituztela. Huraxe “ehiza” trofeoa.

«Okerrena zera da, jende horrek ez dakiela animaliok akabatzea delitua denik ere», damu du Aymadek, plastikozko pontxo bat janzten duen bitartean. Euria berriro ere. Ondar zuria bista iristen deneraino zabaltzen da. Baita zaborra ere. Pentsa liteke gaueko bisitariek utzitako kuxidadea dela, baina lau kilometro aurrerago proportzio berean topatzea esanguratsua da oso: itsasoak ekarritakoa da zaborrik gehiena. Agmarrek azaldu duenez, 50 tona zabor jaso zituzten udan, baina, aldiz, gaur bertan lanean jarriz gero, askoz gehiago aterako zituzten.

Oinez hasi eta bi ordura, plastikozko kutxa baten argazkia da, hain zuzen, GPS gailuaren kokapenaren arrastoa ematen dien elementua. GPSak ere kokapen bera markatzen du, eta hondarra mugitzen hasi da taldea. Baina alferrik.

«Erakutsi argazkia berriz!»; «uste dut harantzago dagoela»; «GPSa ongi al dago?». Ez dago modurik. Ia ordu eta erdiz bilatu ostean, euripean, taldeak amore eman eta bueltatzea erabaki du. Badirudi atertu egingo duela: abisurik gabe, itsasoaren urdin iluna turkesa bilakatu da, eta hondarrak are zuriagoa ematen du orain. Paseatzen, eguzkiak beren arropa bustia lehortzen duen bitartean, taldekideengan ez da etsipen izpirik sumatzen gailua aurkitu ez izanagatik. Esku hutsik ez bueltatzearren, hiru gizonak zakarra jasotzen hasi dira.

«Astean hirutan egiten dut honako hau eta ez naiz inoiz nekatzen», dio Aymadek, gero eta handiagoa den bere zamari eutsi nahian. «Gauzak konponduko balira, Libia paradisu hutsa izango litzateke», bota du jarraian. Zentzu osoa duen «mantra» hori planta kimikoaren siluetaren kontra hausten da, milaka pusketatan. Edonondik ikusten da, eta bizkarra emanda ere gogotik nabarmentzen du bere presentzia.

Portura bidean, arrantzale batek bere txalupara gerturatzeko keinua egin digu. Sarea altxa berri du eta, antza, egun oparoa izan da. Geroxeago, ezustean, bi izurdek eskatu digute atentzioa. Saltoka aritu dira istriborretik, jostalari; gero branka azpitik desagertu eta beste aldean azaldu dira. Portura iritsi orduko, bideo hori Whatsapp bidez zabaldu dute jada boluntarioek. Ez da makala: ur pozoituotan biziraun ez ezik, animaliok keinu gozo bat egiteko ahalegina ere egin dute.

«Farwa altxorra dugu eta, pixkanaka, jendea horretaz jabetzen ari da», dio Jiashek. Irla babesteaz gain, helburu amankomuna izateak dakarren kohesioa ere azpimarratu du gizonak

Zuwarako abortu, malformazio eta minbizi kasuek zein ikerketek argi frogatu zuten: itsasoa, inguruko lurrak, datilak, olibak, behi-esnea... dena zegoen kutsatuta