Amagoia Mujika eta Maider Iantzi
BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Zenbat buru, hainbat aburu, eta, txapela, bakarra

Hitzordua gaurko dago jarrita, Bilbao Arenan. Miribillako plazak arima berezi bat du, besarkatua bezala sentitzen da bertsozalea. Eta, gainera, bertsolariak bere besoetan kulunkatzea lortzen badu, biribila Miribilla. Final ona espero da gaurkoa; irekia, parekidea, maila handikoa, ahots anitzekoa.

Zortzi bertsolarik josiko dute gaur saioa Miribillako plazan, norberak bere hariz. Etxahun Lekuek dauka 2016ko txapela, baina gaur zerotik hasten da partida eta aukerak zortzi zatitan banatzen dira. Etxahun Lekue, Miren Amuriza, Xabat Galletebeitia, Onintza Enbeita, Aitor Bizkarra, Nerea Ibarzabal, Jone Uria eta Eneko Abasolo Abarkas. Horixe zortzikotea.

Laugarren aldiz jarraian final parekidea izango du Bizkaiko Bertsolari Txapelketak. Hori, zalantzarik gabe, aspaldiko urteetan egiten ari den lanaren seinale da. Artean, baina, Bizkaian ez da emakume txapeldunik izan. Gaur gertatu daiteke, edo ez, final benetan irekia espero baita. Zortzikotean bertsolari askok dituzte txapelerako aukerak. Finalak, beraz, bikaina izateko osagai guztiak ditu.

Nerea ibarzabal

 

Nerea Ibarzabal Salegi

«Postuetan gora samar geratu nahi nuke»

Bigarren finala du. 2016 hartan gazteena zen, berria, freskoa, iristearen meritua zuena... Final hartan lortu zuen 2017ko Euskal Herriko Txapelketan parte hartzeko txartela. Bi urte baino ez dira pasatu , baina asko hazi da Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein, 1994).

Egia esan, kanpotik bi urte oso mugituak izan dituzula begitantzen da.

Bizkaiko Txapelketa eta, jarraian, Euskal Herrikoa suertatu zen; hiru udazken nahiko “mediatiko” edo. Uste dut horrek eragina izan duela. Baina, tira, oraindik ez naiz erabat erre, ikasi dut baietzak eta ezetzak neurtzen.

Kanpora proiektatzen duzuna aldatu egin da. Zu aldatu al zara?

Bertsotan, ziurtasunari dagokionez, aldatu egin naiz. Plaza dezente egin ditut azken bi urteotan eta hori igartzen da. Hala ere, azkenaldian sumatu dut asko espero dela nigandik. Nire bigarren finala da eta bat-batean espero da puntan egotea. “Nondik espero dute hainbeste?”, galdetzen diot nire buruari. Horrelakoetan, hankak lurrera ekarri eta konturatzen naiz finalista asko daudela final mordoa daramatenak, ni baino askoz eskarmentu handiagoa dutenak. Uste dut badagoela presio pixka bat nigan, baina beste batzuengan gehiago. Horretaz baliatu eta pixka bat lasaituko naiz.

Ondo daramazu presio hori?

Bai. Ez dut uste ezer pasatuko denik finala txarto joanda ere. Beste urte batzuetan bai sentitu izan dut edo oraintxe edo inoiz ez, demostratu beharra sentitu izan dut. Aurten ondo egin nahi dut, baina ez dut uste ezer pasatuko denik egun ona ez badut. Azken bi urteotan asko kantatu dut eta, onerako edo txarrerako, ikasi dut oholtzan egoten. Sinisten dut gai izango naizela nire burua defendatzeko; eguna egokitzen bada ondo eta, bestela, ez dut dramarik egingo. Badakit badaudela beste bide batzuk.

Besteen presioak aparte utzita, zuk zer helburu jarri diozu zure buruari?

Aurrekoetan ez diot garrantzirik eman postuari eta aurten, igoal, pixka bat bai. Postuetan gora samar geratu nahi nuke, ez dut arazorik hori aitortzeko. Gero egia da finaletan postuak ez duela garrantzirik, bigarrenetik atzera inor ez dela akordatzen. Baina, sentsazio bezala, gora samar geratu gura nuke.

Gora samar, puntan akaso.

[Barreak] Ahal badugu bai! Baina hain da zaila! Duela bi urteko sentsazioak ahaztu samar ditut, baina luzea da, kontzentratzen eta energia dosifikatzen jakin behar duzu, arreta ez galtzen... Baldintza asko bete behar dira eta kontziente naiz esperientzia handia duen jende asko dagoela oholtzan.

Zer kantatu nahi duzun, garbi samar, ezta?

Bai. Beste gauza bat da esan nahi dudan hori esateko gai izatea. Hori da denon frustrazio handiena gehienetan. Saiatuko naiz nire buruarekin ahalik eta leialena izaten. Batzuetan sekulako putzuetan sartu behar bada horretarako, ba sartuko naiz. Ahaleginduko naiz Nerea bat ikus dadin, ez dadin pasa ezkutuan edo lauso.

Genero gogoeta asko sumatzen da.

Bai, lanean ari gara. Demostratzeko plaza txarrena akaso txapelketa da, nahiz eta, era berean, mediatikoena izan. Baina bagabiltza, modu kolektiboan, hausnartzen eta diskurtsoak, kezkak, hizkuntza, bertsoak... sortzen. Ea finalean erakusteko aukera dugun.

Xabat Galletebeitia Abaroa

«Kontziente naiz ez naizela finalean presio gehien duena»

Hirugarrenez igoko da Miribillako oholtza handira (Lekeitio, 1986). Hirugarrena, baina aldi bakoitza desberdina dela jakitun. 2014an, sari izugarria zen finalean egotea bera; 2016an, lana ondo eginda, buruz burukoa jokatzera iritsi zen. Ezin gehiago eskatu. Eta, aurten, zer eskatu dezake? Bertsolaritza ez denez matematika, finalaren eguneko olatuak aldagai askoren eta anitzen mende daudenez, ahalik ondoen aritzea beste pausorik ezin agindu buruari, hasteko.

Hirugarren finala. Bakoitza era batekoa, ezta?

Bai, eta desberdintasunak oso ondo identifikatzen ditut. 2014. urtean niretzako sari bat zen finalera heltzea bera. Beste barik, finalean nire helburua zen uneren batean gozatzea lortzea. Ez nintzen sentitzen besteen pare; final hartan zortzigarrena nintzela sentitzen nuen eta horrela zen, gainera. Berria ni nintzen eta finala bera esperimentatzera igo nintzen, beste barik.

Duela bi urte, nire helburua –bai nire buruarentzat eta bai kanpora begira– bitan finalera heldu izana ez zela kasualitatea erakustea zen. Bigarren final horretan gainontzekoak beste banintzela erakutsi nahi nuen, batez ere nire buruari. Finala bera lehiatzera joan nintzen, helburu zehatzik gabe. Saioan oso gustura sentitu eta buruz burukora heltzea lortu nuen, nahiz eta saioa hasi aurretik ez nuen nire burua hor kokatzen inondik inora ere.

Eta, hirugarrenean…

Progresio logiko bat jarraituz gero, badirudi txapelari begiratu beharko niokeela, ezta? [Barreak] Helburuak ez ditut sekula jarri postu zehatzen arabera eta orain ere ez dut egingo. Bai sentitzen dut gainontzekoen beste banaizela eta txapelerako hautagaiak denok garela. Hortaz, goazen jokatzera eta ea zer gertatzen den.

Nola sentitu zara orain arte?

Aurreko txapelketetan baino lasaiago iritsi naiz finalera, ez naizelako zain egon azken unera arte bertan nintzen edo ez jakiteko. Egia da presio handiagoa ere badudala, batez ere nik nire buruari jartzen diodana, oso exijentea naizelako. Eta nire inguru hurbilean ere presio gehixeago sentitzen dut. Kontziente naiz, hala ere, ez naizela finalean presio gehien duena. Beste batzuen gainean presio gehiago dago eta horrek lasaitasun puntu bat ematen dit. Hala ere, ni gogoagaz eta anbizioagaz noa.

Miribillako plaza ezaguna duzu. Nolakoa da?

Plaza ederra da. Beroa, esker onekoa eta bertsotan ondo egitea exijitzen dizuna. Baina, kontrara, horrek guztiak ekartzen du zure buruari asko exijitzeko plaza bat ere badela. Bakoitzak daukan onena ematen saiatzeko plaza bat da.

Zortzikoteari begira, berriz final parekidea. Emakume bertsolariak egiten ari diren hausnarketak dardara sortu du oholtzan. Nola bizi duzu dardara hori?

Poztasun eta miresmen puntu bategaz ikusten dut dardara hori. Ez da gauza berria, urteetako lana dago horren atzetik. Ideiak oso garbi dituen mugimendu oso bat dago, jende mordoa, bertsolaritzan genero ikuspuntutik sekulako lana egiten ari dena. Sortzen duten dardara horrek miresmena eta harrotasuna piztu behar digu, era batean horren parte izateko aukera dugulako. Haiek tira egiten dute, eta, guk erabakitzen badugu atzetik segitzea, mugimendu horrek eramango gaituen lekua hobea izango da denontzako.

Azken urteotan Bizkaian pribilegiatuak gara, finala behintzat parekidea delako azken urteotan. Hori, noski, icebergaren tontorra da eta azpian arazoak bestelakoak dira. Baina finala parekidea izatearen zortea badaukagu, behintzat.

Zuek, gizonezko bertsolariak, ez zaudete dardara horretatik aparte.

Ez gaude aparte eta, nire ustez, ezin dugu aparte egon. Mugimendu hori lideratzea urteetan lanean dabiltzan eta eztabaida horiek plazaratu dituzten emakumeei dagokie. Baina horiek denontzako dira, baita gizonezkoentzat ere. Are gehiago, gauza askotan arduraren parte handi bat daukagu. Orduan, derrigor eragin behar digu eta derrigor izan behar dugu parte. Nik uste dut, gainera, mugimendu horrek proposatzen duen norabidea inklusiboa dela, bakoitzak ikusi behar du, dagokion partetik, zein izango den bere ekarpena; zer egiteko prest dagoen, zer uzteko prest dagoen... Garrantzitsuena da ez edukitzea ez konplexurik ez beldurrik, mugimendu horretatik datorren dena onerako izango delako, bai oraindik zapalduta daudenentzat eta baita beste guztiontzat ere.

Jone Uria Albizuri

«Txapela janzteko gaitasuna ikusten diot nire buruari»

Bizkaiko bosgarren finala segidan. Tartean, Euskal Herriko Txapelketan hirutan parte hartu du Jone Uriak (Getxo, 1990). Aitortzen du lehenago ere begiratu izan diola txapelari eta gaur ere begiratuko diola, bere burua gai ikusten baitu txapela janzteko. Horretarako, baina, baldintzak gertatu behar; batzuk bere esku daudenak, eta, beste batzuk, ez horrenbeste.

Bosgarren finala segidan. Nola ikusten duzu?

Lehen bietan askatasun pixka bat ematen diozu zure buruari, gozatzera joaten zara. Hortik aurrera asmoak bestelakoak dira; finalean egon, kontziente egon, lanera joan, final oso bat egin, ariketa pare batean asmatzearekin ez konformatu... Horrek beste tentsio bat eta karga bat ekartzen du. Hirugarrenean eta laugarrenean bezala, oraingoan ere final oso bat egiteko ilusioarekin joango naiz, ahalik eta gehien asmatzera, eta ez bakarrik noizean behin.

Finalisten zortzikotean, gero eta final gehiago, gero eta pisu handiagoa, ezta?

Norberak bere buruari jartzen dion pisuaren baitan ere badago hori. Baina egia da ingurukoentzat hor egon den eta denbora daraman aurpegi bat zarela. Baina, zorionez, guk baino denbora gehiago daramatenak ere badaude. Sartu ginenean gazteenak ginen bezala, oraindik tartean egoten segitzen dugu eta ez gara karga pisutsu hori daramagunak.

Txapelari begiratuko diozu?

Tira, lehenago ere begiratu izan diot nik txapelari. Gauza bat da begiratzea eta pentsatzea edozein egunetan gai izango zarela txapel hori janzteko. Eta nik hori pentsatzen dut. Eta beste gauza bat da egun horretan egin egin behar dela, astro batzuk gurutzatu behar direla... Bai, txapela janzteko gaitasuna ikusten diot nire buruari, baina lehen ere ikusi izan diot. Gero ikusi egin behar egunean bertan zer egokitzen den, besteek noraino asmatzen duten eta zuk ere noraino. Txapelari begiratuko diot, lehen ere begiratu izan diot, eta hori aitortzeko beldurrik ez daukat.

Zein dira, zure ustez, zure indarguneak eta ahulguneak?

Azterketetara zoazeneko sentsazioa daukat. Ja bezperan ikasteak ez du ezertarako balio eta orain arte egindako lanak balio du. Ez nuke asmatuko esaten ariketa batzuetan besteetan baino hobeto edo okerrago aritzen naizenik. Txapelketa asko pasatu ditut eta batzuetan ariketa batean eta beste batzuetan beste batean asmatu dut.

Banaiz tentsioari eusten dakien pertsona bat, baina gustatuko litzaidake tentsio horri eustea final osoan, ez erlaxatzea. Mantentzen dut, baina oraindik gehiago mantendu nahiko nuke.

Indarguneei dagokionez, nire buruarengan segurtasuna dudala esango nuke. Badakit egoerak gaindituko ditudala, gehiago edo gutxiago asmatu arren. Baina gutxieneko bat egiteko gaitasuna badudala sinisten dut. Hortik aparte, originaltasuna noizean behin, niri bakarrik etortzen zaizkidan ideiak, gauza batzuk esateko modua...

Noizbait esan dizute bertsoa saltzeko modua landu behar duzula?

Bai, askotan esan didaten gauza bat da. Gainera, kostatu egin izan zait “bertsoa saldu” horrekin zer esan nahi zidaten jakiten. Nork esaten zidan arabera, pentsatu izan dut altuago edo harroago kantatzeko esan nahi zidala, kantaera gozoagoarekin kantatzeko... Azken batean, iruditu izan zait bakoitzak gauza desberdinak esan nahi zizkidala.

Garai batean buelta batzuk eman nizkion gai horri, baina gero pentsatu nuen nik bertsoa ondoen transmitituko nuela naizen modukoa izanda. Nik horrela kantatzen segituko dut. Bertsoak onak baldin badira, ez dute bilgarririk behar inguruan.

Bakoitza garen modukoak gara eta nire izaera horrelakoa da. Gero, tentsioa ere hor dago eta kontzentrazioak eskatzen du bakoitza gure baitara bilduta egotea. Horrek ere izango du bere partea.

Final parekidea, laugarrenez. Baina artean Bizkaian ez dago txapela jantzi duen emakumerik.

Horrela da. Tira, berdin da duela bi urte gertatu izan balitz edo hemendik bi urtera gertatzen bada. Garrantzitsuena da horretarako aukera egotea eta aukera badago aspalditik. Gertatuko da. Larunbat honetan gertatzen bada, ondo, eta hemendik bi urtera gertatzen bada, ondo. Ez dugu presarik izan behar, gertatuko da gertatzen denean eta kito. Garrantzia eman behar zaio txapela janzten duen horri, meritu osoz irabaziko duelako.

Zortzikote ederra.

Pozik nago zortzikotearekin, baina beste bat suertatuz gero ere gustura nengoke. Ofiziotarako zortzikote ona dela iruditzen zait.

Aitor Bizkarra Ruiz

«Ausart eta jolaserako jarrerarekin joan nahi dut finalera»

Aitor Bizkarra Ruizentzat (Abadiño, 1996) gaurkoa da bere lehen finala. Kontentu dago, helburua ondo beteta, eta gustatuko litzaioke jolaserako daukan gogoa erakusteko modua izatea. Estilo oso propioa du, poesiatik gertukoa, eta aitortu digu garai batean poesia irakurle amorratua izan zela, «ez nuen besterik irakurtzen». Akaso hortik datorkio hitzak elkarri josteko erabiltzen duen hari berezia.

Hirugarren txapelketa eta lehen finala.

Bai, hori da. Honaino iritsita, helburua beteta daukat eta jolasera joan nahiko nuke finalera. Ez kikiltzen saiatuko naiz, eta, horrekin, nahikoa.

Plaza ederra Miribillakoa.

Bai, errespetu pixka bat ematen du, baina, era berean, gogoa ere badut hainbeste jenderen aurrean kantatzea zer den jakiteko.

Nola prestatu duzu?

Egia esan, aste bitan hobetzeko tarte handirik ez dagoenez, ez nabil lanketa berezirik egiten. Orain arte egin dugun lana mantentzen saiatzen ari naiz, forma mantentzeko. Bertsotan egin, baina beste barik.

Zer nahiko zenuke izan poltsikoan finalean? Lasaitasuna?

Eskatzen hasita, etorria.

Egia da patxada sumatzen zaizula oholtzan.

Bai, egia esan, ez nabil estu. Norbera bertsotan erdi erraz dabilenean, lasai samar aritu daiteke. Hala ere, beti behar da tentsio puntu bat.

Estilo berezia duzu.

Ez dakit, askok esan didate, baina ez didate esan zergatik iruditzen zaien berezia.

Hitzak josteko modua, «nola esan» horri ematen diozun presentzia...

Egunen arabera ere alda daiteke hori. Ez da lanketa kontziente baten emaitza, gehiago da akaso nire izateko era. Niretzat “nola esan” garrantzitsua da. Egia da garai batean poesia besterik ez nuela irakurtzen. Gaur egun ez dut hainbeste irakurtzen. Baina egia da gozatu egiten dudala hitzak josten, niretzat zer esan garrantzitsua da, baina baita nola esan ere. Niri horrela ateratzen zait, ez dakit jakingo nukeen beste era batera egiten. Ez dakit hori meritua den edo ahulgunea...

Zer toki dauka bertsolaritzak zure bizitzan?

Txiikitatik nabil bertso eskolan, baina egia da azken bi urteotan garrantzia handiagoa hartzen ari dela. Lehen bigarren mailako gauza bat zen, eta, orain, apurka-apurka, beste leku bat hartzen ari da bertsoa nire bizitzan. Baina ez da asko hausnartu dudan gauza bat, natural ateratzen ari da.

Akaso taldean ari zarelako.

Bai, egia da talde polit bat egin dugula eta maiz elkartzen ari garela. Bertso eskolako kide izatez gain, lagun taldea ere bagara, eta, ondorioz, gura zein ez, elkartzen garenean beti bertsoaren inguruan gabiltza.

Non aritzen zarete?

Batetik, Durangoko bertso eskolan, Iturriaga eta Abarkasegaz. Baina, hortik aparte, bertako bertso eskolakoek lagun talde bat daukagu eta Abadiñoko gaztetxean elkartzen gara.

Ingurukoak pozik egongo dira zu finalean ikusita.

Bai. Niri, berriz, kostatu egin zait pozik jartzea, hasieran blokeatuta geratu bainintzen. Kostatu egin zait finalean nengoela sinistea. Finalaurrekoetan nire burua kanpoan ikusten nuen eta horregatik kostatu zait.

Finalera begira, erregular aritzea helburu?

Nire asmoa ez da saio erregularra egitea, ausart joan nahi dut: galtzeko ez daukat ezer eta irabazteko dena. Jolaserako jarrerarekin joan nahiko nuke.

Miren Amuriza Plaza

«Txapelketa esaten diogun hori berez ez da existitzen. Egunean bertan hantxe egotea da gakoa»

Berrizen 1990ean jaiotako bertsolariak bertan jokatutako lehenbiziko finalaurrekoan lortu zuen Miribillan kantatzeko txartela. Bere herrian abestuko zuela jakin zuenean pila bat poztu zen, ez zitzaiolako inoiz tokatua etxean kantatzea. «Segur aski bestela etorriko ez zen jende asko etorri zen eta alde horretatik pozik. Ez dut uste nire saiorik-eta onena izan zenik, baina bakarkakoarekin nahiko aho zapore onaz amaitu nuen eta gehiagorako gogoz».

Saioan gozatzen ikusi zintugun kanpotik, baina nola joan zen dena zure buru eta sabel barruan?

Nahiko tenple onean egon nintzen, nahiz eta kontziente izan aurretik ez nintzela ari bertsoaldiak borobiltzen, eseri eta hurrengoan bat gehiago egiteko saiakera horrekin. Lortu nuen jesarri eta aurreko ariketan barik hurrengoan pentsatzen egotea eta gorantz joatea.

Gogotsu zaude barruan duzun guztia final batean erakusteko, txapelketa nagusian atarian gelditu zinela kontuan hartuta, Iruñean sudurretik odoletan abestu eta gero?

[Barreak] Performancearekin! Gogoa daukat han egoteko eta egun hori bizi izateko. Orain dela bi urte aita ere bazen txapela jartzen eta nahi eta nahi ez pisu gehiago edo irabazi behar handiagoa sentitzen nuen. Aurten alde horretatik libreago behintzat bai, gogoarekin ere bai. Ondo ateratzen bazait ondo, baina txarto aterako balitzait ere ez litzateke ez lehenengo ez bigarren aldia izango. Badakit pare bat eguneko ajearekin pasatzen dela, orduan trankil.

Nerbioek edo presioak faktura pasatzen dizute?

Auskalo. Jakingo bagenu zein den gakoa edo akatsa hartuko genioke aurrea. Aurreko finalean ere poto bat egin nuen bete-betean eta konturatu ere ez nintzen egin. Gakoa ahalik eta zentratuen eta hankak lurrean edukitzea izango dela uste dut.

Iruñean odoletan abestu zenuen saio horretan txapelketari bere tokia ematen ikasi zenuen, ezta?

Batez ere Euskal Herrikoan eta saio hura zen bezala, finalaren atarian, badirudi zure bizitzako den-dena momentu hori bizitzera bideratuta egon dela, hori lortzera. Dena buruan zentratzen dugu eta bat-batean zerk eta zeure gorputzak esaten du “ez zara ari ni ondo zaintzen”. Horrek lagundu zidan kokatzen. Egia da lehiara doanak beti nahi duela zerbait, bestela ni neu behintzat ez nintzateke aurkeztuko txapelketara, pasatzen dugun tentsioak ez lidake konpentsatuko ez banu ikusiko zerbait egin ahal dugula. Oreka mantentzea zaila da, baina urteekin ikasten da behintzat belarrondokoak amortiguatzen [irri egiten du].

Zuretzat zerk konpentsatzen du ahalegin hori guztia? Zer da egin nahi izaten duzuna?

Beste txapelketa batzuetan egin izan ditut bertso eskola edo entrenamendu ordu gehiago “txapelketa” prestatzen, eta justu txapelketa hau baino lehen lagun batzuk elkartu ginen eta ondorio batera iritsi ginen: “txapelketa” esaten diogun hori Olentzero bezala da, gurasoak dira. Berez, ez da existitzen.

Zuk saio bat prestatu behar duzu, arratsalde konkretu batean, bertsokide konkretu batzuekin. Halako dimentsio bat ematen diogu txapelketari eta, ez bazaizu ateratzen nahi duzun bezala, eta normalean hori oso zaila da, bat-batean ari garelako, txasko bat hartzen duzu. Nire saiakera aurten hori izan da: Berrizeko egunean saio hori prestatu nuen, kide horiekin, eta orain berdin. Egunean bertan hantxe egotea da gakoa. Maila aldetik zaku bertsuan egon gaitezke lauzpabost bertsolari eta kontua da nork eusten dion hobeto tenpleari, gorputzaldiari, buruari. Esango nuke hain tarte estuaren barruan horrek markatzen duela diferentzia.

Kolektiboan lan handia egiten duzue. Bizkaian, adibidez, Zilekoak proiektuan biltzen zarete.

Bi ikasturtetan egin dugu. Aurten izango da hirugarrena. Bizkaiko Bertsozale Elkartearen ekimenez etorri zitzaigun proposamena Oihana Bartrari eta bioi. Ikusi genuen gabezia bat zegoela, eskolarteko txapelketetan neska kopurua dezentea zela eta gero Bizkaikoan izena eman behar zutenean nabarmen jaisten zela; eta kasu askotan gertatzen zela behin kantatu eta hurrengoan bueltatu nahi ez izatea. Bizkaian eta Euskal Herri osoan gertatzen da. Orduan, ekimen hau zuzendua dago 15 urtetik 22 urteko tarte horretara, bertso eskoletan bakartuago aurkitzen diren neskentzat. Bi hilean behin elkartzen gara eta hitzaldi edo tailerrak edukitzen ditugu. Helburua da batez ere beraiek piña egitea.

Eneko Abasolo Txabarri «Abarkas»

«Txute handi bat izan da: indarra, gogoa. Maitatua sentitu naiz berriro, bigarren gaztaro batean bezala»

Iurretan 1976an jaiotako bertsolariak bigarren Bizkaiko finala jokatuko du gaur. Udaberriko fasean hasi zen kantuan eta behetik gora dator, finalean bertsoaldi onak oparitzeko gogoz. Igorren hirugarren eginda, finalerako aukerekin gelditu zen, Lekeitioko puntuen zain. «Ez nintzen bertara joan, baina etxean ere ez nintzen oso lasai egon. Ez dira momentu gozoak. Baina gero, emaitzak heldu zirenean, oso pozik jarri nintzen».

Zorion aunitz jaso dituzu?

Bai. Lekeitioko saioa bukatu zenean mezu pila bat jaso nituen eta Durangoko Azokan ere jende askok zoriondu ninduen.

Nolakoa izan da txapelketa honetako zure ibilbidea?

Udaberriko fasean hasi nintzen, urrian kanporaketetan parte hartu nuen, eta gero finalerdietan. Behetik gora noala uste dut. Final laurdenetan oraindik gorputza egonkortu gabe, hotz, urduri, baina finalerdietan oso gustura kantatu dut, oso lasai, eta hor dago emaitza: finalera heldu naiz.

Pausoz pauso joan zara.

Hurrengo saioan pentsatzen, beste helmuga handiagorik jarri barik. Lehenengo saioan, Santurtzin, oso urduri egon nintzen. Presioa sentitzen nuen. Ni nintzen finalista izandako bakarra, beteranoa ere bai... Baina pasatu genuen, eta Igorren oso lasai, gustura eta ondo kantatu nuen.

Kartzelako zure lana pila bat gustatu zitzaion publikoari, baita epaimahaiari ere. Puntuatuena izan zen.

Kontua da gaia entzun nuenean [Gaur arte gogor defendatu izan duzu; orain zalantza sortu zaizu] ez niola biderik aurkitzen, baina eguerdian lagunekin egon nintzen Iurretan eta Athleticen partida jokatzen zebiltzan. Nik ez dut futbolik ikusten, baina Urrutia eta Benitorenaz akordatu nintzen eta hortik bide bat ikusi nuen. Eskerrak! Hor lasaitu nintzen, habaneran hasi eta disfrutatu.

Jendea bero-bero...

Bai, hasi nintzenean barreak sumatu nituen eta nirekiko esan nuen: «Uf, baten batek kantatu du gai honekin». Gero esan zidaten aurreko hirurek nahiko seriotik jo zutela, eta, nik, berriz, umoretik. Athletica batzuentzat oso serioa izango da, baina... Jendea gustura egon zen. Izenak aipatu nituen: Urrutia, San Mames... Horiek nire ahotik entzuteak barregura pixka bat eman izango zien.

Orokorrean, nola ikusten duzu aurtengo txapelketa?

Oso maila altua dago. Egia da Igorren Beñat [Ugartetxea] eta Oihanarengandik [Bartra] agian gehiago espero genuela, baina hala eta guztiz ere oso saio ona izan zen. Nerea [Ibarzabal] eta Onintza [Enbeita] oso ondo, eta Malen [Amenabar] zer esanik ez: txapelketa itzela egin du. Gazteak gogor datoz. Aitor Bizkarra dago finalean eta Txaber Altube azkenean ez da sartu baina oso lan polita egin du.

Zuk bigarren finala duzu.

Lehenengoz 2010ean sartu nintzen eta, aurten, berriro. Beste urteetan bederatzigarren edo hamargarren ibili naiz.

Zein xederekin joanen zara?

Final on bat egitera noa, bertsotan egitera, eta postu on bat lortzera. 2010ean, ostean konturatu nintzen akatsa egin nuela, uste izan bainuen finalera iritsi eta dena eginda zegoela. Eta ez: oraindik gauzak egiteko dagoz. Bertsoaldi on batzuk uzteko gogoa daukat. Txapela lortzea oso zaila edo kasik ezinezkoa da, baina nork esango du ez dugunik sorpresarik emango?

Azken txapelketa izango dela, «agian bai, agian ez», kantatu zenuen. Finalean argituko duzu?

Hogei urte dira jada txapelketan. Eta aurten asko kostatu zait tenplea hartzea, batez ere hasieran: entrenatzen geratu, helburuak finkatu... Jendeak animatuta aurkeztu naiz. Eta finalera heldu naiz! Horrek indarra ematen dit jarraitzeko. Txute handi bat izan da: indarra, gogoa. Maitatua sentitu naiz berriro. Bigarren gaztaroa! [Irri egiten du]. Baina hurrengo txapelketan zer egingo dudan ez daukat argi.

Zer toki betetzen du bertsoak zure bizitzan?

Gaztetan hasi nintzen eta orain Durangaldeko bertso eskolan irakasle nabil. Saioak ere egiten ditut. Gustatzen zait bertsotan egitea, jendearekin egotea. Zati garrantzitsua da nire bizitzan.

Finalera itzuliz, zer erranen zenuke zortzikoteaz?

Final orekatu bat ikusten dut, eta, inori meriturik kendu barik, gustatuko litzaidake Mirenek [Amuriza] edo Nereak [Ibarzabal] irabaztea. Denak lagun handiak gara eta ea denon artean saio on bat egiten dugun.

Etxahun Lekue Etxebarria

«Lekeitioko saiotik gusturago atera nintzen duela urte biko finaletik baino»

2016ko txapeldunak (Larrabetzu, 1979) beti arduratxoa sentitzen du finalaurrekoen aitzinetik, baina aurten entrenamenduetan oso gustura ibili da eta Lekeitioko saioaren ostetik sentsazio hori berretsi du. «Oso saio ona egin nuela uste dut. Finalean ere horrelako saio bat egitea sinatuko nuke», adierazi digu. Lasai dago, «ezelango pisu estrarik gabe».

Baina txapela defendatzeko gogoa bai, ezta?

Gogoa saio on bat egiteko. Egia badiotsut Lekeitioko saiotik gusturago atera nintzen duela urte biko finaletik baino. Txapelaren subidoi hori guztia bai, baina saioagaz beragaz ez nintzen oso-oso gustura geratu eta, ostera, lehengoan, oso gustura geratu nintzen. Orduan, gurago izango nuke sentsazio oso onagaz amaitu sentsazio eskastsuagaz eta txapelagaz amaitu baino. Eta biak lortzen badira, are hobeto!

Egia da primeran ibili zinela Lekeition. Gozatu genuen entzuten, bai zu bai kideak. Nola ikusi zenuen saioa barrutik?

Niri pena eman zidan batzuk beren mailatik beheratsuago ikusi nituelako. Ibonegaz [Ajuriagojeaskoa] astero batu izan naiz entrenatzen eta oso-oso ondo ikusi izan dut. Han txukun hasi zen, baina gero ez dut uste bere mailara arrimatu ere egin zenik; horrek pena apur bat eman zidan. Ander [Elosegi] ofiziotan oso ondo ikusi nuen, gero behera egin zuen... Txaber [Altube] banuen esperantza finaletik gertuago ibiliko zela. Gauza politak egin zituen eta ez daukat zalantzarik hurrengo finaletan sarri agertuko dela. Joneri [Uria] buruz ez dago zer esanik. Faborito nagusietako bat da niretzat. Azkenengo txapelketa guztietan ez du hor goia jo, baina ez daukat zalantzarik laster egingo duena, akaso aurten.

Bai, txapelean ere belaunaldi aldaketa gerta daiteke.

Hori modu naturalean ikusi behar da. Etorriko da. Aurten gertatzea ez zen batere arraroa izango. Joneren bosgarren finala da, Mirenen [Amuriza] laugarrena; ez dira hasiberriak. Pauso bat aurrera emateko sasoia etorri zaie eta gu ahaleginduko gara hor egoten, baina hori natural hartu beharko da.

Onintza Enbeitak tronua uzten duenaren sentsazioa aipatu digu. Zuk ere baduzu?

Bai, neurri batean bai. Ez dakit azkeneko txapelketa izango den, akaso bai akaso ez. Baina azkena ez bada ere azkenetarikoa izango da, eta, alde horretatik, nahiko trankil nago, ikusten dudalako atzetik badatorrela final oso on bat eskainiko duen zortzikote, hamarkote edo hortik gorako bertsolari on kopuru handi bat.

Bertsoa gozatzearekin lotzen duzu. Lortzen ari zara plazaz plaza eta txapelketako jardunean?

Azkenaldian oso gustura nabil plazan. Ez dut lar gogoetatzen nire bertsokeraren inguruan. Nik bertsotan egiten dut. Uste dut nire izaerarekin bat datorrela bertsotan egiteko modu hori. Alde horretatik Lekeition gustura egon nintzen oso eroso sentitu nintzelako eta gero errealitateari lotutako aipamen dezente etorri zitzaizkidalako: Cabacasena, 1.080 euroena, Uber... Nik egunero bizi ditudan elkarrizketak dira, gero bertsotara eramanda. Ez da lar gogoetatzen dudan kontu bat zelan egin gura dudan bertsotan, baina uste dut naturalki ateratzen zaidala egunero naizenaren antzeko zer edo zer. Ez naiz izango inoiz bertsolari apurtzaile bat, pertsonan ere ez naizelako halakoa. Baina neure horretan oso gustura sentitzen naiz plazan; eta txapelketan ere bai azkenaldian.

Halere, hasieran bai pasatzen zenuen gaizki; oso urduri egoten zinen.

Bai-bai. Anekdota batzuk baditut, nerbioek ondo traizionatu nautelako. Baina gainditu dudan kontu bat da urduritasuna. Badakit 15ean, eguerdian, ez naizela eroso egongo, tentsio eta urduritasun puntu nabarmen bat edukiko dudala, baina gero agertokian eroso sentitzen naiz eta badakit horri zelan aurre egin. Nerbioek ez didate gain hartzen gaur egun, zorionez.

Buruz burukoa maite duzu eta hirutan kantatzeko aukera izan duzu.

Bai, eta kantatu ez dudanean ere ikaragarri disfrutatu dudan momentu bat da. Atzetik ere beste lagun bi hor ikustea, zeozer dago... Ez zait suertatu buruz burukorik entzuterik eskasa atera denik. Ez dakit zein den faktorea baina beti gora egiten du saioak. Orduan, gustatuko litzaidake hor egotea, baina ez banago ere ez da izango katastrofe bat inondik inora. Seguru nago disfrutatuko nukeela beste biei entzuten.