Maddi Txintxurreta Agirregabiria
ALKOHOLISMOA IKERTZEN

Alkoholismoaren gaitzari aurre egiteko bide berriak ikerketaren eskutik

Euskal sinadura duen alkoholaren gehiegizko kontsumoaren tratamenduen gaineko ikerketa bat finantzatuko du alkoholismoari buruzko Europako ikerketa fundazio nagusiak. Alkoholismoaren prebentzioan eta tratamendu eraginkorren bilaketan murgilduko da Koldo Calladok zuzendutako ikertaldea, proteina bat giltzarri: hevina.

Alkoholaren kontsumo kaltegarriak 3,3 milioi hildako eragiten ditu urtean, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Hala, alkohola da gaur egun pertsona gehien hiltzen dituen menpekotasunezko droga, eta munduko heriotza guztien %5,9 eragiten ditu.

Ez da arazo hutsala, beraz. Alkoholaren kontsumo kaltegarria munduko osasun arazo nagusietako bat da, baita ekonomiaren ikuspuntutik ere: urtero, alkoholaren kontsumoak eragindako ondorioek ia 6.000 milioi euroko kostua dute Espainiako Estatuarentzat, Burmuinaren Espainiako Kontseiluaren azken txostenak argitu duenez.

ERAB fundazioa (The European Foundation for Alcohol Research) alkoholaren gehiegizko kontsumoaren ikerketan Europan sona handia duen erakundea da, eta bi urtez finantzatuko dituen zortzi ikerketa proiektuak hautatu ditu berriki. Tartean, “Susceptibility to alcohol dependence, a role for the matricellular protein hevin” EHUren proiektua, zeina Koldo Callado unibertsitate horretako Neuropsikofarmakologia taldeko ikertzaileak zuzenduko baituen. Bertan parte hartzen du, berebat, Amaia M. Erdozain EHUko Farmazian doktoreak.

ERAB fundazioak 70.000 eurorekin finantzatuko du proiektua bi urtez, eta tarte horretan bederen, Callado eta bere lantaldeak ikerketarako medioak ziurtatuta izango dituzte. Finean, bi urtez lana ziurtatuta izango dute, eta hori ez da ohikoena izaten gaur egun zientziaren munduan. «Zientzia momentu txarra bizitzen ari da. Laguntza publikoetatik bizi da, eta dirurik ez badago, ezin duzu lan egin», dio Calladok.

Aspaldi ekin zioten Calladok eta Erdozainek gaia lantzeari, Vincent Vialou Parisko Pierre et Marie Curie Unibertsitateko doktorearekin batera. Vialou «hevina proteinan aditua» dela dio Calladok, ikerketaren giltzarria izango dena, hain zuzen ere.

Baina, zer da hevina proteina? Calladok azaldu duenez, proteina «berria» da, orain gutxi jakin baita zein den betetzen duen funtzioa. «Neuronen arteko komunikazioan parte hartzen du», azaldu du. Bi neuronaren edo gehiagoren arteko komunikazioa sinapsiaren bidez ematen da, eta hevinak hartu-eman hori eraldatzeko gaitasuna dauka. «Guk pentsatzen dugu alkoholismoan proteina hori eraldatuta egon daitekeela, eta aldaketa horien ondorioz alkoholak kalte zehatz batzuk eragin ditzakeela», nabarmendu du ikertzaileak. Hipotesi hori zuzena edo okerra den frogatzeko lanean ari dira uneotan: «Jakin nahi dugu alkoholismoa jasan aurretik hevina eraldatuta dagoen eta horrek alkoholarekiko kalteberatasuna eragiten ote duen, edo alkoholismoaren eraginez eraldatzen den proteina».

Alkohola nerabezaroan

Alkohola edo etanola toxikoa da, eta bere kontsumoa gehiegizkoa denean, garuna bortizki erasaten du. Kalteak eragiten ditu neuronen arteko funtzionamenduan, «neurona horien egiturazko proteina batzuk deuseztatzen baititu».

Kalteak are larriagoak dira nerabeengan, beraien burmuina garapen prozesuan dagoelako oraindik ere. Calladok azaldu duenez, «alkoholaren toxikotasunak garapen hori oztopatu egiten du». Horrela, epe luzera, arrisku gehiago izango dituzte buruko gaitzak pairatzeko.

Gainera, gehiegizko kontsumoak bizitza osorako kalteak eragiten ditu. «Gehiegizko kontsumoaren ondorioz galdutako funtzioak %10-15ean berreskuratu daitezke epe luzera, baina ez da sekula itzultzen alkohola edan aurreko funtzioetara», esplikatu du Calladok.

Prebentzioa eta tratamendua

EHUren ikerketak bi ardatz izango ditu: pertsona kalteberen artean alkoholismoaren prebentziorako bideak zabaltzea batetik, eta alkoholaren kontsumo kronikoa gainditzeko tratamendu farmakologikoak eta estrategia terapeutiko berriak lantzea bestetik.

Calladok nabarmendu du alkoholismoan erortzera bultzatzen duten baldintzak sozialak eta medikoak direla. Bigarrena fokuratuko dute beraiek, eta alkohol kontsumo «normalizatu» batetik alkoholismora igarotzea eragiten duten mekanismoak identifikatzea izango da ikertzaileen erronka: «Mekanismo horiek identifikatzen ditugunean, errazagoa izango da jakitea zein populaziorengan egin dezakegun prebentzio selektiboa».

Bestalde, alkoholismoaren tratamendurako bide berriak ere landuko dituzte, orain artekoak «arrakasta oso txikia» baitute. Horren erakusle, tratamenduotara jotzen dutenen «%60 inguru alkohola kontsumitzera itzultzen dira urte gutxiren buruan», Calladoren esanetan. Gainera, egun alkoholismoaren inguruan egiten diren diagnosiak, «buruko gaitz guztiekin» gertatzen den bezala, ez dira objektiboak. Koldo Calladok alkoholismoa detektatzeko «zalantzarik gabeko frogak» ikertuko ditu, «biomarkatzaile objektiboak» bilatzeko helburuarekin.

Garun zurruna: egokitzeko gaitasun eza

«Garunak plastikoa balitz bezala funtzionatzen du: egoera berrietara egokitzeko gaitasuna dauka, estres egoera batera, adibidez», azaldu du EHUko ikertzaile Koldo Calladok. Egokitzeko gaitasun horri neuroplastizitatea esaten zaio, eta alkoholak, hein batean behintzat, malgutasun hori galtzea eragiten du, hau da, sinapsiaren plastikotasuna eta morfologia aldatzen ditu.

Drogek garunaren funtzionamendu normala eraldatzen dute, eta neuronen barne-egitura osatzen duten proteinetan kalteak eragin. «Garunaren eremu frontalak funtzio exekutibo garrantzitsua betetzen du», adierazi du ikertzaileak, eta alkoholak funtzio horrengan eragin kaltegarria dauka. Bertan ontzen dira estrategien plangintza edo diseinua, arreta selektiboa edo portaeraren kontrola, esaterako. Calladok azaldu duenez, pertsona baten garunak neuroplastizitatea galtzen duenean pertsona horrek aukera gehiago ditu alkoholismoa, depresioa edo beste gaixotasunak pairatzeko.

Alkoholarena, beraz, sorgin-gurpila da, eta bertan ez erortzeko, kontsumo arduratsuaren inguruan galdetuta, Calladoren gomendioa argia da: «Egokiena zero kontsumoa da».