Pello Otxandiano

Jaka horiak, eskuin muturra eta Demokrazia Bai!

Aste berean gertatu dira protesta sozialaren leherketa Frantzian eta Andaluziako hauteskunde emaitzek sortutako lurrikara politikoa Espainian. Globalizazio kapitalistaren krisiak demokrazia liberala auzitan jarri du. Inguratzen gaituzten estatuak ikusi besterik ez dago. Behiala nazio-estatu indartsuak izan zirenak, potentzia ekonomiko mundialak eta modernitatearen ikurrak, egun krisi larrian aurkitzen diren sistema politikoak dira. Erregimen zaharrak gainbehera datozen garaiotan ezin aurreikusi berriak jaioko diren ala, sinpleki, kaosa izango den ezagutuko dugun ordena bakarra. Tentuz hartzeko garaiak datoz, «vienen tiempos oscuros» esan zuen Aitor Estebanek Espainiako Kongresuan.

Jaka horien mugimendua klase ertainen iraultza omen da. Ongizate Estatua desintegratzen ikusten duten sektore herritarren erreakzio sumindua eliteen kontra, gaurkoz programa politiko konkreturik ez duen erreakzio bat demokraziaren pribatizazioaren eta austeritate politiken kontrakoa. Garaiko astinaldi sozialen beste katebegi bat: M-15a, Trump, Brexita, Kataluniako prozesu independentista, Bolsonaro, Jaka horiak, eskuin muturra... Arras fenomeno ezberdinak izanik ere, ba al dute oinarri komunik? Ez al dira guztiak Krisi –horrela, hitz larritan– beraren adierazpide ezberdinak? Beste neurri batean bada ere, pentsionisten mugimenduak ere ez al du hortik zerbait? Manuel Castellseen hitzetan, «a la crisis económica y social se une la crisis cultural: crisis identitaria como resultado de la globalización. Cuanto menos control tienen las personas sobre el mercado y sobre su Estado –burujabetza galera– más se repliegan en una identidad propia que no puede ser disuelta por vértigo de los flujos globales».

Burujabetzaren galera horri –eta bere ondorioei– emango zaion erantzuna progresista ala erreakzionarioa izango den, horixe epe laburrean jokoan dagoena; edo, nahi bada, nork emango dion programa politiko bat burujabetzaren auziari. Frantziak epe laburrean zein garabide izango duen inork ez daki; Espainiaren kasuan, badirudi, M-15a erantzun progresista izan bazen, orain erantzun erreakzionarioa datorrela.

Eta Euskal Herrian zer? Espainia eta Frantzia izan diren estatu ahalguztidunen dekadentziaren koiuntura historiko honek sortuko al ditu euskal gizartearen dekantazio independentista azkartu dezaketen baldintzak? Ez dirudi hipotesi ahula. Gerta daiteke estatuekiko subordinazioaren kostua inoizko altuena izatea datozen urteetan, eta kostu hori inoiz baino agerikoagoa izatea sektore askoren begietara. Badirudi tentsio sozial eta territorialei aurre egiteko birzentralizazioa eta autoritarismoa beste errezetarik ez dela egongo. Baliteke “independentzia da demokraziarako bide bakarra” leloa axioma bihurtzea.

Baina determinismoa bidaide txarra da arrisku handiko kaos egoera honetan. Ondo aztertu eta neurtu beharreko garaia da hau. Gizartean gertatzen ari diren hondoko korronteek gurean dituzten tolesdurak ondo interpretatuz gero independentismoa erantzun baikor bat emateko moduan egon daiteke datozen urteetan. Eta horretarako, fase politiko honen zerumuga ondo definitzeak garrantzia berezia hartzen du, kaosari ordena bat eta ziurgabetasunari ziurtasunak kontrajarri behar baitzaizkio. Neoliberalismoak Ongizate Estatua eraitsi eta demokrazia liberala auzitan jarri baldin badu, independentismoak Ongizate Estatuaren eta gobernantza sistema demokratiko baten aldeko diskurtsoa eta praxia uztartzen asmatu behar du. Hortxe estatus politikoen eztabaidaren irismen taktiko-estrategikoa, Demokrazia Bai! plataformaren agirian egoki jasoa. •