Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Plangintza, feminismoa, genero ikuspegia

2018ko Feministaldian Iratxe Retolazari entzun diot, azkenengo urteotan euskal argitalpengintzan aldaketa inportantea gertatu dela, testu feministek euskaraz argitaratzeko leku propioa aurkitu dutelako. Irabazitako espazioa berri ona izanik ere, Retolazak ahulgunetzat jotzen du apartatutako bilduma gisa ulertu, eta, beraz, lerro bereizitzat jotzea, pentsamendu feministaren funtsa zehar-lerroa izatea delako. Pareko kritika ekar zitekeen hirigintza esparrura. Eta arlo hain ezberdinetan pentsamendu feministak lortutako esparrua politika isolatua izatea kasualitatea ez dela ondorioztatzera garamatza.

Genero ikuspegia hirigintzan barneratzeko aldarria mugimendu feministen lanaren emaitza da. Eusko Jaurlaritzak 2014an jaso eta onartu zuen dekretu batean genero ikuspegia eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna plangintza lan guztiek betetzeko beharra. Eta hasierako onarpen fasean dagoen Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen Berrikuspenaren dokumentuak atal bat gehitu du genero ikuspegia aintzat hartzen duena. Euskararen osasunean hirigintzak duen eraginaren azterketarekin gertatu den bezala (ELE), plangintzako dokumentuetan kulturak eta generoak eranskin balioa hartu dute –irudikapen sinbolikoan emakumearenak diren esparruak hain zuzen ere–. Gaiok eduki nagusitik banatuta eta bukaeran gaineratzen diren bigarren mailako gaiak dira oraindik orain, dokumentuaren aurkibidean bertan jasota gelditzen den bezala. Egiari zor, legediak generoa eta espazioaren arteko harremana mahai gainean jartzeak plangintzaren neutraltasun eza onartzera garamatza –azkenik!–. Baina plangintzaren praktikan genero ikuspegiaren txertaketa beste checklist/betekizun administratibo bilakatu da, zuzenkeria politikoaren usaina hartzen duena. Sentsazioa dut, funtsean, ezer gutxi aldatu dela.

Genero rolek lurralde eta hiri forma baldintzatzen dutela onartzea ideia oso berria da «mainstream» hirigintzan. Zaintza, dibertsitatea, gertutasuna eta bizitza lurraldearen diseinuan barneratzen direnean “hirigintza feministaz” hitz egiten da. Etiketa hori ez da esparru akademikotik etorri, zenbait arkitekto talderen lanaren definizioan aurkituko dugu batik bat –behetik gorako mugimendua–. Sentsibilitate berri hori feminismoaren mugimendu sozialak piztu du lurralde, natura eta gorputzari beste leku batetik begiratzeko aldarria egiten hasi denean. Feminismoaren pentsamendu korronte guztiek bat egiten dute eraldaketa sozialerako bidea izan nahi dutela, eta, horregatik, ezin da genero ikuspegiaren txosten batekin konformatu. Orain arte lurraldeak eta hiriak zenbait balio onetsi ditu –kapitala, generoa, arraza eta klasea– eta maila materiko eta esperientzialean lurraldeko bizitzaren suntsipena ekarri du. Balio horiek barneraturik ditugunez oharkabean errepikatzen ditugu eta espazioen forma fisikoak bistaratu besterik ez ditu egiten. Proposamen politiko eta eraldatzailea den pentsamendu feministak hirigintza oinarriak birpentsatzeko abagune boteretsua eskaintzen digu, etorkizuneko lurraldea genero berdintasunaren aldekoa izatea nahi badugu. •