Maider Iantzi Goienetxe
IAMEN MUNDUA

Txikien autoezagutzarako eta identitatearen garapenerako jostailua

Haurrek helduekin batera direna eta izan nahi dutena deskubritzeko bidelaguna da Iam. Egunerokoa eta fitxak dakartzan panpina honek abenturazko istorio bat bizitzera gonbidatzen du umea, munduari kolorea itzultzeko balioak bilatzera. Boskote gazte batek sortu du Iamen mundua, Indiako Sharuk proiektuaren barrenean.

Iam
Iam

Panpinak funtsezkoak dira haurren garapenean. Bi modutara erabiltzen dituzte txikiek. Alde batetik, emozioak lasaitzeko, ezezaguna zaienari aurre egiteko eta kontu desatseginak hobeki jasateko baliatzen dituzte. Beraiekin izaten dituzten irudimenezko elkarrizketetan, sentimenduak azaleratu, ideiak ordenatu eta nahiak adierazten dituzte. Bertzetik, rol jolasetan panpinak denetariko paperak jokatzen ditu, umeak irudikatzen dituen guztiak.

Erreportaje honetan panpina berezi bat ezagutuko dugu: Iam (ingelesezko I am-etik datorkio izena, “ni naiz” euskaraz). Bere gurasoetako bat, 21 urteko Sara Anton, etorri zaigu aurkeztera. «Indian identitatearen gaia lantzen ari gara eta ikusi dugu oso garrantzitsua dela identitatea aitortzen duen papera izatea. Baina pertsona baten identitatea ez da soilik gobernuak emandako paper bat», adierazi du Mondragon Unibertsitateko Lidergotza, Ekintzailetasuna eta Berrikuntza (Leinn) graduko ikasleak. Gurean auzi horrekin lotuta zein arazo egoten ahal ziren aztertu, eta erremintak falta direla ohartu ziren, batez ere familientzat, haurrekin identitatea jorratzeko, 3-6 urterekin emozioak ezagutzen hasten direnean.

Horri erantzuteko sortu zuten Iam. «Asmoa da umeei identitatea lantzen laguntzea, garapen pertsonalerako oso garrantzitsua delako, lehendabizi, identitatea aitortua izatea eta, gero, zein garen jakitea».

Bost lagun dira taldean, horietatik lau Leinneko ikasleak: Sara Anton debarra Oñatiko campusean ikasten ari da eta Leire Reparaz Irungoan (baina Iruñekoa da eta Txinan bizi da). Maria Braco ere iruindarra da eta Madrilen ari da gradua egiten, hango Agustin Cuencarekin batera. Bosgarren kidea Ander Carmona da, bera ere Iruñekoa. Diseinu grafikoa ikasi du eta Bartzelonan bizi da. Skype, Slack, Whatsapp, posta elektronikoa… Horrelako bitartekoekin komunikatuz sortu dute Iamen mundua elkarrekin, ordu eremu ezberdinetako ordutegiak uztartuz. «Ander udan sartu zen proiektuan eta nik ez dut ezagutzen. Hatortxu Rocken ezagutuko dugu elkar, azkenean! Egunero gaude, bera delako argazkiak ateratzen dituena eta Photoshoparekin konpontzen dituena. Talde osoa batera ez gara inoiz egon eta ez dakit noiz egongo garen», aitortu du Antonek irriz.

Egunerokoa eta fitxak

Panpinak eguneroko bat (euskaraz eta gaztelaniaz eskura daiteke) eta fitxa batzuk dakartza, eta ariketak proposatzen ditu. «3 urtetik aurrera hasten dira txikiak identitatea lantzen eta nagusi batekin egiteko bezala diseinatu dugu egunerokoa. Horrekin gurasoen edo familiaren partaidetza bultzatu nahi dugu umeen hezkuntzan eta garapenean».

Lehenengo kapituluan agertzen da 2030. urtean mundua gris eta ilun bihurtu dela, jendarteak elkarbizitzarako behar dituen balioak galdu dituelako. Iam ipuinaren protagonistak kontatzen du txikia zenean bere herria ez zela horrelakoa, parkean ibiltzen zela jolasean eta kolore pila zituela. Bat-batean argi izpi bat azaltzen zaio, arreta ematen dio eta hurbildu egiten da. Bertan mapa bat deskubritzen du. Honek mezu bat dakar erraten diona Iami koloreak ez direla desagertu, baizik eta ezkutatuta daudela eta berak aurkitu behar dituela munduari bueltatzeko. Iamek haurra gonbidatzen du berarekin abentura bizitzera.

Bidean tximeleta laranja bat topatzen du, kolorerik gabeko toki batean harrigarri suertatzen dena. Beste karta bat ematen dio zein ariketa landu behar dituen azaltzen diona.

GAUR8k elkarrizketatu duen egunean Antonek Debako eskolako haurrekin egin du lehen ariketa. Hiru emozio identifikatzea: «Noiz sentitzen naiz haserre? Noiz triste eta pozik? Zein egoeratan, zein lekutan, zer egiten ari naizenean, zeinekin…?». Beraien emozioez aparte, besteenez ere konturatzen laguntzen diete.

Bost atal, bost ikasketa

Ariketa bukatzean, zoriondu eta bigarren pauso bat ematera gonbidatzen da umea. Iamek kontatzen du mundua pixkanaka kolore laranja hartzen hasi dela, aurreneko fitxa laranja baita, koherentziarena (pentsatzen, esaten eta egiten dugunaren artean). Ideia da gaitasunak eskuratzen doazen heinean fitxak jasotzea. Horregatik da interesgarria nagusien partaidetza. Iamek poltsiko bat dauka sabelaldean, fitxak gordetzen joateko.

Bigarren kapituluan emozio bakoitzari nola erantzun ikasten da. Adibidez, jolasean ari garela lagunak jotzen banau haserretu eginen naiz. Bi aukera ditut: jotzea edo ez zaidala gustatu adierazi eta solas eginez konpontzea. «Berez, haserretzen garenean egin digun berdina egin nahi diogu ondokoari, baina hori ez da bidea. Emozio eta ekintza bakoitza kontrolatzen jakin behar dugu», agertu du psikologo eta adituen laguntza izan duten gazteen ordezkariak.

Hirugarren atala autonomia emozionalaren eta zintzotasunaren ingurukoa da. Zer gustatzen zaidan eta zer ez dudan maite deskubritzen, nire barrena ezagutzen laguntzen dit eta autoestimua indartzen laguntzen du.

Laugarrenean, gaitasun sozialetan barneratuko gara: besteei entzun (ez bakarrik nik hitz egin eta besteei kasurik ez egin), kritikak egin eta jaso, komunikatu. Bosgarrena beldurrari buruzkoa da. Etsaia beharrean, erronka edo arriskuez konturatzeko eta horiei aurre egiteko laguna da beldurra. Ez da txarra, jakin behar duguna da horren aurrean pausoak nola eman, beldur garelako ezkutatuta gelditu gabe.

«Udan ideia sortzean familia edo talde txikietan probatu genuen eta oso erantzun ona jaso genuen. Gaur lehen aldiz egon gara eskola batean, Deban. Ikusi dugu 3 urtekoekin talde handietan lantzea zaila dela. Talde handi batean zabaltzea eta esatea noiz dauden triste edo pozik gehiago kostatzen da. Familia giroan errazagoa da. 4 eta 5 urtekoekin, batez ere 5ekoekin, talde handietan ere oso ondo funtzionatzen du».

Elgoibarreko ikastolan 4 eta 5 urtekoekin probatzeko asmoa zuten, eta 3 urtekoekin, Deban ikusitakoaren ondotik, talde txikietan saiatzekoa.

«Panpinak daukan balio eta istorio guztia aurrez aurre azaltzen dugunean erantzuna oso positiboa izaten da. Elgoibarreko ikastolan, adibidez, aipatu didate iaz plan bat sortu zutela emozioak gehiago lantzeko, behar handia zegoela ikusten zutelako eta erreminta hau benetan beharrezkoa dela iruditzen zaie. Oso-oso gustura gaude, beraz».

Ahalik eta gehien zabaldu nahi dute Iam panpina. Indian identitatea lantzeko martxan duten proiektuaren barrenean sortu zuten eta aukera badute hara ere eramanen dute. Abenduaren 11n crowfunding kanpaina bat abiatu zuten, hilabete iraunen duena. Kanpainan produktua erosten ahalko da ekoiztu aurretik, produktuak balio duen prezioan (60 euro). Jostailua erosi gabe lagundu nahi duenarentzat ere badira aukerak, eta jostailu bat baino gehiago eskuratu nahi dutenentzat ere bai. Eskoletarako paketeak eskaintzen dituzte, adibidez, prezio txikiagoan.

Aurrez aurre, hobeki

Iruñean eta Donostian aurrez aurre aurkeztu diote jendeari panpina. Gipuzkoako hiriburuan ez zen lagun sobera hurbildu eta pena izan zen, baina Nafarroakoan bai. 35 jostailu saldu zituzten eta kontent daude. «Ikusi dugu askoz errazago iristen garela pertsonengana eta hobeto azaltzen dugula jostailuaren balio osoa aurrez aurre. Eta guk ere nahiago dugu».

Toki gehiagotara joaten saiatuko dira. «Ekitaldi bat antolatu eta gonbidapena guk luzatu beharrean, proposatzen ari gara jendeak, 20-30 pertsonako taldeak sortuta, guri deitzea. Dohainik joango gara nahi duten tokira, benetan interesa dutenei azaltzeko asmoarekin». Informazio gehiago lor daiteke Elmundodeiam.com atarian. Facebook edo Instagram bidez ere jartzen ahal da eurekin harremanetan.

Panpina bakoitzarekin lortzen duten irabaziaren zati bat Indiako umeak erregistratzera bideratuko dute, ofizialki aitortutako identitate bat izan dezaten eta horrek giza eskubideetarako atea ireki diezaien laguntzeko asmoz. Hainbat unibertsitatetan dauden Leinn graduko ikasleek, bi hilabeteko txandak eginez, zortzi hilabetez Indian egotea lortu dute. Hala, taldeko norbait behintzat han egon da zortzi hilabetez. «Ni ekainaren 20an itzuli nintzen Euskal Herrira, bisatua bukatu zitzaidalako. Bonbain bertako gobernuz kanpoko erakunde batzuekin kolaborazioa adostu genuen, baina orain geldirik daude. Haur batzuk erregistratu genituen, prozesua hasi genuen, bertan abokatu batzuk lortu… Baina ekonomikoki asko eskatzen digunez orain geldituta dugu talde guztia panpinaren diseinuan eta crowfunding kanpainan buru belarri egon garelako». Ideia da finantzaketa kolektiboa bukatzen denean eta dirua lortzean (panpina bakoitzetik kantitate bat bideratzen da, 10 euro) berriro ekitea Indiako lanari.

Sara Antonek kontatu digunez, “Lion” pelikula izan zuten Sharuk izena duen Indiako egitasmoa sortzeko inspirazio iturri. Garth Davisen filmak trenetan galdu eta Kalkutaraino iristen den Saroo umearen benetako istorioa kontatzen du. Poliziengana joan arren, ezin zuten txikia milaka kilometrotara bere bila ari zen familiarekin bueltan eraman, ez zegoelako erregistratua. Ez da kasu isolatua: urtero 80.000 ume galtzen dira Indian. Mafiengandik eta kaleko arriskuetatik eskapo egin ondotik adopzioan hartzen du Saroo Australiako familia batek. Nagusia denean bere familia ezagutu nahi du, bere sustraien berri jakin, baina ez dagoenez erregistratuta zailtasun handiak ditu.

Urtero milioika ume desagertzen dira munduan arrastorik utzi gabe, hainbat arrazoirengatik (tratu txarrak, gerrak, naturako hondamendiak…). Saroo (“lehoia”) “Lion” filmeko protagonistaren izenetik abiatuta sortu zuten Sharuk.

Kontzientzia eta erregistroa Indian

Gazteak identitateari buruz irakurtzen hasi ziren gaia bogan zen garaian, genero identitatearekin, errefuxiatuekin edo paperik gabekoekin lotuta. Baina ez zekiten zein ekarpen egin zezaketen. 2016an Nazio Batuek 17 helburu ezarri zituzten garapen jasangarriaren bidean, 2030erako (horregatik kokatzen dute data horretan Iamen istorioa). Eta 170 herrialdek sinatu zuten konpromisoa. 16. xedean identitate juridikoa aipatzen da, jaiotzen erregistrotik abiatuta pertsonak identifikatzearekin lotuta. Askotariko gobernuz kanpoko erakunde, pertsona eta elkarteekin bilduz, eragileen mapa bat osatzen joan ziren ikasleak. Hala abiatu ziren Punera (Maharastra, India). «Bertan familiekin harremanetan jartzen gaituzte, eta, guk, identitatearen kontzientzia lantzen dugu batetik (giza eskubide bat da), eta, bestetik, erregistratze prozesuan laguntzen diegu», agertu du Sara Antonek.