Beñat ZALDUA

KATALUNIA, GALDUTAKO URTEA EDO «IMPASSE» SAIHESTEZINA

Errepresioak eta independentismoaren barne liskarrek markatutako urte zaila eta nahasia izan da aurtengoa Katalunian. 2017ko gertaerak aztertu, asimilatzen saiatu eta arnasa hartzeko urtea ere izan da 2018, halabeharrez, jada ate joka den 2019ak ez baitu aisiarako denbora gehiegirik utziko.

Hemendik urte batzuetara, Kataluniako prozesuaren kronologia idazten dugunean, ziurra da 2018. urteak ia ez duela espaziorik beteko. 2017ko erreferendumaren eta 2019ko epaiketaren artean kokatuko ditugu urte nahasi honi buruzko tramitezko lerro gutxi batzuk. Eta hala ere, gauzak gertatu dira. Are gehiago, gertatu ez diren gauza batzuek ere lagunduko digute gertatutakoak ulertzen.

Errepresioaren urtea izan da, lehenik eta behin. Kataluniako gizartearen gehiengo handi batek azken lau hamarkadetan ezagutu ez duen errepresio bat. Ez da perspektiba hori galdu behar, alderaketak gehiegirako balio ez dutela ez ahazteko. Carles Puigdemont Kataluniara itzultzeko promesarekin aurkeztu zen duela urtebeteko hauteskundeetara; era berean, 2017ko abenduan Oriol Junquerasek kartzelatik ateratzeko momentuan emanen zituen elkarrizketak negoziatzen ziharduen ERC. Ez dirudi askoren buruan zegoenik urtebete geroago erbestean eta kartzelan jarraituko zutenik. Errealitate gordinak uste horiek deuseztatu eta ziklo errepresibo luze batera begira jarri du Kataluniako gizartea. Bukatu dira independentzia erraz eta merke lor zitekeela defendatzen zuten diskurtsoak.

Galdutako batasuna

2018ko urtarrilaren 30an jaso genuen politikoki urteak emanen zuen uzta eskasaren lehendabiziko lagina. Egun hartan, Estatuko polizia eta guardia zibilek Pirinioetako mugak zaintzen zituzten bitartean, Kataluniako Parlamentuaren osoko bilkuraren gai-zerrendak puntu bakarra zeukan: Carles Puigdemont presidentegaiaren inbestidura saioa. Baina oraindik Rajoy buru zeukan Espainiako Gobernuak aldez aurretik aurkeztu zuen helegitea Auzitegi Konstituzionalean, eta epaileek Parlamentuko Mahaia ohartarazi zuten ezohiko abisu batekin: inbestidura baimenduz gero, desobedientzia delitu bat eginen lukete. Puigdemont ez zen Bartzelonan agertu, eta Junts per Catalunya eta CUPen iritziaren kontra, Parlamentuko presidenteak, Roger Torrentek (ERCkoa), osoko bilkura bertan behera utzi zuen.

Parlamentuko gehiengo demokratikoak aukeratutako hautagaiari betoa jartzea –preso dagoen Jordi Sanchezekin berdina gertatu zen– ongi atera zitzaion Estatuari, independentismoaren barnean liskarrak piztu baitzituen. Orduz geroztik, etengabe errepikatu da eszena: JxCat-en desobedientziaren aldeko erretorika, ERCren posibilismoaren aurrean. Bitartean, CUP Parlamentuan galduta, blokeatutako instituzio batean zer egiten duen bere buruari galdetuz.

Ez da erreza bi familia independentista nagusien arteko borroka disekzionatzea, argudio arrazionalak emotiboekin nahasten baitira, hala nola iritzi politiko sendoak interes alderdikoiekin. Baina muinean, liskar pertsonalak eta beldur errepresiboak alde batera utzita, bada independentismoa banatzen duen galdera funtsezko bat, edozein estrategia amankomun baldintzatzen duena: independentismoak babes nahikoa al dauka Kataluniako Errepublika gauzatzeko? JxCatek –eta ANCk– baietz dio. ERCk –eta neurri batean Omnium Culturalek–, ezetz. Erantzun amankomun bat lortu ezean, zaila izanen da independentismoak bide orri bateratu bat berreraikitzeko gaitasuna edukitzea.

Unionismoaren birpiztea

2017ko abenduaren 21eko hauteskundeak independentismoak irabazi zituen arren –oso momentu zailean gainera–, Parlamentu berriko indar nagusia unionista da. Eta ez edozein, gainera: Ciudadanos. Ines Arrimadas buru, alderdi laranjak osoko bilkurak oztopatu eta dialektika desterratu du. Aurreko urteetan bai independentismoak bai unionismoaren zati batek diskurtsiboki emandako maila altuaren arrastorik ez da antzeman aurten Parlamentuan.

Unionismoaren berpizte hori ez da soilik Katalunian eman, Espainiako eskuinaren oldartzearen eskutik ere iritsi baita, Andaluziako hauteskundeek erakutsi berri duten bezala. Eta horrekin batera, kaleak nagusiki independentista izaten jarraitzen duen arren –Diadan argi geratu zen, baita aurreko asteko abenduaren 21ean ere, Pedro Sanchezek Ministro Kontseilua Bartzelonara eraman zuenean–, independentismoak agenda markatu eta iniziatiba eramateko gaitasuna galdu du urte honetan.

Zer espero dezakegu 2019an?

Buruzagi independentisten aurkako epaiketak baldintzatuko du, beste ezeren gainetik, datorren urtea Katalunian. Data zehatzik ez duen arren, urtarrilean hastea espero da. Ez dago hain garbi, ordea, sententziaren berri noiz izango dugun, maiatzeko hauteskunde bikoitzak baino lehen edo ostean. Hori bai, sententziaren edukiaren inguruan duda gutxi: inork ez du espero kondena gogorrik ez dakarren epaia Auzitegi Gorenaren partetik.

Horrela gauzak, balantza alde batera edo bestera epaiketari bai inputatuek bai kalean jendeak emandako erantzunak dekantatuko du: edo akusatzailea akusatu bihurtu, iniziatiba berreskuratu eta prozesua martxan jartzen da berriro edo beste fase oso desberdin bat irekitzen da behin betiko. Erreakzio horren arabera jakinen dugu, funtsean, aurtengoa urte galdu bat izan den edo, besterik gabe, etenaldi saihestezin bat.