2019/01/05

Erreportajea
PRINCIPAL ANTZOKIA
Gasteizko teatro ezagunak, zaharberritze lanen zain, 100 urte bete ditu

Duela mendebete inauguratu zen Gasteizko Principal Antzokia. Denbora horretan zenbait aldiz zaharberritu dute eta datorren urtean ere berrituko dute. Eraikin baten historia dakarkigu orrialdeotara, baina baita antzoki horrek oihalaren atzean gordetzen dituen hamaika istorioetako batzuk ere.

Xabier Izaga Gonzalez
0105_principal1

Abenduan amaitu dira Gasteizko Principal Antzokiaren mendeurrena ospatzeko ikuskizunak. Urte osoan zehar, publikoaren erantzuna oso ona izan da, hiriko eta herrialdeko kultura ikuskizun ofizialen gune nagusia izaten jarraitzen duela erakutsita. Antzokiaren berritzea datorren urtean hasiko dela aurreikusita dago, eta horretarako proposamenak mahai gainean daude. Ehun urte bete ditu, baina badu aurrekaririk, izaera berarekin eta izen berarekin edo, zehatzago esateko, Teatro Principal izenarekin.

Gasteizen horrelako antzoki bat egiteko lehen proiektua XVII. mendearen hasierakoa da, Udalaren 1617ko akta batek gogorarazten duenez. Proiektua gauzatu ez bazuten ere, izan ziren antzezlanak egiteko zenbait leku, harik eta 1822an Principal Antzokia inauguratu zuten arte, Gasteizko ospitale zaharra egon zen lekuan. Antzoki hura, egungoa ez bezala, ez zen mende bat betetzera iritsiko, sute batek suntsitu egin baitzuen 1914an. Ordurako baziren beste areto batzuk, hala nola Zirku Antzokia, Iris Aretoa edo Langile Katolikoen Zentroa, baina bat bea ere ez Principal Antzokiaren parekorik.

Antzoki Berria

1916an, Alfonso XIII.a errege espainiarrak Gasteiz bisitatu zuenean, penatuta agertu omen zen «hain hiri ederrari» zegokion antzokirik ez zegoelako. Circulo Vitoriano elkarteak 250.000 pezeta jarri zituen antzoki berri bat egiteko, eta haren presidente Teodoro de Iradierrek herritarrak deitu zituen 100 pezetako akzioak erostera. Kanpaina hura aurrera ateratzeko, Gasteizko Antzoki Berria elkartea sortu zuten, eta 385.000 pezeta lortu zituzten. Circulo Vitorianoko kide batek, Cesareo Iradier arkitekto ospetsuak, bere burua eskaini zuen proiektu arkitektonikoa doan egiteko. Gasteizko San Prudentzio kaleko orube bat aukeratu eta 1917ko otsailean, Javier Agirre Iturralde udal arkitektoak proiektua sinatu ondoren, Udalean aurkeztu zuten.

Teatro Nuevo izeneko antzokia hormigoizko forjaketa erabiliz eraiki zuten, orduan teknika aitzindaria zena. Ricardo Uriarte eta Salustiano Mendia eraikitzaileak arduratu ziren antzokiko lanez.

Inaugurazioa baino egun batzuk lehenago, Gasteizko Udal Bandak, artean bi urte baino ez zituenak, kontzertu bat egin zuen bertan, akustika egokia zuela frogatzeko. Bazuen, bazuenez, akustika ona, gaur egun ere baduena. Eta 1918ko abenduaren 18an antzokiak ateak zabaldu zituen. Granieri-Marchetti konpainiaren “La corte del faraón” komedia musikala izan zen lehenengo antzezpena. Hurrengo hilean zinema areto gisa ere erabiltzen hasi zen, baina bestelako ikuskizunak ere izaten ziren, are, inoiz, eskrima erakustaldiren bat ere.

Ehun urte iraun dituen antzokiak, baina, gorabehera ugariri aurre egin behar zien oraindik. Laster zaharkituta geratu zen gizarte klaseen araberako leku banaketa, eta, gainera, ordurako bazeuden beste antzoki batzuk, zinema aretoak gehienbat, eta alde ekonomikotik begiratuta, oso zaila zen antzokiak horrela jarraitzea. Hartara, hamar urteren buruan, 1928ko abenduan, ateak itxi behar izan zituen. Hurrengo urtean Jesusen Konpainiak erosi zuen, eraikin horretan bere eliza eta Konpainiaren egoitza ezartzeko asmoz. Jesulagunen asmoa ez zen gauzatu, ordea, eta eraikinak itxita jarraitu zuen 1931ra bitartean.

Urte hartan VESA Gasteizko ikuskizun elkartea sortu zen, hiriko zinema eta antzerki emankizunak kudeatzeko. Jesusen Konpainiari eraikina erosi eta hura berritzeko proiektua aurkeztu zion Udalari. Berritu ondoren, antzokiak edukiera handiagoa zuen, bi anfiteatro eta publikoarentzat instalazio erosoagoak eginez. 1931ko azaroaren 7an, bigarrenez inauguratu zen Teatro Berria.

1949an beste berriztatze bat egin zuten, eraikinaren aldamenean Vesa Zinema Handia eraikitzearekin batera, eta, berritu ondoren, 1914an erre zen antzokiaren izena hartu zuen, Teatro Principal, alegia.

1976an VESAk arte eta saiakera areto bat zabaldu zuen, antzokiaren sarrera nagusiaren gainean zegoen edaritegian, Iris Aretoa, hain zuzen, 1990 arte iraungo zuena.

Azken zaharberritzea

80ko hamarkadan antzokia arazo bat zen VESArentzat, jaietan antzerkirako eta zinemarako baino ez baitzen erabiltzen, instituzioek egiten zuten ikuskizunen programazioa, antzokia alokatuz, baina hori arazo iturri zen, hasieratik antzokiko 150 eserleku hiriko zenbait familia aberatsenak ziren-eta. Gasteizko Udalak probetxu handiagoa ateratzeko aukerak aztertu ondoren, 250 milioi euroan erosi zuen azkenean antzokia.

Hurrengo urtean, orain arteko azken berriztatzea hasi zen. Ekipamendua modernizatu, antzokiko edaritegi zaharra handitu, Iris Aretoa bertan egon baitzen, eta besaulkiak aldatu zituzten, besteak beste. 1992ko ekainean antzokiaren ateak zabaldu ziren, gaur arte, nahiz eta modu ofizialean urte bereko urriaren 16an Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Igor Stravinskiren “Suzko txoria” interpretatuz berrinauguratu zuen Principal Antzokia, euskarazko izenarekin.

Berritzeko aukerak

Ia 30 urte dira azken zaharberritzea egin zutela eta ez dago esaterik Principal Antzokia oso egoera kaskarrean dagoenik, baina badu eguneratzeko premia, bai publikoarentzat erosoago egiteko, bai ikuskizunen beharretara moldatzeko.

Udalak hiru aukera aztertu ditu, eta badirudi datorren urteko amaieran hasiko direla lanak. Aurreikusita dago bi urte inguru iraungo dutela, eta denbora horretan emanaldiak beste zenbait aretotan egin beharko lirateke, hala nola Europa Jauregian edo Jesus Guridi kontserbatorioan, biek ere auditorium zabal samarrak dituzte-eta, batez ere bigarrenak. Antzoki aproposak dira, halaber, Beñat Etxepare eta Felix Petite.

Berritzeko lehen aukerak ez du egiturazko aldaketarik aurreikusten eta, beraz, ezta antzokiaren espazioa handitzea ere. Gainera, eserlekuen antolaera aldatzeak edukiera murriztuko luke. Bigarrenak espazioa handitzea aurreikusten du, aldameneko bi lokal erosiz eta besaulki-patioa atondorantz zabalduz, antolaera aldatuta ere, eserleku gutxiago galtzeko. Besteak beste, dantza areto bat ere aurreikusten du proiektu horrek. Hirugarren aukerari helduz gero, berritze orokorra egingo lukete. Bigarrenak bezala, aldameneko zenbait lokal erosiko lituzkete, baita etxebizitza baten parte bat ere, eta besaulki gutxiago galduko lirateke. Edukiera 800 besaulkitatik gorakoa izango litzateke. Aukera honek ere dantza areto bat jartzea aurreikusten du.

Honaino eraikin baten iragana eta haren gaineko asmoak izan ditugu hizpide. Ehun urte horietan, ordea, gauza asko gertatu dira, batzuk antzoki horren bilakaerarekin zerikusia izan dutenak. Izan ere, errege bat aipatuz hasi gara historia hau kontatzen, ondoren monarkiak onartutako diktadura bat izan zen, errepublika bat, beste diktadura bat, eta diktadura horrek xedatutako beste monarkia bat.

Antzerkia, opera, zarzuela, musika klasiko eta tradizional zein garaikideko kontzertuak, jazzekoak, bertso saioak, tartean Arabako Txapelketako finalekoak… Garaian garaiko, egoeran egoerako ikuskizunak izan dira.

Antzoki Berria

Eraikinen edo agertokien atzean gertatzen diren kontu horietaz hitz egin dugu Jose Maria Bastidarekin. Txapi Arabako historiaren eta kulturaren ezagutzaile aparta da, baita musikari eta musikagile ezaguna, eta badu zer esana Principalen gainean. Gainera, barrutik ere ondo ezagutzen du, batez ere azken berritzea arte. Ondoren ere inoiz izan da agertoki horretan; esate baterako, 2000ko hamarkadan Gasteizko Udal Bandarekin kolaboratzeko eskatu ziotenean. Izan ere, musika bandak neguan antzoki horretan egiten zituen bere kontzertuak. Orduan Txapik Gasteizen zeharreko ibilbide bat prestatu zuen, bandak jotzen zuen bitartean proiektatzeko.

Baina, esan bezala, lehenagotik ezagutzen zuen agertoki hori, askotan dantzatu eta batez ere txistua edo beste tresnaren bat jo izan baitu dantza talde ugarirekin; esate baterako, Jesus Guridiren “El Caserío” zarzuela interpretatzen zutenean. Txapi Txirinbil taldearekin txistua jotzera joaten zen horrelakoetan. Behin, Durangaldeko ezpata-dantzako “Launango” berezi bat prestatu zuten emanaldi baterako, ohiko zortzi dantzariek barik, lauk dantzatzeko modukoa. Funtzioa hasita zegoela, agertoki ondoko gelatxo batean dantzariekin prestatutako launango hari azken ukituak emateko Txapi dantzaren doinua ahapetik kantatzen ari zela, Carlos Mungia tenor donostiarra, obrako paper protagonista jokatu zuena, albotik igaro zen. Txapiri entzunda, bera ere hasi zen ezpata-dantzaren atal hori ahapetik kantatzen.

Txapiren aita, Jose Maria Bastida, makillatzaile gisa aritu izan zen sarritan antzokian, eta batzuetan karakterizazio lanak egiten zituen. Bera ile-apaintzailea zen, baina musika ez zuen arte arrotza, biolin jotzailea baitzen.

Alavesa... eta «Kaxarranka»

1931ean berriztatu zutenean, Obdulio Lopez de Uralde margolari arabarrak zenbait olio-pintura alegoriko margotu zituen antzokiko edaritegian. Edaritegi haren ardura Ricardo Cobok hartu zuen, Gasteizko Gautxori tabernaren jabeak. Urte batzuk geroago, frankistak II. Errepublikaren aurka matxinatu zirenean, Cobok bere tabernaren izena aldatu beharko zuen, Bar Cobo jarriz, eta, ondoren, Deportivo Bar. Tabernari eratxikitako lokal batean Alavesek bulegoak eta administrazioa zituen, eta Coboren taberna haren egoitza soziala zen. Barraren aurrealde osoan koloretako zeramika batzuk zeuden, Principaleko edaritegiko olioak margotu zituen artista berak diseinatuak, Lopez de Uraldek, hain zuzen. Zeramika haiek zazpi bertuteak eta zazpi bekatu-buruak erakusten zituzten, haien izenak euskaraz idatzita. Bertuteak emakumezkoek irudikatuta zeuden, eta bekatuak gizonezkoek. Gasteizko agintari faxistek irudi haiek hondatu eta desagerrarazteko agindua eman zuten. Zerk haserretzen zituen gehiago, bertuteak emakumeek ordezkatzeak ala euskarazko hitzek?

1990ko Berritze lanetan Julio Arbosa Salazar taillagin arabarrak parte hartu zuen. Fatxadako lau armarrietan tragedia, komedia, musika eta dantza irudikatzeko enkargua eman zioten. Egun ikusgai daude bi maskara, tragediaren eta komediaren irudi; lira bat, musikarena, eta dantzarenak euskal dantza batena izan behar zuela esan zuen Arbosak, eta Gasteizko antzoki baterako zenez, Arabako dantza batena, hain zuzen. Arabako Errioxako dantzetako katximorroa zizelkatu zuen harrian. Katximorro horrek bere istoriotxoa du, gainera. Haren eredua Arbosak berak egin zuen hiru bat hamarkada lehenago, Gaztetxu dantza taldearentzat, ikur gisa, eta ondoren Gasteizko Umeen Euskal Jaietako karteletan eredu bera erabiliko zuten. Baina egurrean ere moldatu zuen, Gaztetxuk Lekeitioko “Kaxarranka” dantza egiteko erabiltzen zuen kaxan, hain zuzen. Eta kaxa horrekin dantzatu zuen taldeak 1971ko San Prudentzio bezperan Lekeitioko “Kaxarranka”, euskal herrialde guztietako beste zenbait dantzarekin batera, Principal Antzokian. Hura izan zen Gaztetxu dantza taldearen aurkezpena, eta laguntzaile izan zituzten taula gainean Araba Abesbatza eta, euskaraz abesten zuten taldeak pixkanaka ugaltzen hasi ziren garaian, haren gerizpean sortu zen Amets taldea.

Ehun urte, horrelako ehunka istorio. Horrelako ehunka pasadizoren, komediaren eta tragediaren lekuko. Gasteizko ehun urteko historiaren lekuko.

1992ko urriaren 16an Principal Antzokia berriz inauguratu zen, euskarazko izenarekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Igor Stravinskiren «Suzko txoria» interpretatuz

Julio Arbosak zizelkatu zituen fatxadako armarrietako irudiak. Arabako Errioxako dantzetako katximorroa irudikatzen du, Gaztetxu taldearentzat ikur gisa egin zuen bera