> «La Manada»: nazka eta amorrua

Nafarroako Auzitegiak 2016. urteko sanferminetako talde-bortxaketagatik zigortutakoak behin-behineko askatasunean jarrai dezaten utziko duela jakin ondoren, ehunka mezu daude Twitterren irakurgai. Horietako bat, «La Manada-k toga dauka» dioena. Amorrua eta nazka dira epaiak eragin dituen sentimenduak. Nafarroako Auzitegiaren erabakia jakin bezain laster, sare sozialak hautatu dituzte lagun askok erabaki hori gogor gaitzesteko.

Nafarroako Auzitegiko epaileek, aldeko bi boto eta aurkako bat emanda, La Manada-ko bost kideen behin-behineko askatasuna bere horretan uztea erabaki dute. Bederatzina kartzela urteko zigorra ezarri zieten sexu abusuagatik, Nafarroako Auzitegi Gorenak berretsi zuena. Erabaki horrekin atzera bota dute Fiskaltzak, biktimak gauzatutako akusazio partikularrak eta Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren bi herri akusazioek eskatutako behin-behineko espetxeratzea.

Epaiak sare sozialak piztu ditu beste behin. Askok «justizia patriarkala» esaten diotenarekiko beren nazka agertu dute sareetan.

Mezu batzuek sinadura ezagunak dituzte, hala nola Xabier Lapitz kazetariarena, Gabriel Rufian ERCko kidearena edota Joseba Azkarraga Sareko kidearena. Eneko Las Heras irudigileak bere arbuioa erakutsi du ilustrazio argigarri batekin.

> «Baionaskada», urteari agur esateko maskarada

Olentzero, Bizar Zuri, Lady Gaga, Doland Trump edota Spidermanek parte hartu zuten urteari agur esateko Baionan egindako ekitaldian. “Baionaskada” izena duen emanaldia abenduaren 31n antolatu zuten Baionako karriketan. Urteko azken eguna animatzeko sortu dute. «Ez dugu egin pastorala, gutxiago maskarada. Gure agerraldiak badu izena: ‘Baionaskada’», nabarmendu zuten antolatzaileek.

Eskainitako ekitaldian, kalez kalez ibili ondoren, Olentzero eta Bizar Zuriren arteko borroka bat irudikatu zuten. Eguberritako bi pertsonaiez gain, Lady Gaga, Donald Trump zein Spiderman ere presente izan ziren.

> «Erraiak», irrintziaren jatorri eta zentzuari begira

Hil honen hasieran estreinatu zuten “Erraiak” dokumentala. Ekain Martinez de Lizarduy Stürtzek zuzendu eta Arteman komunikazioak ekoitzitako lanak irrintzia du ardatz eta honako galderei erantzutea helburu: «Noiztik dugu irrintzia gure artean? Bizirik jarraitzen al du? Zer eragin du kostaldeko marinelen jardunean? Zer eragin barnealdeko bailaren egunerokoan?».

Irrintziaren jatorria, zentzua, Euskal Herriko txoko ezberdinetan hartzen duen izena eta izateko arrazoia aztertzeko saiakera da. «Kobazuloetatik datorkigun oihua. Hitzik gabeko hizkuntza. Erraietatik ateratzen zaiguna. Arbasoen oihartzuna». Hala diote dokumentalaren aurkezpenean (arteman.eus/erraiak). Sare sozial nagusietan topatuko duzue dokumentalaren berri.

> Rekalde tabernak bertako pasarteak

Donostiako Aldamar kaleko Rekalde tabernak pertsiana betiko jaitsi du. Halabeharrez itxi du Rekalde Agus Rodriguez arduradunak, eraikinaren jabeak eraikina saldu eta bizilagunak kanporatu ostean taberna itxi behar izan du-eta.

Taberna kutuna zen donostiar askorentzat, eta penaz baina ekitaldiz beteriko egitarau batekin esan diote agur tabernari. Igandean itxi zen betiko, kantuan, dantzan, bertsotan eta barrez eta negarrez.

Rekaldek ez du isilpean itxi nahi izan, ordea, eta “Rekaldeko historiak” egitasmoaren bidez tabernako istorioak zabaldu dituzte azken asteotan. Jabeak, beste hainbat lagunekin batera, bideo sorta egin eta sare sozialen bidez zabaldu ditu. Eneko Olasagasti gidoigile eta zuzendaria izan du lagun.

Orain, jendea animatu nahi du Rodriguezek, urteetan zehar Rekalde tabernan izandako bizipenak gogora ekarri eta partekatzeko.

> Euskal Herriak berriro erakutsi du bere elkartasuna

Duela bi aste denak harri eta zur utzi gintuen bideo bat iritsi zen Ugandatik. Hainbat umek osatutako musika banda ageri zen, eta “Euskal Herrian euskaraz” kanta jotzen zuten. NAIZek jakin duenez, proiektu horren atzean David Orduña barañaindar musikazalea dago. Ugandan kolaboratzen du, eta Oihana Llorentek elkarrizketatu egin du. Orduña tronpeta irakaslea da Barañaingo Luis Morondo musika eskolan, eta badaramatza sei hilabete bideoan agertzen den musika banda, Iganga Commnunity Brass Band, laguntzen. Ugandatik bertatik erantzun die NAIZek proiektu eder horren gainean egindako galderei.