Ander Gortazar Balerdi
Arkitektoa

Azala

Eztabaida poliedriko interesgarria sortu zen Gasteizen duela hilabete batzuk, Irantzu Lekue artistak eraikin baten fatxadan egin asmo zuen mural baten kontura. Artikulu baterako luzexko, baina eztabaidak nahasten zituen kale artearen izaera, eraikinen egile-eskubideak, fatxaden estetika eta parte hartze prozesuen legitimitatea, koktel perfektua osatzeraino.

Twitter den tabernazulo horretan ere harrabotsa sortu zuen eztabaidak eta badakizue nolakoa den Twitter, enborreko gaietatik adarrak ateratzen direla, adarretatik adaxkak, eta, halako batean, erabiltzaile batek galdera bat egin zuen, bene-benetan baieztapena zena, ala hobe esanda, ukapen bat: «Etxebizitza partikularrek ez dute egile-eskubiderik. Soilik eraikin ‘bereziek’ dituzte. Ekoefizientzia legeak betetzeko eraikin baten fatxada estali behar den ala ez, horri buruz ere iritzia eman behar dute arkitektoek ala?». Miresgarria iruditu zitzaidan arkitektoen artean azken bizpahiru urteotan bolo-bolo dabilen gaia di-da ebazteko errazkeria.

XX. mende hasieran, arkitektura modernoak fatxadako egiturazko hormak alboratu zituen, hormigoizko edo altzairuzko zutabeak nahikoa zirelako eraikinari eusteko. Iraultza izan zen hura, eta fatxadak arinagoak bihurtu ziren: hormigoizko itxiturak, leiho handiagoak, adreiluzko errenkadak, elementu aurrefabrikatuak. Teknika aurreratuek ornamentu klasikoen gainbehera ekarri zuten, elementu berriak sortu ziren eta, haiekin batera, motibo, patroi eta testura modernoak, eta detaile sotilagoak. Gerraostean, gainera, dirurik ere ez zen sobera, etxebizitzak eraikitzeko premia izugarria zegoen eta isolamendu egokia ez zen izan lehentasuna. Testuinguru hori egokitu zitzaien orduko arkitektoei, ezin beti asmatu.

Hamarkadek aurrera egin ahala paradigma batzuk aldatzen ari dira, zorionez. Energiarena nabarmen, konstatatu dugularik energia mordoa xahutzen dugula gure etxebizitzak berotzen. Legeak eta diru-laguntzak onartu ditugu eta lanari ekin diogu. Arkitektonikoki bi ondorio nagusi izan ditu horrek: leiho berri hobeak eta fatxada potoloagoak. Geruza bat gehitzen zaio gehienetan eraikinari, bigarren fatxada bat, etxebizitza egoki isolatu baina jatorrizko fatxada estaltzen duena. Geruza zaharra estaltzen duen geruza berria, alfonbrak egurrezko parket distiratsua nola.

Nola uztartu jatorrizko fatxadaren konposizioa, materialitatea eta detaile dekoratiboak energia-efizientziaren eskakizunekin? Gatazka potoloa da eta ebazten zaila. Intsinis pinuen gaixotasunak Euskal Herriko paisaia goitik behera aldatu badezake, gure hiri eta herrietako hainbat auzo ere eraldatzen ari gara ekoefizientziaren izenean. Trakets xamar, dena esan beharra dago.

Eraikin berezienetan, legeak salbuespenak aurreikusten ditu eraikinaren balio arkitektonikoa gordetzeko. Garestiak dira salbuespenak. Generikoa dena nola babesten den, hor dago korapilo nagusia nire ustez, alegia, nola babestu XX. mendeak berezkoa duen geruza hori, bikainak izan gabe onak diren eraikin horiek. Garai konplexu baten testigantza materiala gordetzen duen arkitektura maiz gutxietsia. Baiki, iritzia ematea ez da soilik gure eskubidea, gure eginbeharra da. •