2019/01/12

Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria
Ez etsi, beroari eutsi

Negua heldu da askoren hezurretara eta prekaritateak hotzikara forma hartu duelarik, lerrook beroari eusteko teknika batzuk partekatzeko baliatu nahiko nituzke. Ezer baino lehen, teknikaren atzean den zientziari ere aipamen labur bat: beroa tenperatura ezberdinetan dauden gorputzen artean gertatzen den energia transferentzia da (eta ez gorputz baten propietatea), bi modu ezberdinetan ematen dena, kondukzioz eta irradiazioz. Lehenak molekulen artean, ondoz ondo, ematen den energiaren transmisioari egiten dio erreferentzia (jakina, molekula horiek mugimenduan elkar nahasten badira, azkartu egiten dena; konbekzioa deritzo horri). Bigarrenak, berriz, gorputz beltzaren fenomenoari egiten dio erreferentzia, zeinaren arabera tenperatura jakin batean den gorputzak uhin elektromagnetikoak irradiatzen dituen ingurunera. Bi fenomenook kontuan izatea garrantzitsua izango da teknikok egokiro ezartze aldera.

Duela bi urte argitaraturiko «Gutxiago zikintzea da garbiena» artikuluan esaten nuenez, lehen egitekoa etxea ondo isolatzea izango da; normalean, leihoetan jarri behar dugu arreta gehien. Sugar txiki batekin igar ditzakegu leihoaren itxituran edo pertsianaren kutxan dauden ihesak eta berauek burletekin, silikonarekin edo beharrezko material egokienarekin zigilatuko ditugu. Kristal bakarreko leihoen kasuan, burbuiladun plastikoa gainetik jartzea oso eraginkorra da, kristalaren gainean aire geruza bat sortzen baitugu, airearen bidezko konbekzioa oztopatuz. Zentzu berean, pertsiana eta gortinak ixtea derrigorrezko urratsa izango da; kristalaren alde bietan ahalik eta aire mugimendu txikiena egon dadin. Lurra estaltzea (alfonbrak) eta paretarik hotzenak egur edo kortxoz forratzea ere baloratzekoa da. Eta noski, kanpotiko isolamenduaz gain, garrantzitsua da gela bakoitzaren isolamendua eta bakoitzean denbora noiz emango dugun ondo pentsatzea, bakoitza behar dugunerako berotuz. Ohe ponposoek izan ohi duten errezela ere gauean beroari eusteko pentsatuta dago.

Bigarrenik, bero iturrietan jarri behar dugu arreta. Eguzkia sartzen den etxeetan pertsiana eta gortinak zabaldu beharko ditugu ordu horietan, eta, aukeran, beroa metatu dezaketen gorputzak kokatu bertan eguzkiaren bero irradiazioari ahalik eta zuku gehien ateratzeko. Berogailuei dagokienez, hormaren aurka muntatuak badaude aluminio paperak hormarantz doan irradiazioa atzera gelara islatzen lagunduko digu. Esan beharrik ez dago berogailuak kontsumoaren arabera hautatzea eta behar den denboran soilik piztea funtsezkoa dela. Irudira ekarri dudana, nahiko soluzio ona da gela txiki bat modu merkean berotzeko. Mota askotakoak topa ditzakezue sarean. Nik oheratu aurretik gela epeltzeko erabiltzen dut, ontzi beroa gero ohe barruan sartzeko.

Azkenik, gure gorputza dugu beroari eusteko azken lubakia. Etxean ondo jantzita ibiltzeko egunak dira negukoak, galtzontzilo luzeak erabiltzekoak, jertse goxoak, eta batez ere, oin, esku eta buruak ondo estaltzekoak, bai etxean bai kalean. Ondo jantzi, eta hobeto jan. Koilara plateren unea da negua eta gantz apur bat ere ez zaigu batere gaizki etorriko gure gorputza isolatzeko. On egin deizuela! •