Nerea Goti
SINPLASTICO.COM

Plastikorik gabe bizitzeko proposamena Bilbon dago eta sarean du erakustokia

Sinplastico.com eguneroko etxeko martxan beharrezko ez diren plastikoak baztertzeko proposamenez beteriko katalogoa da. Bilbon dute biltegia eta, oraingoz, Internet bidez saltzen dituzte katalogoan jasotako produktuak. Marion de la Porte eta Javier Barrios daude egitasmoaren buruan. Plastikorik gabeko bizimodua da beren eskaintza.

Posible al da plastikorik gabe bizitzea? Bai, sikiera, beharrezkoak ez diren plastikoak baztertuta. Hautua egitea iraultza txiki moduko bat da. Kontsumo ohituren aldaketan dago gakoa. Horregatik, neurri handi batean norberaren etxetik hasten den mugimendu handiago bat bilatzen dute Sinplastiko.com bezalako ekimenek. Etxekoak iraultza txikiak dira, baina guztion indarra elkartuta plastikozko ozeanoekin bukatzeko moduko uholde erabakigarriak osa daitezke; ikasitakoari buelta ematea ez da ezinezko ariketa bestelako eskaintzak eskura badaude.

Bilbon iraultza handi horretarako tresna txikiak eskaintzen dituen egitasmo bat jarri dute martxan, plastikorik gabe bizitzeko alternatibak eskaintzen dituena. Dagoeneko egiaztatu dute plastikoaren kontsumoa murriztu daitekeela, eta aukera ezberdinak egon badaudela egunerokoan erabiltzen diren plastikozko elementu asko bestelako material jasangarriagoekin ordezkatzeko. «Jende askok uste du oso konplikatua dela, eta demostratu nahi dugu ez dela hain konplikatua eta bidea egiteko ez dela beharrezkoa landa eremu batean bizitzea».

Egitasmoaren bultzatzaileek webgune batean erakusten dituzte tresna horiek, erabilera askotako oinarrizko produktuak guztiak ere: xaboiak, kremak, eskuilak, elikagaiak eta edariak kontserbatzeko poltsak, askotariko ontziak... Produktu bakoitzaren ekoizpenaren inguruko informazio zehatza eta erabilera aholkuak ere ematen dituzte. Salmenta Internet bidez egiten dute, eta jada urte batzuk pilatu dituen esperientzian oinarrituta nabarmentzen dute kontsumo arduratsu eta osasuntsu horrek merkatua badaukala. Bilbon plastikoen auziarekiko sentsibilitate handia dagoela ere badiote.

Egitasmoak Sinplastico.com izena du, eta, esan bezala, Internet du erakustoki nagusi. “Plastikorik gabeko bizitza ahalbidetzen duen denda” izendapena gehitu diote bultzatzaileek markari. Marion de La Porte eta Javier Barrios daude proiektuaren buruan. Esan bezala, momentuz ez dute zuzeneko salmentarik, eta, beraz, Internet bidez bete behar da gurditxoa. Biltegia Bilboko Anselma de Salces kalean dute, handik bideratzen dute eskariei erantzuteko banaketa.

Sukaldea, zaintza pertsonala...

Bost atal nagusitan banatu dute eskaintza: sukaldea, zaintza pertsonala, haurrak, etxea eta “gauzak eramatekoak” deitzen dutena. Merezi du atal bakoitzean klik egitea, produktu ezberdinez osatutako katalogoa zabaldu eta produktu bakoitzaren fabrikazioarekin lotutako informazioa eskuratzeko, zein jatorri duen eta zerekin ekoiztuta dagoen kasu.

Lehen planoan aurki daitezkeen gauzen artean kotoi organikoko poltsak daude. Estatuan eta Turkian ekoiztutako kotoiarekin eginak daudela dio informazioak, erresistentzia areagotzeko hondoan josturarik ez dutela; ekoizpen ziurtagiria ere erakusgai dago, eta arropa garbigailuan sar daitekeela ere jakinarazten da. Beste detaile bat aipatzen da: baskulako etiketa itsasteko prestatuta dago. Era horretara, barazkiak eta fruituak erosteko aproposa da, baina eskuko poltsa modura ere erabil daiteke duen diseinu erakargarriari erreparatuta.

Paketeak biltzeko beste produktu bat dago katalogoan, erleen argizariarekin eta jojoba olio biologikoarekin egindako bilgarria da, ondoan duen informazioaren arabera. Itxura erakargarrikoa, koloretako estanpatu ezberdinetan eskaintzen da. Produktu guztietan bezalaxe, salneurria eta itxura ikusteko aukera izateaz gain, webguneak deskribapena eskaintzen du, produktuaren detaileak eta komentarioak ere jasoz. Era horretara, erosleak jakingo du zer materialekin egina dagoen (kotoi organikoa, landare-erretxina eta jojoba olio biologikoa), produktu berrerabilgarria, ekologikoa eta konpostagarria dela, zer neurri dituen eta zertarako erabiltzen den. Aztertzen ari garen kasuan, oro har “tuper” izenarekin ezagutzen diren plastikozko ontzi ezagunen ordez fruitu txikiak garraiatzeko erabil daiteke, baita elikagaiak gordetzeko edo garraiatzeko ere ohiko bilgarriek dituzten substantzia kaltegarriak ekidinez.

Jendeari bidea hasten lagundu

2014an proiektuari forma ematen hasi zirenean, Marion de La Portek eta Javier Barriosek bazuten ezaugarri komun bat: bakoitza bere aldetik «hondakin gutxiagoko bizitza» egiten saiatzen ari ziren. Gauzak horrela, ideia berritzailea bazen ere, nahiko era naturalean etorri zitzaien burura Sinplastico.com sortzea bi ekintzaileei. Jarduera ekonomiko bat martxan jarri nahi zuten, aukera ezberdinak aztertzen hasi ziren, eta Barriosek Kanadan antzeko egitasmo bat ikusita zeukan.

«Ikusten genuen Bilbon bazegoela eskaintza handia elikagaien arloan, arropan... baina iruditzen zitzaigun bestelako produktuak falta zirela, guk geuk aurkitzen ez genituen bestelako produktuak», gogoratu du De la Portek. Horrekin batera, argi zuten kontsumo mota honekiko sentsibilitatea egon bazegoela, plastikoaren gehiegizko kontsumoaren inguruan kezka bazegoela... eta, hala, horretan ekitea erabaki zuten.

Egun duela bost urte baino «kontzientzia handiagoa» dagoela uste du De la Portek, eta Bilbo Handian eskaintza arduratsu eta osasuntsuak bultzatzeko «masa kritiko nahikoa» ikusten du. «Horren froga da nik neuk kontsumo arduratsua egiteko ez dudala inolako arazorik izan Bilbon, nire bizitza erraza da arlo horretan, badago non erosi», komentatu du.

Testuinguru horretan, eskaintza berezitua egiteaz gain argi izan zuten biek oso garrantzitsua zela frogatzea eguneroko kontsumoa beste era batera egin zitekeela eta errealitate hori plazaratzea. De la Portek nabarmendu duenez, erronka «beste era batera kontsumitu daitekeela frogatzea» zen, eta, horretarako, blogaren bidez euren prozesu pertsonalak azaldu dituzte. Izandako harrera ikusita, «jendeari bere bidea egiten lagundu diogula dirudi», onartu dute.

Enpresatik bertatik hasita

Blogaren helburua «plastikoaren kontsumoan gure inpaktua zelan eta zenbat murriztu» duten azaltzea zen, eta aldaketa «sozializazio arazorik gabe» egin zitekeela erakustea. «Gauza ez da sakelako telefonoa botatzea, baina beharrezkoa ez den plastikoa erabilera arazorik gabe murriztu daiteke. Hori praktikara eraman dugu gure jardueran, gu ere plastikorik gabe erosten duen enpresa bat garelako», De la Portek azaldu duenez.

Produktuak biltzeko prozesu osoan plastikoa ahalik eta gehien murriztea lortu dute, eta, erabiltzekotan, «oso noizbehinka» izatea. «Gure garaipen txikia izan da salmenta ostean ez ezik, aurreko etapan ere plastikoa kentzea lortzea», komentatu dute.

Ohiturak «desikasi»

Egun hiru langile ditu kontratatuta Sinplastico.com ekimenak eta baikorrak dira aurrera begira. Beraien esperientzia pertsonalean oinarrituta, De la Portek aipatu du aldaketa prozesua ez dela gogorra baina «era zehatz batera kontsumitzera ohitu» gaituztela eta ikasitakoa ahazteko prozesu bat egin behar dela. «Inpaktu handiarekin kontsumitzen irakatsi digute eta horren aurrean plastikorik gabe bizitzea errebeldia puntu bat ere bada, ekintza militantea», onartu du. Azaldu duenez, «inposatu diguten kontsumo eredua erabili eta botatzean oinarrituta dago eta engantxatuta gaude». Gaineratu duenez, «plastikoarekin daukagun arazoa oso merkea dela da».

Horregatik, liberazio modutzat ere hartzen du beste bizimodu bat egiteko ibilbidea. «Azazkalak pintatu beharra al dut? Edo azazkalak pintatzeko hainbeste kolore behar ditut? Benetan beharrezkoa dut sukaldeko papera?». Horiexek dira De la Portek bere buruari egindako zenbait galdera. Horren kontura azaldu du bere etxean haur bat eta txakur bat ere bizi direla eta lortu dutela «guztiz beharrezkoak ziruditen gauza batzuk baztertzea». Horregatik saiatzeko gonbidapena egiten du De la Portek, ñabardura bat eginez: «Etxean plastikoa erabiltzen jarraitzen dugu, baina ez alferrikako plastikoa, ez elikagaiekin eta edariekin kontaktuan dagoen plastikoa...».

Gizartearentzat duen kostua

De la Portek dioenez, erabili eta botatzeko plastikoak ingurumenean eta osasun publikoan eragiten duen kostuaren neurriko prezioa balu, «ez zen hain axolagabeki erabiliko». Nabarmendu duenez, osasun mailako gizarte inpaktua azalarazten ari da dagoeneko. «Jarraitzen dugu plastikoa kaltegarria ez balitz jokatzen eta horretan enpresek eta instituzioek ardura handia dute. Hori bai, herritarrok protagonismo handia izan dezakegu aldaketa prozesuan».

Gaur egun eskaera gehienak Bilbo eta inguruko kontsumitzaileen aldetik jasotzen ditu Sinplastico.com atariak. Baina Katalunian eta Madrilen ere asko saltzen dute.

Bertokoa bultzatu

Bezeroen profilari dagokionez, azaldu dute 25 eta 55 urte bitartekoak direla gehien-gehienak. Nagusiagoen artean ez da hain ohikoa Internet bidezko erosketak egitea eta hori nabaritzen dute. Hala ere, egiaztatu dute nagusiagoen adin taldean plastikoaren “inbasioaren” aurreko produktu asko ezagunak direla eta asko eskertzen dutela produktuok berriz ere merkatuan bilatu ahal izatea. Izan ere, betiko produktuak izan arren, asko merkatutik guztiz desagertu dira azken urteetan plastikoz egindako antzeko produktuek ordezkatu dituztelako.

Kasu askotan, eskaerari erantzun nahian, produktu jakinen fabrikazioa bultzatu dute Sinplastico.com ekimeneko kideek bertoko ekoizpena indartuz. Egun beste produktu batzuk garatzeko ari dira lanean, batez ere ehunezkoak. Bertako produktu ugari eskaintzen dituzte jada, tartean Berrizko zartaginak, Gasteizen fabrikatzen diren kantinplorak, Bilbon egindako bizarra mozteko xaboia edota Euskal Herri ondotik, Kantabriatik, heldutako argizarizko bilgarriak. «Saiatzen ari gara bertoko ekoizpena bultzatzen eta, testuinguru horretan, Estatu espainolean pisu handia izan duen ehungintza berreskuratzen». Ea lortzen duten.

Kalte ugariko produktu «merkeegia»

Kontsumoaren debate orokorrean ekidinezina da kostuez hitz egitea, eta, sarri, kostu ekonomikoa bestelako kostuen aurretik jartzen da, atzean dagoen errealitateari erreparatu gabe. Sinplastico.com ekimeneko Marion de la Portek argi dauka plastikoaren prezioak ez duela gizarte mailan duen inpaktuaren ondorioa jasaten. Nabarmentzen duenez, osasun arloan eragiten ari den arazoa gero eta larriagoa da, eta, horrez gain, zaborren bilketaren kudeaketak duen kostua ere ez da plastikoaren prezioan islatzen. «Merkeegia» da eragiten dituen kalteak kontuan hartuta, dioenez. «Kalte horien kostuak salneurrian eraginik ez badu, plastikozko hortzetako eskuilak jarraituko du bi euro kostatzen eta egurrezkoak bost», azpimarratu du. «Kontsumo pertsonalarekin gauzak aldatu daitezke, baina erakundeek zerbait egin behar dute», gaineratu du.