2019/01/12

Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea
Urtea birziklatzen

Urte berriari hasiera eman diogun honetan, helburu eta jomuga berriak jartzeko egiten diren askotan saiakera antzuen oso zalea ez naiz; ez da ez dudala sinesten, aldiz, urtarrilak duen hasiera inposatu faltsu hori ez zait beharrezkoa iruditzen, beste edozein unetan egin daitezkeen gauzak direnean batez ere. Baina atsegin dut une batez etenaldia egin, eta pasa den urtera ku-ku txiki bat egitea; eta, gauzak nola hobetu ditzakegun hausnarketa txiki bat egin badaiteke, are hobeto.

Urte hasieran dendek izaten dituzten beherapenak ez direla sekula amaitzen dirudi; agidanez Londresko high-street-ak inoiz izan duten garairik gogorrenak dira, salmentarik baxuenak daramatzate urtarrileko beherapen garaian eta erosketak era tradizionalen egiteko ohitura –dendetara joanez– Amazon eta antzeko Internet bidezko lekuen mehatxu eraginkorpean dago. Arropa marka ezagun baten dendara joan nintzen atzo goizean eta paperezko poltsa bat eman zidaten, martxan duten egitasmo baten deskribapena zeukan hizki handiz alde bat guztiz betez. Poltsa berriro ere dendara itzultzeko eskatzen zuen mezuak, baina arropaz beteta, erabiltzen ez ditugun edo armairuan zahartuta ditugun arropaz beteta. Berriro beste norbaitek janzteko, berrerabiltzeko edo birziklatzeko konpromisoa hartzen zuten.

«Zein da zure bizitzako istorioa?», galdetu didate gaur laneko elkarrizketa batean. Urteetan zehar bildutako esperientzien bilduma bat. Batean eta bestean ikasitakoekin hobetuz eta oraindik gehiago hobetzeko ilusioarekin eta motibazioarekin. Elkarrizketa berean hiruzpalau aldiz galdetu didate nola aplikatzen ditudan aurreko proiektu batean ikasitakoak oraingo lanpostuan, nola hornitzen diren ideia berriak iraganeko esperientziez. Ideia zaharrak birziklatzeaz aritu gara.

Etxera itzuli aurretik lantokiko lehenengo solairuko kafe-etxean bazkaldu dudanean, ondorengo hamabi hilabeteetan beteko duten helburua gogorarazi didaten hainbat seinale ikusi ditut. Plastikoaren erabilera murrizteko konpromisoa hartu dute; 2020. urterako enpresak ez du plastikorik erabiliko. Hogei mila pertsonatik gorako enpresa batentzat ez da erronka txikia.

Duela urtebete eman nion hasiera London Calling zutabe honi. Orduan Brexitaren desengainuaz ari nintzen. Sustraien indarraz. Eta, Londresen bizi naizelarik, distantzia kudeatzeaz. Ez dakit orduan eman nuen irudi hura zenbateraino hobetu den. Kaos izugarria dago oraindik ere Brexitaren inguruan; gaur Parlamentuan Theresa Mayri aurpegiratu dioten moduan, bada garaia dagoeneko bi urtez alboan daramagun mamu hori gainetik kentzeko, zer gertatuko den argitzeko. Nire hausnarketa pertsonalagoei dagokienez, oraindik ere presente jarraitzen dute, egunero barrenean bueltaka, eta, are gehiago, oraindik ere indar gehiago hartu dute azken urtean; oreka hobea nola lortu, egoera nola hobetu, ariketa nekaezinean jarraitzen dudan bitartean.

Esperientziak eta ikasitakoak erabiliz, 2019an arrastoa uztea, iaz baino arrasto handiagoa uztea da nire buruari jartzen diodan helburua. Plastikorik gabeko arrastoa. Garrantzitsuak diren horiek gehiago ikusiko eta ulertuko dutena. Urte berri on, irakurle. •