Isidro Esnaola

Kontsumitzaileen datuak biltzeko lehia bizia

Kontsumoko elektronikari eskainitako Consumer Electronics Show azoka egin berri da Las Vegasen. Azoka zinez garrantzitsua bada ere, aurten bisitariek ez dute nobedade handirik aurkitu bertan. Jendeak 5G teknologiaren inguruko berrikuntza ikusgarriak espero bazituen ere, adituek ez dute nabarmentzeko moduko ezer ikusi. Bai, ordea, telebistaren esparruan, non Hego Koreako konpainiek, Samsung eta LG erraldoiek batez ere, microLED teknologian oinarritutako pantaila berriak erakutsi dituzten. Samsungen kasuan, bereizmen handiko pantaila izan da izarra. LGk, aldiz, LED organikoekin egindako pantaila bilgarria aurkeztu du.

Horrez gain, bi aldaketa aipagarri izan dira azokan. Alde batetik, sentsoreekin hornitutako produktu asko izan dira, etxetresnetatik zapata eta azpiko arroparaino. Zentzu horretan, datu bilketari gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio ekoizpenaren ia edozein esparrutan. Horren erakusgarri izan da Las Vegaseko bigarren berrikuntza. Telebistak ekoizten dituzten lau enpresa handienek –Hego Koreako Samsung eta LG, Japoniako Sony eta AEBetako Vizio–, lehen aldiz beren produktuetan Apple etxearen zerbitzuak eskainiko dituztela ikusi da, iTunes eta Siri laguntzaile birtuala kasu. Apple etxeko zerbitzuez gain, kontsumitzaileak aukera izango du Amazon eta Google konpainienak ere erabiltzeko. Aldaketa horrekin Apple multinazionalak neurri handi batean orain arteko bere politika aldatu du: gailuen bateragarritasunaren aurkako bere jarrera baztertu duela ematen du.

Erabaki horren atzean bi arrazoi egon daitezke. Alde batetik, Apple konturatu da ez duela gailu guztietan lehiatzerik eta erabaki du hobe duela indartsu den eremuetan bere gailuak hobetzen jarraitzea, gainontzeko esparruetan espezializatutako enpresekin akordioak bilatzen dituen bitartean. Bestetik, ikusi du adimen artifizialerako hain beharrezkoak diren datuak biltzeko bere gailuetatik harantzago joan behar duela. Azken finean, jendeak gailuak nola erabiltzen dituen eta zerbitzuak nola kontsumitzen dituen ezagutzeak gero eta garrantzi handiagoa du. Datu horiekin ekoizpenaren norabidea finkatzen dute enpresek. Era berean, datuok eskaintzen dituzten zerbitzuak egokitzeko ere badira baliagarriak.

Pentsa dezakegu datuak eta horien lanketa enpresek ekoizten dituzten produktuak hobetzeko direla baliagarriak. Zenbait kasutan eta neurri batean horrela da. Oro har, baina, hesi eta eragozpen berriak sortzeko balio du lanketa horrek. Hau da, beraien eremuko lehiakideen sarrera murriztea lortzen dute horrela enpresek. Esate baterako, Rolls Royce etxeak hegazkinentzako motorrak ekoizten jarraitzen du, baina, orain, saldu beharrean, alokatu egiten ditu, mantenua eta ordezko piezak eskainiz. Motorrok sentsorez josita daude eta izugarrizko datu bilketa egiten dute. Horrela, zer baldintzetan lan egin duten, zerk kaltetzen dituen gehien… jakiten dute. Informazio horrek, noski, motorrak hobetzeko balio du, baina baita lehiakideak baztertu eta Rolls Royce etxearen nagusitasuna finkatzeko ere.

4.0 Industriari edo Gauzen Interneti (IoT) buruz aurrerapen onak balira bezala hitz egiten da, baina, berrikuntza guztiak bezala, berez ez dira ez onak ez txarrak. Testuinguruan dago gakoa: jabeak nortzuk diren, zertarako erabiltzen dituzten, nork kontrolatzen dituen… Kate ikusiezin batean harrapatuta gelditu baino lehen, bada garaia galdera politiko horiek egiten hasteko. •