2019/01/26

Erreportajea
TRUMP: SHOWA ETA KAOSA
Bi urte bete berri dituen Trumpen presidentetzak anabasa du ardatz

«Bakarrik nago erabat –ni bai gaixoa, ni– Etxe Zurian». Twitterreko mezuak –ironiaz betea eta Donald Trumpek abenduaren 24an Gabonetako oporrak Floridako Mar-a-Lagon duen luxuzko klubean igarotzeari uko egin zionean idatzitakoak– AEBetako presidente tematiaren isolamendua eta frustrazioa erakusten du.

AFPtik itzulita (Dabid Lazkanoiturburu)
0126_trum2

Magnateak, 72 urte eta beti gorbata gorria kolkoan, bi urte bete ditu aste honetan Etxe Zurian, Ameriketako Estatu Batuetako historian izan den shutdown-ik (Administrazio federalaren etena) luzeenean.

Legeak haustea eta probokazioa gogoko ditu Trumpek, eta epe honetan antzinako kodeak eta ohiturak astindu ditu, instituzioak hankaz gora jartzeaz gain, AEBek sinatuta zituzten itunak lurperatuz.

Gutxienez kaotikotzat jo daitekeen legealdi baten erdian, gauza bakarra dago argi: teleshowen aurkezle, Fox New katearen jarraitzaile amorratu eta komunikabide «gezurtien» kritikariak bereari tinko eusteko asmoa du eta presidentetzak ez du horretan aldarazi.

Gezurrez, irainez eta ortografia akatsez betetako tuit andanak bitariko eraginak ditu estatubatuarrengan. Batzuentzat liluragarriak dira, besteentzat gogaikarriak edota beldurgarriak. Baina batzuek zein besteek gauza bakarra ikusten dute eszenatokian: ia-ia bakarrik dagoen presidentearen irudia, bere inguru guztia hustu duen agintariarena.

«Trump bera da showa eta sarrerak agortuta daude. Ondo pasatzen dut eta hobeto pasatzen jarraituko dut». Esaldiak atzo bertan esandakoa dirudi, baina eraikuntzako magnateak 1990ean “Playboy” aldizkariari eman zion elkarrizketa batekoa da izatez.

Historiaz beteta dagoen Bulego Obal izugarriak, Etxe Zuriko paretetan eskegita dauden bere aurrekoen irudiek... ezerk ez du newyorktar hau aldarazi, ezta pentsatu ere.

Bere aurretik West Wing (Mendebaldeko Aldea) okupatu dutenetatik aldenduz, AEBetako 45. presidenteak epaileak iraindu ditu eta gerra preso ohi baten inguruan trufa egin du. Dagoeneko, ia-ia inor ez du harritzen Trumpek.

Ameriketako Estatu Batuen historian lehen presidentea da porno izarrekin, espioi errusiarrekin eta fastfood kateekin batera sarri titularretan azaltzen dena, eta bere kontseilari leiala izan zen Kellyane Conwayk aldarrikatzen dituen «ekintza alternatiboetan» benetako maisu bilakatu da.

Zintzotasuna edo ausarkeria

Bere jarraitzaileek txalotu egiten dituzte Trumpen presidentetzaren datu ekonomiko onak, hitz egiteko orduan duen «zintzotasuna» (ausarkeria?) goraipatzen dute, kanpainan zehar agindutakoa ahaztu ez izana, Txinari kristorenak eta bi esateko ausardia eta bere «abertzaletasunaren» aldarrikapena, itzulinguruka ibili gabe. Bere aurkariek, ordea, presidentea nagi handi bat besterik ez dela diote eta bere Twitterreko kontua irain hutsa dela presidente guztien historian, 1789an George Washingtonekin hasi eta Abraham Lincolnekin, Franklin Rooseveltekin eta John F. Kennedykin jarraitu zuen ibilbide presidentzialean.

Oraingoz, Alderdi Errepublikanoko ordezkariak bere alde daude, noizean behin baten batek egoneza azaldu badu ere; esaterako, Trumpek Helsinkin Errusiako presidente Vladimir Putini egin zion harrera beroarekin, Saudi Arabiak Jamal Khaxoggi kazetaria torturatu, erail eta desagerrarazi ostean izan zuen erreakzioarekin eta arrazakeriaren aurkariak eta neofaxistak Charlottesvillen aurrez aurre liskarretan hasi zirenean «bi aldetan jende ona» zegoela esan zuenean.

Hala ere, Trumpen agintearen bigarren zatia arriskutsu dator, Moskurekin izan dituen harremanen nondik norakoen kontuagatik (Errusiagate).

«Sekula santan ez dut Errusiaren alde lan egin», ziurtatu behar izan du hedabideen aurrean, AEBetako presidente baten ahotan halakorik inoiz ez zutela entzungo pentsatu zuten kazetarien aurrean.

Amaierara arte jarraituko ote du Trumpek ala Richard Nixonen patu berbera pairatuko du Robert Mueller fiskal bereziak ikerketa bukatzen duenean? Bigarren agintaldirako hautatua izango ote da, bere hiru aurrekoek, Barack Obamak, George W. Bushek eta Bill Clintonek, lortu zuten eran?

Gaur-gaurkoz, Donald Trumpek bere jarraitzaileen babesa mantentzen du, “Make America Great Again” kasketari temati eutsiz. Gallup Institutuaren aburuz, Miss Univers lehiaketen jabea izan zen magnatea lehen presidentea da historia osoan bere lehen urteetan %50eko onespenik ere lortu ez duena.

Hori bai, eguneroko prentsaurrekoak pikutara bota ditu Trumpek, eta berea eta beretzat du megafonoa. Bitartean, ohiko komunikabideei «berri faltsuak» zabaltzen dituztela leporatzen die eta «herriaren etsaitzat» ditu.

«AEBetako sarraskia

Borroka profesionalaren jarraitzaile sutsua, Trumpek energia sobran du, baita lehiatzeko gose asegaitza ere.

Kanpaina hasi zuenean irribarre batekin gutxietsi zutenek primarioetan 16 aurkari errepublikanoren eta Hillary Clinton demokrataren –azken egunera arte faboritoa zen hautagaiaren– gainetik geratzen ikusi behar izan zuten.

2017ko urtarrilaren 2oan, New Yorkeko Queen auzoan jaio zen enpresaria Etxe Zurira iritsi zen, bere hitzaldian «AEBetako sarraskiarekin» amaituko zuela aginduz Kapitolioko eskailerak dardarka jarri eta ordu batzuetara.

Apurka-apurka, bere inguruko gehienek alde egin dute, edota bere ondotik bota ditu lausengua erabat maite, eta behar, duen Trumpek.

Egun, bere abokatu ohi Michael Cohen du jomugan. «Merezi ez duen gizonarekiko izan dudan leialtasun itsua gaitzesten dut», adierazi du Stormy Daniels porno aktorearekin ezkutuko tratuak egiten zituen Cohenek, Trumpek aginduta gezurra esan zuela onartu berri duenak. Izan ere, negozioetan nahiz politikan printzipio sinple bezain tinkoari eusten dio presidenteak: «Nirekin edo nire aurka», ñabardurarik gabe.

James Comey-k, Trumpek kargutik bota zuen arte FBIren arduradunak, hau idatzi du bere memorietan, presidenteak bere ingurukoei exijitzen dien leialtasun-kodea bera fiskal lanetan hasi zenean mafiako buruek zutena dela.

Hondorik gabeko pinotxoa

«Pixka bat esajeratzea inoiz ez dator gaizki», zioen Trumpek 1987an argitaratu zen “The Art of the Deal” liburuan. Egun bere merituak goraipatzen ditu, inolako lotsarik gabe. «Zerga kontuetan inork ez daki nik beste» hori errepikatzen du behin eta berriz hainbat gaitan: eraikuntzan, droneetan, AEBen historian, ISIS taldeari buruz edota energia berriztagarrien auzian.

“The Washington Post”-en facts-checkers-ek (errealitatearen egiaztatzaileek) kategoria berria asmatu behar izan dute, «hondorik gabeko pinotxoa», berri faltsu edo okerrak 20 aldiz baino gehiagotan errepikatzen dituenarentzat.

XXI. mendeko geopolitika mugikor eta konplexuan Trumpek jomugan ditu Justin Trudeau, Emmanuel Macron, Angela Merkel eta Theresa May, eta, aldi berean, agintari larderiatsuekiko miresmena du, Xi Jinping-engandik hasi eta Kim jong Un-enganaino, Vladimir Putin ahaztu gabe.

Bitartean, zaborrontzira bota ditu hainbat itun eta konpromiso, Klimari buruzko Pariseko Akordioa, adibidez.

Hala ere, abisu larriena ez dute Trumpen aurkariek egin, orain gutxira arte Pentagonoko buru izan den Jim Mattis-ek baizik. “Txakur Zoroa” gaitzizenez ezaguna den jeneralak diplomaziaren legerik oinarrizkoena ekarri zuen gogora: «Kideak errespetatu egin behar dituzu».

«Aitatxo!»

Etenik gabeko dimisioak eta kargugabetzeak direla medio, benetako bizkarrezurrik ez duen Etxe Zurian familia da Trumpi geratzen zaion bakarra. Eta guztiz bat eginda dago.

Melania Trump bera ere itzuli egin da, hasiera batean senarrarengandik urruntzen ari zela zirudien arren. Jatorriz esloveniarra den modelo ohiak bere senarraren erretorika bere egin du komunikabideen aurrean.

Ivanka bere alaba kutuna Penssylvaniako hiribideko 1.600. zenbakian bizi da oraindik eta Donald Trumpek onartu du bere aholkuak kontuan hartzen dituela. «Deitzen zidan zera esanez: ‘Aitatxo, ez duzu ulertzen. Hau egin behar duzu, benetan egin behar duzu!’», azaldu zuen presidenteak iragan abenduan Justizia Penala aldatzeko legea sinatu zuenean. «Orduan esan nion, ‘OK, ondo dago», gogoratu zuen, barrezka.

Allan Lichtman, Washingtongo American Universityn historiako irakaslea, Trump enpresaburuaren garaipena iragarri zuen bakarrenetarikoa da eta, bere ustez, AEBetako instituzioak «kinka larrian» jarri ditu «historian aurrekaririk ez duen» presidente honek.

Hala ere, nolabait baikor azaltzen da Lichtman. «Sezesio-gerra eta Watergatea atzean uztea lortu genuen»; beraz, «2021ean gauzak aldatuko dituen beste presidente bat etor daiteke».