Amagoia Mujika Telleria
MARRAZKI MARATOIA

Hendaiak 50 marrazkilari inguru bilduko ditu 62. SketchCrawl deialdian

Koadernoa aldean hartu eta inguruko paisaia, pertsona, arkitektura... marrazkietan harrapatzea. Horixe da, gutxi gorabehera, SketchCrawl ekimenaren abiapuntua. Topaketak, marrazki maratoiak, bere 62. aldia izango du asteburuan munduko hamaika txokotan. Tartean, Hendaian, Euskalherria’s SketchCrawl taldeak deituta.

Lehen deialdia Kaliforniatik egin zuen Enrico Casarosak 2006. urtean. «Hiriaren inguruko marrazki bizkorren eguna» bezala deskribatu zuen. Finean, «nire arkatz eta akuarelekin nire inguruan ikusten dudana gelditu eta koaderno batean jasotzeko ahalegina». Bakarrik hasi zen, baina azkar konturatu zen taldean interesgarriagoa izango litzatekeela esperimentua eta zabaldu egin zuen deialdia.

Toki bakarrean hasitakoa laster bihurtu zen toki askotakoa eta jende askorena, sareak eskaintzen dituen aukerei esker. Gaur, urtarrilaren 26a, SketchCrawl ekimenak bere 62. topaketa antolatu du munduko txoko ugaritan; tartean, Hendaian, Euskalherria’s SketchCrawl taldeak deituta. 50 marrazkilari inguruk parte hartzea espero da.

Hendaiako deialdia Artzentalesko (Enkarterri) Gorka Belasko marrazkilariak antolatu du. «Munduan zehar deialdi horretara lotzen diren talde desberdinak daude. Horietako bat da Euskalherria’s SketchCrawl. Deialdi horiek markatzen digute erritmoa urtean zehar. Lau deialdi izaten dira, urtaro bakoitzean bat gutxi gorabehera», agertu du. Marrazketa topaketa horiek ezaugarri jakinak izaten dituzte: irekiak, parte-hartzaileak, horizontalak, lehiarik gabekoak eta musu truk egiten direnak. Hortik aurrera, marrazkilariek egunean zehar beren koadernoan metatzen duten ekoizpen grafikoa sare sozialen bitartez zabaltzen da ondoren, «hartu gaituen herriaren izena eta izana lau haizetara zabalduz», nabarmendu du Belaskok.

SketchCrawl eta Urban Sketchers ekimenak ez dira gauza bera, badituzte tasun propioak. Baina Belaskoren ustez, baten dekalogoak balio du bestearentzat. «Tokian marrazten dugu, barnean ala kanpoan, ikusten duguna zuzenean islatuz. Gure marrazkiek gure inguruko istorioak kontatzen dituzte, bizi garen eta bidaiatzen dugun tokietakoak. Marrazterakoan, toki eta une jakin bat islatzen dugu. Ikusten ditugun eszenekin leialak gara. Estilo ezberdintasuna ospatzen dugu eta edozein tresna eta euskarri erabiltzen dugu. Elkarri laguntzen diogu eta taldean marrazten dugu. Gure marrazkiak sarean elkarbanatzen ditugu. Mundua marrazkiz marrazki erakusten dugu».

SketchCrawl topaketetan leku bakoitzaren ezaugarriei egokitutako ibilbide bat proposatzen da. Hortik aurrera, bakoitzak erabakitzen du begirada zertan finkatu. Hendaiarako gaur prestatu duten egitaraua hondartzan hasiko da goizeko hamarretan, Kasinoaren aurrean. Hasierako agurraren eta taldeko argazkiaren ondoren, marrazkilari bakoitzak aukeratuko du bere bidea eta erabakiko du bere lana nora bideratu; paisaiak, pertsonak, arkitektura...

Ordu bata eta erdietan pilotalekuan daukate hitzordua jarria bazkaltzeko. Bazkalostean ere izango da zer gozatu.

Sare sozialek indartua

Koadernoa eta taldea, horiek dira SketchCrawl topaketen ezaugarri nagusietakoak. Belaskoren hitzetan, «koadernoaren gaineko lana klasiko bat da, nolabait esatearren. Baina sare sozialen bitartez indar berri bat hartu du. Marrazteko elkartzea eta denok batera aritzea da ekimenaren muina. Deialdiak askotan aitzakia ederra izaten dira elkartu eta batera marrazteko. Deialdiak sarearen bitartez egiten dira, lanak sarean partekatzen dira, elkar ezagutzen dugu sareei esker... egia da sare sozialek parte handia izan dutela topaketa horietan. Jendea biltzea, ikastaroak antolatzea, jardunaldiak, azokak koadernoaren inguruan... sare sozialei esker hori guztia errazagoa da», azaldu du Belaskok.

Gero eta jende gehiago ez ezik, gero eta diru gehiago ere mugitzen omen da marrazketa maratoi horien inguruan. «Gurean oraingoz ez, musu truk izaten delako eta hori da, hain justu, gurearen berezitasunetako bat. Baina beste toki batzuetan diru asko mugitzen da SketchCrawlen inguruan. Topaketen inguruan jendea elkartzen da, egonaldiak egiten dituzte herri edo hiri horietan, jardunaldiak antolatzen dira, ikastaroak, azokak... mundu guztiko jendea batzen da horrelako topaketetara eta mugimendu handia sortzen. Katalunian, adibidez, indar handia dauka. Jendea kalean marrazten aritzen da eta hor ez da dirurik sortzen, baina bai horren inguruan».

Topaketa horietan jakintza handia partekatzen dela ere nabarmentzen dute parte-hartzaileek. Izan ere, parte-hartzaileen aniztasuna ez da bakarrik geografikoa, marrazketaren adiera desberdinetatik datorren jendea batzen da eta baita maila oso desberdinetan dagoena ere; hasiberria eta ibilbide luzea duena, biak elkarren ondoan topatu daitezke kalean beren koadernoetan marrazten. «Kalean marrazten aritu zaitezke puntako profesional batekin, berdinetik berdinera. Ez dago lehiarik. Ez daukazu arazorik dakizuna mahai gainean jartzeko eta ez daukazu lotsarik ez dakizuna agerian uzteko. Ikasteko tresna aparta da; erreferentziak, trikimailuak, bibliografia...», iritzi dio Belaskok.

Marrazkilariaren lanak, beraz, ez du zertan bakartia izan, nahiz eta normalean horrela begitantzen den. «Lehen bakartitzat genuen akaso; bakoitza bere etxean, bere koadernoarekin... orain elkartu egiten gara eta zalantzak, hausnarketak, lan egiteko moduak... partekatzen ditugu. Garrantzitsua izan da elkartzea. Eta egia da hori sareek ahalbidetu digutela, gure lana bizitzeko beste modu bat eman digute».