Koldo Sagasti

Maccabi, lagun mozkortia

Bi aste dira Pablo Casadok Madrilgo hauteskundeetarako hautagaien izenak jakinarazi zituela. Erkidegoko presidentetzarako lehiatuko dena Isabel Diaz Ayuso izango dela iragarri zuenetik ordu gutxira, PPko Komunikazio Idazkariak aldaketa txiki bat egin zuen bere sare sozialetako profiletan eta adierazpen konprometigarri bat ezabatu: «Israelen laguna». Ez dezagun pentsa presidentegaiak giza eskubideen arrazoibideak beretzat hartu eta apartheid erregimenarekiko laguntasun harremana apurtu duenik. Ayusok ez dio utzi Israelen laguna izateari; baina, nonbait, pentsatuko zuen horrelako aitorpen publikoa polemikoa izan litekeela goi mailako erakunde baten buru izateko xedea duen politikari batentzat. Israel kuadrillako lagun mozkortia bezalakoa da. Behar baino gehiago edaten duenean lotsagarri utziko gaitu, eta zenbaitetan gure laguna denik ere ukatuko dugu; baina, hala ere, maite dugu.

Datorren astean Tel Aviveko Maccabik Euskal Herria bisitatuko du, berriz ere. Gauza jakina da, saskibaloi klub israeldarrak ardura intelektual zuzena izan duela armada sionistak burututako zenbait gerra krimenetan. Hala ere, azken hamar urteotan bezala, bertako erakunde publikoek, saskibaloi klubak, prentsak eta polizia aparatuek ongietorri lagunkoia egingo diote erregimen sionistaren kirol enbaxadoreari.

70eko hamarkadan Springbok, Hegoafrikako errugbi talde nazionala, mundu mailan boikotatu zuten bezala, goizago edo beranduago Maccabi ere apestatu bilakatuko da nazioarteko lehiaketetan. Orduan, gaur alfonbra gorria jartzen diotenek ukatu egingo dute behinola Israelen lagunak izan zirela; euren baitan lagun mozkortia maitatzen jarraitzen badute ere. •