Iñaki Soto

«Metakazetaritza» eta 2019rako joera nagusiak

Kazetaritzari buruzko gogoetaren esparruan hamaika artikulu eta txosten argitaratzen dira egunero. Ikuspuntuak askotarikoak dira: negozio ereduari buruz, ofizioari buruz, teknologia berrien eraginari buruz edo horiei guztiei buruz aldi berean idazten dute adituek. Baita adituak ez direnek ere. Hauetatik zenbait artikulu akademikoak dira, beste zenbait korporatiboak eta, egunero-egunero, honi buruzko kazetaritza artikuluak egoten dira egunkari eta web orrialdeetan. Ondorioz, «metakazetaritza» bera joera bat dela esan daiteke.

Orokorrean, idatzi hauen kalitateaz, denetik dagoela esango nuke. Lanbidearen ikuspuntutik, asko eta asko funsgabeak direla uste dut. Sarri, erredakzio batean sekula egon ez diren pertsonak gure lanari buruz pontifikatzen ibiltzen direla kritikatzen dute kazetariek. Nire kritika ez da ez direla erredakzioan egon, baizik eta ez dutela asmatzen. Adibidez, negozioari eta lanbideari buruzko premisa asko faltsuak dira. Datuak ere ez dira oso kontuan hartzen, agian, hauek ere faltsuak direlako.

Lan interesgarriak ere badaude, jakina. Adibidez, oraintxe Reuters Institute-k eta Oxfordeko Unibertsitateak argitaratzen duten “Journalism, Media and Technology Trends and Predictions” txostena argitaratu da [https://bit.ly/2TKQWPY]. Lan honetan 29 herrialdetako 200 profesionalei egindako inkesta baten ondorioak biltzen dira. 2019rako joera hauek nabarmendu dituzte:

Komunikabideentzat harpidetzak lehentasuna dira. Adituen %52ren iritziz, hau izango da datorren urtean diru iturri nagusia. Hau aldaketa nabarmena da. Gure testuinguruan ere sumatu daiteke joera hau.

Bestelako babes, dirulaguntza eta subsidioak ere garrantzitsuak izango dira aurten. %29ren iritziz, irabazi asmorik gabeko erakunde edo fundazioetatik etorriko da babes hori; %18k teknologia konpainiek diru gehiago emango dutela uste dute; %11k uste dute gobernuek babesa handituko dutela; %29k ez dute uste inolako babes edo erreskaterik egongo denik. Eztabaida egon badago.

Trafiko iturriei buruz, Facebook-ek zeukan eragina gutxitzen joan da. Editore horien iritziz, Apple News eta You Tube-ren pare dago dagoeneko: %43ren ustez, garrantzitsua edo oso garrantzitsua izango da. Google-k datu hori bikoizten du.

Hirutik bik kezka handia dute kazetarien egoeragatik, prekarizazioagatik eta honek erredakzioetan dituen ondorioengatik. Langileak mantentzea (%73) eta erakartzea (%74) buruhauste handiak dira inkesta erantzun dutenentzat. Talentua urria da eta dirua gaizki banatua dago.

Ia bostetik lauren iritziz, adimen artifizialean inbertitzea garrantzitsua da; ez, ordea, pertsonak ordezkatzeko, zerbitzuak hobetzen laguntzeko baizik. Izan ere, bezeroei arreta pertsonalagoa ematea gakoa dela uste dute.

Askoren harridurarako, audioa berrindartzen ari da. Podcast-ak direla, irratia dela, bestelako zerbitzuak direla… datozen urteetan ahots bidezko zerbitzuak zabalduko direla uste dute %75ek. Adi egon beharko gara.

Orokorrean, pribatutasunaren, botere kontzentrazioaren eta informazio okerraren harira, aurten plataformen erregulazioa datorrela diote. Aldi berean, gezurren hedapenak sistema pozoitu du eta honek eragin zuzena du kazetaritzan. Ona edo txarra? Inork ez daki zer esan.

Joera hauek gurea ez den beste eskala batekoak dira, baina joera gisa interesgarriak iruditzen zaizkit. •