Maider Iantzi Goienetxe
Elkarrizketa
Josune Ibargoyen eta Clara Rosas
Magaleko emaginak

«Erditzeetan laguntzera familien etxeetara joateko zortea izan dugu eta orain guk ireki nahi diegu familiei gure etxeko atea»

Etxeko erditzeak laguntzen dituzten Josune Ibargoyen eta Clara Rosasek Magale Etxea irekitzeko pausoa eman dute. 2015etik etxeko atea ireki dieten familien ohorez jarri diote izen hori. Orain, emaginak dira etxea eskaintzen dutenak

Maitasun eta ilusio guztiarekin, emagin lanari pediatria, fisioterapia, osteopatia eta psikologia perinataleko zerbitzuak gehituz, emakumeak bere bizitzako ziklo guztietan zainduak sentitzeko toki goxo bat prestatu dute Clara Rosasek eta Josune Ibargoyenek, Donostiako Amara auzoan (Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarraren kalea, 1). Gainera, emakumeek elkarri laguntzeko sare bat sortu nahi dute, orduan «gauza sinestezinak gertatzen direlako».

Urtarrilaren 11n inauguratu zuten zentroa, haurdunaldiko eta erdiondoko doako tailerrak emanez eta besta batekin. Musika, pintxoak eta etxeko erditzeen argazki politak izan ziren. Jende aunitz bildu zen eta Ibargoyen eta Rosas kontent daude jasotako babesarekin. Harreman estuak ehuntzen dituzte familiekin eta pila bat betetzen ditu horrek. Elkarrizketa egin genienean, etxea atontzen ari zirelarik, hunkituta eta harro erakutsi ziguten emakume batek oparitu zien koadroa, euren leloa, “Maitatuz jaio”, hain ongi azaltzen duena. Etxeko erditzeekin jarraituko dute eta osasun publikoan sar daitezen borrokan ere bai. «Hau da gure pasioa eta hala biziko gara», diote aho batez.

Zergatik sortu duzue Magale Etxea?

J. I: Lehenengo hilerokoa etortzen denetik menopausiara, emakumeen ondoan egon nahi dugu, ditugun baliabideak eskura jarriz eta euren artean sareak sortzea erraztuz.

C. R: Etxeko erditzeak artatzea izan zen Magaleren lehenengo proiektua, baina erdiondoan bakardadea zegoela ikusten genuen. Askotan emakumeek babes handiagoa behar zuten eta sare bat sortu nahi genuen euren artean. Pentsatzen dugu horretarako modurik hoberena leku bat izatea dela denak hemen elkartzeko.

J. I: Erdiondoa asko idealizatzen da eta sarri ez da kontatzen oso momentu potentea dela eta emozio asko daudela hor. Beti esaten da ‘txikia ondo, denak ondo’, baina agian etxera doaz eta sekulako negarraldia egiten dute. Orduan, zergatik ez dira gauza horiek kontatzen? Kanpora begira dena ondo dago, baina agian ez da horrela eta ez da ezer gertatzen. Normala da. Egoera hau normalizatzea nahiko genuke. Noski baduzula motiboa pozarren egoteko, baina tristura edo gorabeherak ere eduki ditzakezu eta ez da ezkutatu behar. Laguntza eskatu, babesa eduki, eta listo, normalizatu. Ez gara superwomanak eta ez da ezer gertatzen.

Emakumea edo bikotea pixka bat bakarrik gelditzen da momentu horietan?

C. R: Orain familiak txikiak dira; ez da lehen bezala: amona, izebak eta ez dakit zenbat jende zegoen etxean eta zaintza banatu egiten zen. Orain guztiok gure pisuan, gure familia txikian gaudenez, ia-ia bizilagunak ezagutu gabe, sare hori galdu dugu.

J. I: Lana ere hor dago. Lehen emakume askok etxean egiten zuten lan eta orain etxetik kanpo. Orduan, kontziliazioa oso zaila da eta uste dut emakume askok hori buruan daukatela lehenengo momentutik: ‘Orain gauza pila batez arduratu behar dut eta gero nola egingo dut?’. Estres hori guztia ere eraman behar da, hainbeste babes eduki gabe, beste emakumeen faltarekin: bizilagunak, familiakoak…

C. R: Edo momentu berak bizitzen ari diren lagunak. Agian justu kuadrillako lehenengoa zara umea eduki duena.

Zein aditu dituzue Magale Etxean?

J. I: Emagin talde bat, bi fisioterapeuta, psikologo perinatal bat, yoga irakasle bat eta pediatra bat egongo gara. Clara, emagina izateaz gain, osteopata ere bada.

Erditze aurreko prestakuntza eta erdiondoko babesa emango ditugu, baita edoskitze kontsultak eta osteopatiakoak ere, haurdunaldian, erdiondoan zein txikiekin. Horretaz gain, doako edoskitze taldeak izango dira astero eta tailer asko egingo ditugu musu-truk. Adibidez, erditze on bat izateko haurdunaldiko gako nagusiak zeintzuk diren azalduko dugu. Edo erdiondo babestu bat edukitzeko edo erdiondoan ondo egoteko gakoak emango ditugu.

Sexualitatea jorratuko dugu, yoga klaseak emango ditugu eta hipopresibokoak ere bai zoru pelbikoa lantzeko, emakume guztientzat. Oso muskulu inportantea da zoru pelbikoa eta landu egin behar da. Orain arte ahaztu samar eduki dugu.

C. R: Magale Etxea proiektu potentea da. Gainera, bertako profesionalak emakume ederrak dira, Magaleko bide honetan ezagutu ditugunak. Batzuk gurekin erditu dira.

J. I: Polita izango litzateke haurdunaldian elkar ezagutzea eta zaintzarekin jarraitzea. Batzuk gurekin erdituko dira eta beste batzuk ez, baina, behin ezagututa, ongi legoke harremana edukitzea eta erdiondoko babesa ematea, gero gorputza berriro lantzea hipopresiboekin, txikiak ere pediatrarekin jarraitzea… eta auskalo, beharbada gurekin menopausiara arte.

Ez beti, baina noizbehinka, behar dutenean, jakin dezatela hemen egongo garela babesa eta laguntza ematen eta ditugun baliabideak eskaintzen. Emakume batzuek idatzi digute dagoeneko taldeetan izena emateko.

Beste familia bat bezala izanen litzateke?

C. R: Bai. Egia esan, Magale Etxea izena hortik dator. Familien etxeetara joateko zortea izan dugu eta orain guk ireki nahi diegu familiei gure etxeko atea. Magale Etxea guztion etxea izatea nahi dugu.

J. I: Ez bakarrik emakumeena eta familiena; emaginena eta osasun arloko beste profesionalena ere bai. Tailer bat, hitzaldi bat edo zerbait eskaini nahi badute espazio hau irekiko dugu beraientzat ere, jakinduria edo nahi dutena zabaltzeko edo partekatzeko.

Bikotekideei ere irekia da?

J. I: Erditze aurreko prestaketetara bikotekideak ongietorriak dira. Gainera, gomendagarria da eurak egotea.

C. R: Haiek ere erabakiak hartzerakoan partaide izatea eta informazioa edukitzea oso garrantzitsua da. Beren papera oso-oso inportantea da. Hori bultzatu nahi dugu. Beraiek ere jakiteko nola jokatu, zein den beren papera. Momentu oso bereziak dira eta ez dugu zertan jakin zein den gure rola bikotekide bezala. Horretan ere lagunduko dugu.

Etxeko erditzeen argazki politak bildu dituzue etxearen inauguraziorako.

J. I: Erditzeen inguruan dugun irudia pelikuletakoa da. Emakumea bere bizkarraren gainean etzanda, garrasika… Eta erditze baten irudia ez litzateke hori izan behar, baizik eta emakume indartsu batena, energiarekin, momentu potente baina positibo bat bizitzen. Errealizazio momentu bat bizitzen.

Menopausia aipatu duzue. Ez da gehiegi lantzen, ezta? Ez dago garai hori bizitzen ari diren emakumeen talderik.

J. I: Ez, eta galera bat dago hor. Momentu bat izaten da emakumeak pixka bat zaurgarri senti daitezkeena eta ez zaie babes asko ematen. Hilerokorik gabe gelditzen zara eta horrek inpaktatu zaitzake, zure bizitzan momentu potente bat izan daiteke. Aldaketa asko daude fisikoki, emozionalki, eta ez badaukazu babesik momentu gogorra izan daiteke. Orduan, gauza bera nahi dugu, hori normalizatzea, emakumeek jakin dezaten oso potentea izan daitekeela baina baliabide eta babesarekin ondo eraman daitekeela eta etapa polit bat ere izan daitekeela.

C. R: Ikusarazi ere egin nahi dugu. Batzuetan ezkutatua gelditzen da, ez dugu kontuan hartzen.

J. I: Bai, hilerokoa etortzen denean bezala da. Nesken artean askotan ez da esaten. ‘Honi hilerokoa etorri zaio’. ‘Bai? Zuk uste?’. ‘Bai, nik uste baietz’. Eta agian berak ere badauka hilerokoa duela bi hilabetetik. Jada helduak garenean ez gara bueltatuko horra. Ikasi beharko genuke etapa horretatik.

C. R: Baina berdin egiten da menopausian. Isilpean bizitzen da eta nahiko genuke etapa potente horri argia ematea.

J. I: Bai, oso polita izan daitekeelako. Beste ziklo batean sartzen ari zara eta ziklo horrek ez du zertan okerragoa izan. Beste jakinduria bat daukazu eta gauza piloa partekatu ditzakezu. Alde emozionala oso potentea da eta lotsa sentitzen bazara segur aski ez duzu hain ondo biziko. Baina askatasunarekin bizitzen baldin baduzu sexu harremanetan disfrutatuko duzu. Baldin badakizu gauzak nola aldatuko diren eta zure bikotekidearekin hitz egiten baldin baduzu, segur aski beste modu batean biziko duzue eta hori positiboa izan daiteke. Ez du zertan okerragoa izan. Baina horretarako informazioa eta babesa behar da. Ea menopausiaren arloan ere gauza politak egin ditzakegun. Batez ere, egoera normalizatuz, lotsa kenduz eta sarea eginez. Haurdunaldian edo erdiondoan bezala.

Gure baliabideak eskaintzeaz gain, emakumeek elkar ezagutuz sare polita egin dezakete. Asmoa da guk baliabideak ematea eta gero eurek baliabide horiek hartu eta beren artean erabiltzea. Konpartitzearekin edo hitz egitearekin jada pila bat egiten da. Baldin badakizu beste pertsona bat zure egoeran dagoela, hori partekatzea jada asko da. Eta inportantea da bai gaztea zarenean eta hilerokoa etortzen denean, bai sexu harremanekin hasten garenean, haurdunaldian, erdiondoan, menopausian… Sarea edukitzea ahalduntzeko bide bat ere bada. Hemen, Euskal Herrian, nik uste badagoela jarrera hori. Herri txiki bat gara eta beti egon da gure arteko babesa. Hori indartzea da gure xedea.

Donostia inguruan egon daitezke sarerik ez duten bikoteak edo emakumeak eta ongi etortzen ahal zaie etxe hau.

J. I: Hori espero dugu. Gurekin erditu diren emakume batzuk kanpotarrak izan dira. AEBetakoak, Alemaniakoak, Suitzakoak… Eta behin erdituta esan digute ‘beste neska bat ezagutu dut AEBetakoa; ze ondo, ze orain arte ez neukan inor hitz egiteko’. Jende piloa dago hemen esperientziak partekatzeko gogo handiarekin. Gauza da toki bat ematea elkar ezagutzeko; bestea beraiek egingo dute.

Bitartean etxeko erditzeak laguntzen jarraituko duzue.

J. I: Bai. Printzipioz erritmo berarekin, horretarako ere handitu dugulako lantaldea [2015ean hasi ziren eta lehen urtean 19 erditze lagundu zituzten. Laugarrenean, aldiz, 35. Guztira ehun erditze baino gehiago artatu dituzte]. Lau emagin gara orain: hiru egongo gara beti eta beste bat noizbehinka. Bi emagin hasi ginen eta orain lau emagin gara, bi fisio, pediatra bat, yoga irakaslea, psikologo perinatala… Ekipo handia egin dugu zerbitzu askoz ere zabalagoa edukitzeko eta lan potente bat egiteko. Eman dugun pausoa oso inportantea izan da. Aldaketa handia. Etxeko erditzeekin jarraituko dugu eta hau gehituko dugu, ideia ez baita lanez aldatzea baizik eta osatzea, emakumea modu holistiko batean zaintzeko. Psikologoaren lana, adibidez, oso garrantzitsua izango da, zati emozionalak leku handia duelako eta gauza asko landu behar direlako. Fisioak ere lan handia dauka egiteko: gorputza ulertzea, nolako mugimenduak egiten diren, nola aldatzen den… Pediatra oso goxoa eta profesional ona da eta izugarrizko gogoa du berak ere.

C. R: Leku fisiko bat izanez errazagoa izango da. Orain arte entitate bat ginen baina ez geunden inon fisikoki. Orain errealagoak eta eskuragarriagoak izango gara. Eta, aldi berean, gurekin erditu nahi dutenek aukera edukiko dute jarraipena zehatzago egiteko. Diziplina ezberdinak elkartzea oso interesgarria da. Guk emagin bezala ekarpen handia dugu egiteko, baina beste profesionalek ere bai. Pertsona holistikoak garenez eta gure beharrak ezberdinak direnez, poz-pozik lan egingo dugu profesional ezberdinekin.

Izan duzue erreferenterik egitasmoa sortzeko?

C. R: Bai, Katalunian etxeko erditzeak artatzen dituzten ia talde guztiek zentro bat dute.

J. I: Iruñean ere badago zentro bat, Maternalia. Haurdunaldiko eta erdiondoko zaintzak ematen hasi ziren eta orain dela hilabete batzuk etxeko erditzeak artatzen ere hasi dira. Beraiekin ere harremanetan gaude. Emagin askoren babesa jasotzen ari gara eta hori oso inportantea izaten ari da gure proiekturako ideiak hartzeko [solasean ari garela telefonoak jo du zenbait aldiz. Guardian daude eta tarteka Rosas elkarrizketatik ateratzen da erantzuteko].

Zenbat haurdunaldi dituzue esku artean orain?

J. I: Hiru familiarekin gaude. Betiko martxan! [dio irriz]. Baina nahiz eta pixka bat neketsua izan 24 orduz guardian egotea bost astez, erditzera joaten gara eta energia txute hori handia izaten da. Oso baikor egoten gara eta erditzea pila bat gozatzen dugu.

Beti?

J. I: Bai, beti. Erditze bat guretzat festa bat da. Txikiari ongietorria egiteko modurik onena. Eta familia horrekin sortzen dugun lotura eta ospatzen duguna zoragarria izaten da. Orduan, beti ateratzen gara ‘oxitoziniko’ [barre egiten du]. Familiak laino batean gelditzen dira, baina gu ere bai. Orain ziurgabetasuna dugu zentroa nola joango den, eta erditzeek beti laguntzen dute energia hartzen. Familiek asko babesten gaituzte. Zentro bat ireki behar dugula jakin dutenean guztiek idatzi digute: ‘Animo neskak, hemen gaude behar duzunerako’. Erreforma egiten ere lagundu digute. Familia batek muralak jarriko dizkigu. Guk gure aldetik emozionalki edo pertsonalki asko ematen dugu, baina era berean asko jasotzen dugu bueltan eta horrek prozesuan jarraitzen laguntzen digu. Pozik gaude. Bertigo pixka batekin, baina pozik.

Apustu handi bat da.

J. I: Berriro hastea bezala. Nahiz eta Magale enpresa bat izan, hau zerotik hastea da gutxi gorabehera. Ibilbide bat dugu atzean, baina pauso hau berria da. Ondo joango dela uste dugu.

C. R: Erabakiak libreak izateko eta prozesua kontzienteki bizitzeko, izan ospitalean izan etxean, prestakuntza bat behar da eta hori izango da gure helburua saio hauekin: gorputzaren kontzientzia hartzea, zer bizitzen ari garen jakitea, zein aukera dauzkagun… Prozesu sorpresa hauetan, inork ez baitaki nolakoa izango den erditze bat edo erdiondo bat; behintzat informazioa eta baliabideak eskuetan edukiz askoz errazagoa izango da ongi eta baikor bizitzea, informazioa boterea delako, eta zeinek daki guk baino gehiago gure gorputzaz? Erremintak ematea da gure helburua; autoezagutzak autoahalduntzera eramaten du, feminismoak bultzatzen duen bezala, eta arlo honetan gabiltza. Ahizpatasuna bultzatuko dugu sarean. Iritsi da momentua, emakumeen momentua da, gauzak ja aldatzeko. Hori da guk egin nahi duguna. Erditze oso traumatiko bat izanez gero, badaude erremedioak. Psikologo perinatal batekin lan egitea ideia paregabea da, edo osteopatia saioak jasotzea. Normala ez dena da emakume batek txiza gainean egitea edo sexu harremanetan min hartzea.

J. I: ‘Normala da, orain dela gutxi erditu zara’, esan izan da. Baina ez da hala. Ohikoa bai, baina normala ez da.

C. R: Eta hori saihesteko erremedio asko daude eta horretarako gaude profesionalak. Gure sexualitatearekin lotutako kontuak direnez, betiko moduan isilpean eta sufrimendu hori normalizatuz bizitzen dira. Eta ez. Erditu eta gero ez da normala mina izatea harremanetan, eta hala baldin bada, lasai, aukerak daudelako hori gainditzeko. Horretarako ere egongo da Magale Etxea.

J. I: Zauri fisiko zein emozionalak lantzeko, eta horiei aurrea hartzeko ere bai.

Zalantzak argitzera etor daiteke jendea?

J. I: Noski. Eta hilabetero egingo ditugunez doako tailerrak, hori da zalantzak argitzeko eta beldurrak lantzeko bide bat.

C. R: Jendeari galdetuko diogu zer nahi duen lantzea doako hitzaldi eta tailerretan. Guk proposamen bat egingo dugu, baina oso kontziente gara hau aldatzen eta garatzen joango dela eskaeraren eta beharraren arabera.

J. I. Informazioa emateko, emakumeak babesteko eta laguntza emateko gaude. Jendartearen zerbitzura egongo gara.

C. R: Jendeak eskatzen digunera moldatzen saiatuko gara. Eta gure esku ez dagoen zerbait baldin badago, behintzat jakitea nora bidali. Ilusioa eta bihotza jarri dugu hemen eta pentsatzen dugu gauzak hala, barrutik, egiten direnean ondo joaten direla.

J. I: Orain arte hala izan da eta hala jarraituko dugu. Agian ekonomikoki ez da bueltan etortzen, baina pertsonalki edo emozionalki bai. Profesional bezala oso beteta sentitzen naiz, errealizatua. Eta hori ezin da ordaindu.