Miren Azkarate Badiola

Rin eta rin ezin lorik egin

Lo egitearen beharraren garrantziaz ez gara ohartzen arrazoi bategatik edo besteagatik lo egiten ez dugun arte. Orduan konturatzen gara deskantsu ordu horiek gabe zein zaila den egunerokoari aurre egitea. Are zailagoa, umore onarekin!

Jende asko ezagutzen dut bere bizitzako momentu jakin batean loarekin arazoak izan dituena; nik neuk ere bai. Dela buruan gai bat edo gehiago bueltaka dabilzkigulako, dela muturreko egoera bat (gertuko norbaiten heriotza, istripua…) bizi dugulako, dela haur bat dugulako.

Kontua da ondorioak askotarikoak izan daitezkeela: interneteko orrialde batzuetan begira aritu naiz eta fisikoak zein psikologikoak izan daitezkeela diote adituek. Kontzentrazioan, atentzioan eta gogo-aldartean eragiten dute, batzuetan antsietatea eragin eta depresiora bultzatu arte. Bai, ni ere identifikatua sentitzen naiz. Era berean, ahulago gaudenez, gure sistema immunologikoa baxu dago eta horrek edozein birus edo bakterio errazago hartzera garamatza.

Beraz, geure burua zaintzeko gomendioak ematen dizkigutenean, kirola egiteari eta gutxiago jateari ez ezik, ea garrantzi handiagoa ematen diogun loaren baldintzak zaintzeari; izan ere, konturatzen zarenerako… lo nola hartzen den ere ahaztu zaizu!

Ondo lo eginda bizitza desberdin ikusten da, zoriontsuago gara eta denak errazagoa eta politagoa ematen du. Baietz? •