2019/02/09

Mikel Zubimendi
Gu GARA garena eta egin, etorkizuna egingo dugu

Etorkizuna ez da gertatzen; historia lez, egin egiten da. Gu GARA garenak, eta etorkizuna egiteari uko egingo bagenio, garen hori, den-dena galduko genuke

Espoliazioa GARAri! Han eta hemen aditu ditut kezka, amorrua, laguntzeko prestutasuna eta beste. Bistan da elkarrizketa publikoan ibili dela, dabilela, egunkari honen aurkako bidegabekeria. Atentzioa eskuratu eta jendea arduratu duela. Besterik da hamar mila harpidedunen erronka helburu, herri erantzun zabal eta jendetsua antolatzen asmatuko den ala ez. Itxaropena badut, bai, konfiantza handia. Gure komunitatearen zentzu onean, ahalegin hori bideratzen ari direnengan, eta, batez ere, gaiari nola heldu zaion ikusteak ematen duen ziurtasunagatik.

Atzera begiratu baino aurrera begiratzen jarri garelako. Jakina urte oso gogorrak datozela, ahaleginak biderkatu egin beharko direla, desafioak erraldoiak direla, kontuak egin beharko direla eta abar. Baina zauria miazkatzera mugatu baino, iraganeko traumak freskatu, iraganeko diru-bilketen errezetak errepikatu baino, etorkizuna jarri da erdi-erdian, etorkizuneko proiektu komunikatibo baten indartzea, mundu osoan berez larri eta krisian den sektore baten baitan urrutiko gogomira lehenetsiz, orainaldi petral betean etorkizuna ardatz hartuta.

Asko gustatu zait jarrera hori. Egokia da oso, bai GARA egunkariaren auzi honetan, baita politikan ere. Hori da hori asmatzea, hori. Ezin baita etorkizuna besarkatu iraganaren irrika badugu, memoria faltsuetan bertan gozo egoteko bultzada badugu. Okertutako sena da hori, kontsolagarria agian, baina okerra.

Nostalgia fenomeno kultural eta kognitiboa da, berez atzerakoia. Egia da, egia denez, komunitate batentzat, demagun ezkerreko herri abertzalearentzat, memoria komunak ahalegin konpartitu batean batuta mantentzeko itsasgarri direla. Elkarrekin pasatu ditugun zailtasun eta kalamitateak berriz begiratzeak aurrera jotzea errazagoa egiten duela. Baina egia da halaber, gero, gure buruan zaila suertatzen dela iragana orainaldiarekin doitzea. Ez, gauzak eta denborak ez dira doi-doi, ez ohi dira horrela ematen.

Egoera latzetan, krisialdi betean, orduan begiratu behar zaio hasi berri den etorkizunari. Etorkizun hori prestatzeak oraintxe bertan erabaki kontzienteak hartzea eskatzen du, eguneroko ohikeriarekin kezkatua eta blokeatua egon baino, atzerapauso txiki bat eman, okotza altxatu eta urruti-urrutira so eginez ekitea.

Historian zehar sarritan gertatu da etorkizuna iraganaren luzapen bat bezala ulertzea. Urte onak eta urte txarrak egongo zirela, baina bizitzak, bere orokortasunean, lehenago bezala aurrera segituko zuela. Industria Iraultzak, baina –eta beste motatako iraultzek ere bai–, aldaketak gure bizitzaren zikloan gertatzen zirela erakutsi zuen. Eta ideia bat ekarri zuen: aurrerabidearena. Etorkizuna ezberdina izango zen. Eta hobea, gainera.

Egun, azken esaldi horrekiko ez gaude hain seguru. Eszeptikoagoak gara. Etorkizuna, uste baino zabalagoa da, beldurgarriagoa, horizontean mehatxuek beren erliebe osoa hartzen dute. Egunerokoaz kezkatuagoak gaude, politikariek egunero jarraitzen dituzte inkestak. Baina datorren, gauzatuko den etorkizuna ez da soilik gertatuko; historia bezala, guk geuk egingo dugu, gure hitzek, ekintzek, isiltasunek egingo dute.

Eta hori egiten dihardu GARAk, etorkizuna egiten. Hori egingo ez balu ezerezean urtuko litzatekeelako. Gu GARA garenak, eta etorkizuna egiteari uko egingo bagenio, den-dena galduko genukeelako. •