Isidro Esnaola

Ezkerrak epe luzeko begiradaren beharra du

Egunotan hiru aldiz munduko xake txapeldun izan zen Vladimir Kramnik errusiarrak bere ibilbide profesionalari amaiera ematea erabaki du. Pena da. Oraindik ere eliteko jokalari hoberenetakoa zen; ziurrenik, bera izango da gaur egungo xake estrategarik hoberena. Oso azterketa finak egiteko gaitasuna du Kramnikek eta azterketok baliatuta jokaldi oso gutxirekin partidaren nondik norakoak definitzen ditu. Zaleok xakearen harribitxi diren jokaldiok galduko ditugu.

Bat-batekotasuna nagusi den garaiotan estratega izatea ez da gehiegi estimatzen. Erantzun azkarrak, denen ahotan egotea askoz gehiago balioesten da, gauzak zertarako egiten diren argi ez badago ere. Xakeko estrategia partida bakarrean amaitzen da. Politikan, aldiz, estrategiak beste erritmo eta denbora batzuk ditu. Hori nahiko argi gelditu zen orain dela egun batzuk Estatu espainoleko egunkari batean Steve Bannoni egindako elkarrizketan. Esaten dutenaren arabera, Bannon izan zen Donald Trumpen kanpainaren estratega nagusia eta berari esker lortu zuen hauteskundeak irabaztea. Elkarrizketan, besteak beste, esaten du Tea Party mugimendua izan zela oinarria lehendabizi Alderdi Errepublikanoa konkistatzeko, eta, ondoren, Trump bezalako presidente bat hautatzeko. Egia da Tea Party Barack Obamaren lehendakaritzaren hasierarekin batera osatu zela, eta, hainbat kontutan –zergen gehiegizko pisua, Obamacare egitasmoaren kritika eta aurrekontu oreka adibidez–, eztabaida politikoa baldintzatu zuela. Mugimendu hori noraino izan zen erabakigarria eztabaidagarria izan daiteke, hala ere, Bannonek paralelismo bat egin zuen Estatuko egoerarekin. Bere iritziz, Tea Partyren antzera, Estatuko alderdi garrantzitsuena Vox da egun, eztabaida politikoaren nondik norakoak markatzeko gai delako. Momentuz, arrazoia eman behar zaiola dirudi.

Zaila da esatea Tea Party sortzea aurreikusitako mugimendua izan zen edo Bannonek esaten duena ondoren osatutako kontakizuna den. Edozein kasutan, adibideak argi uzten du eskuin politikoak bere helburuak oso epe luzeko perspektiban zehazten dituela. Gaur egun politikoki eta ideologikoki jaun eta jabe den neoliberalismoa Bigarren Mundu Gerra bukatu bezain pronto hasi zen oinarriak ezartzen bere proiektu politikoa hegemoniko bihur zedin. Mont Pelerin elkartea osatu zuen Friedrich Hayek ekonomistak 1947an, Suitzako enpresari baten finantzazioarekin. Elkarteko gonbidapen gutunean Hayek berak horrela definitzen zuen ezarrita zuten helburua: «Gure ahaleginak epe luzekoa izan behar du. Gure kezka ez da izan behar uneotan egingarria dena, baizik eta zer ideia eta iritzik lortu behar duten nagusitasuna».

Ildo horretan, Hayekek ideien borrokan posizio gerra bat hastea planteatu zuen. 30 urte behar izan zituen Hayekek bere doktrina praktikan jartzeko, hasieran Txilen Pinocheterekin, ondoren AEBetan Reaganekin eta Erresuma Batuan Thatcherrekin. Esperimentuon emaitzak kaskarrak izan ziren, baina, egun, 80 urte geroago, esparru ekonomikoan behintzat, beraiek bultzatutako ideiek osatzen dute “zentzu ona”; eztabaida ekonomikoaren norabidea definitzen dute ideiok, Kramnikek xake taulan egiten zuen moduan. Ezkerrarentzat, egungo “zentzu on” neoliberala pitzatzen hasteko, gero eta lehentasun handiagoa du epe luzeko perspektibarekin aritzeak, egingarria denari baino ideien borrokari begiratzeak. •