2019/02/16

Pello Otxandiano
Hauteskundeak

PSOEk zentralitatearen taktika jokatuko duela dirudi: independentistek aurrekontu sozialak eragotzi dituzte eta eskuina mendira igo da

Artikulu hau entregatzeko momentuan jakina da PSOEk Espainiako hauteskundeen aurrerapena iragarriko duela eta apirilaren 28an izan daitezkeela sumatzen da. Udaberrian beraz, udal eta foru hauteskundeen aurretik, nahiz eta ez diren baztertzen beste aukera batzuk. Gauza asko gertatu dira aste honetan, datozen urteetako dinamika politikoa norabidetu ditzaketen gertakariak kateatu dira. Egun gutxiren bueltan, katalan buruzagi independentisten epaiketa hastearekin batera, PSOEk aurrekontuak onartzeko izan zitzakeen aukera apurrak baztertu ditu, hauteskundeen aurrerapena iragarri du eta lasterketa elektoral nahasi eta erabakigarri baten aurrean jarri gaitu.

Zentzu askotan gerta daitezke erabakigarriak hauteskunde espainol hauek: eskuinaren mobilizazioa zertan gauzatzen den ikusiko da, gobernura iristen diren ala ez, eta inboluzio autoritarioak jauzi kualitatibo bat emango ote duen. Bestalde, hauteskundeotan bere etorkizun politikoa jokatzen du Sanchezek, gobernua irabazi ezean paretik kendu nahi dutenek ez baitute aukera galtzen utziko. Baina hortaz haratago, datozen urteetan PSOEk hartuko duen norabidea finkatu dezakete hauteskunde hauek, Podemos indar sistemiko gisa ahuldu delarik ezkerraren erreferente nagusia izatera jokatuko duen ala beste hautu bat egingo duen, Ciudadanosekin batera zentro-liberal berri bat marrazten saiatuz.

Kataluniako azken urte eta erdiko dinamika politiko ezkorrean ere eragingo dute hauteskunde emaitzek. Apirilean zein maiatzean izan, espainiar legegintzaldi berri bat hasiko da Auzitegi Goreneko epaiketa bukatzeaz batera. Nahiz estrategia independentista bateraturik ez izan, sententziaren momentua inflexio puntu bat izan daitekeela uste dute askok, orain arteko dinamika baldintzatu dezakeena. Sententzia kondenatorio bat gertatzen bada eta eskuinak espainiar hauteskundeak irabazten baditu polarizazioa areagotuko dela aurreikus genezake.

Hiru hauteskunde hilabeteko denbora tartean. Zaila da igartzen nola gurutzatuko diren kanpaina lokala, europarra eta espainola, zein eragin izango duen faktore estatalak, batez ere, foru eta udal hauteskundeetan. Edozein kasutan tenperaturak gora egingo du eta kanpaina continuum bizi eta nahasi bat aurreikus dezakegu.

Hiru hauteskunde pakete bakarrean

Ez dirudi eskuinari gobernua kentzeko behar duen indar posiziotik abiatzen duenik Sanchezek lasterketa elektoral hau. Atzoko egunez hauteskunde espainiarrak apirilean izango direla konfirmatu baldin bazen, PSOEren posizioa ahulduta ageri dela esango nuke. Zentzura mozioaz geroztik ez du alternatiba bat irudikatzeko gaitasunik erakutsi. Estatu-auzi nagusietan oso zaurgarri agertu da, sendotasunik gabe, eta, aurrekontuak onartu ezinda, zentsura mozioa aurrera atera zuen aliantza bideragarria ez dela frogatu da. Eskuinak hauteskundeak eskatzen zituen eta Sanchezek hauteskundeak deitzen bukatu behar izan du, bere asmoen kontra.

Zentralitatearen taktika jokatzen saiatuko dela dirudi: independentistek aurrekontu sozialak eragotzi dituzte eta eskuina mendira igo da. Baina, nago indar gutxi duela horretarako. Podemosi Kataluniako 2017ko abenduko hauteskundeetan gertatu zitzaiona gerta dakioke: «ni 155 ni declaración unilateral» esanez zentralitatean kokatzen saiatu zen, baina alboak hain ziren indartsuak –independentismoa eta 155aren blokea– erdian zanpatua bukatu zuela.

Ikusteke dago dena. Hiru hauteskunde dira pakete bakarrean, faktore estatalak oso baldintzaturik. Agenda demokratizatzaile argi bat mahaigaineratzeko momentua: erabakitzeko eskubidea, eskubide sozialak eta presoak. Euskal eta katalan subiranistok ezin dugu partida hau nork bere aldetik jokatu. Plano ezberdinetan sinkronizatu eta sintonizatzeko premia geroz eta handiagoa da, baita plano elektoralean ere. Estatu krisiak datozen urteetan izango duen kudeaketa eredua dago jokoan eta indar demokratikook erakutsi dezakegun sendotasunak soilik geldi dezake inboluzioa autoritarioa. •