2019/02/16

Nekane Zinkunegi Barandiaran
Lanaren prezioa

Ikasiz gero, lan munduan arrakasta ziurtatuta izango genuela sartu ziguten buruan, institutuko eta batxilergoko garaietan. Mundu laboralean muturra sartzeko bidea praktikak egitea zela ulertu genuen. Praktikak, teorian, ofizio bat ikasteko baliatu beharreko lan aldia dira; baina enpresa bati baino gehiagori datozkio ezin hobeto, beste edozein langilerena baino soldata baxuagoarekin lan bera egingo duen norbait kontratatzeko.

Badirudi batzuk ohartu direla larrialdi egoera iraultzeko beharra dagoela, gazteek bizi proiektu propiorako atea irekiko badute, prekaritateari itxi egin beharko diotela. Hala aldarrikatuko du Ernaik, gaur arratsalderako Bilbon antolatutako mobilizazioan.

Izan ere, ustez, ikasketen eta praktiken eskailerak igota, lan munduan baldintza hobeetan tokia topatu behar genuelakoan, krisialdia etorri zela kontatu ziguten. Ondorioz, prekaritatean eta esplotazioan oinarritutako edozein lan edukita ere, ezin geniola uko egin sinetsarazi ziguten, arduragabea izatea dela aisialdirako denbora ere oso-osorik xurgatzen digun lanari uko egitea.

Ohitu egin ginen, baldintza negargarrietan izan arren, eta lana edukitzeagatik zortekoak ginela ulertu genuen. Goizean garaiz etxetik irten eta iluntzean noiz itzuliko ginen ez jakitean, proiektuarekiko inplikazioa genuela uste genuen, ez esplotatuta geundela. Lanik gabe edo prekarioago zeuden lagunak alboan ikusita, iruditu zitzaigun ez geundela kexatzeko moduan. Eta sistemak irauteko behar dituen ezinbesteko konplize bilakatu gintuen, lana behar genuelako. •