Xabier Izaga Gonzalez
ESPRESIONISMO GARBIA

Miguel Gonzalez de San Roman, pintatzen hasi baino lehenagotik hasten den artea

Hilaren 2an inauguratu zuen Gasteizko Talka galerian bere azken obren erakusketa, martxoaren 30era arte ikusgai egongo dena. Espresionismo abstraktuan kokatua, bere obrak keinuaren eta geometriaren konbinaketa garatuz zigilu propio nabarmena lortu du. Luze eta ezin abegitsuago hitz egin du Miguel Gonzalez de San Roman pintore gasteiztarrak GAUR8rekin.

Urte dezente eman ditu Gasteizen erakusketarik egin gabe. «Hasteko, aretorik ez dagoelako», dio martxoaren 30era arte Talka galerian ikusgai dituen obrek inguratuta. Duela bi aste inauguratu zuen Miguel Gonzalez de San Roman pintore gasteiztarrak erakusketa, bere ibilbidean landu duen espresionismo abstraktuaren bilakaeraren eta 40 urte baino gehiagoan lortu duen zigilu nabarmenaren adierazgarri .

Erakusketaren izena “Autorretratua” da, horren kartelerako propio egin zuen lanetik hartuta. Paper gaineko marrazki-pintura da, pintzelez egina. Autorretratuarekin batera, badira beste hiru koadro figuratibo, artearen gainerako genero klasikoen lagin bana: biluzia, natura hila eta paisaia. Jolas bat da, jendeak ikus dezan pintura abstraktua egiten dutenek ere badakitela marrazten. «Batzuek nire koadroak ikustean pentsatzen dute: ‘ez dut tutik ulertzen, eta egileak ez du ideiarik ere’».

Teknika

San Romanek berebiziko garrantzia ematen dio teknikari. Dioenez, pintore onak teknika ona du. «Koadro on batek lanketa behar du, sukalde piktorikoa esaten zaion hori». Berak ehun edo marmol morteroak erabiltzen ditu, eta pintura, fresko erara, mortero barrura sartzen du pintatzean. Maiz grabatu egiten du mortero gainean. Teknika horiekin akriliko hutsez pintatutako koadro batek ez duen indarra lortzen duela dio, eta indar hori prestaketan eta materialen erabileran dagoela. «Horretarako denbora behar da, eta estilo propioa, bilaketa lanaren ondorio».

Nabari zaio irakaskuntzan jardun eta hamaika hitzalditan trebatu duela bere diskurtsoa. Katedra atera ostean bost urtez jardun zuen unibertsitatean, eta beste bostez orain aspaldi ez dela arte, batxilergo artistikoan. «Oso gustura, ikasi nahi duen jendearekin, benetan interesatzen zaion jendearekin». Jende asko joaten da bere obra ikustera, baita bertan ematen dituen hitzaldietara ere. Artearen historiaz hitz egiten du, baita horrelako koadro bat ulertzera nola iritsi azaldu ere.

Bere lanak jendearentzat eskuragarri izan daitezen saiatzen da; horrenbestez, bere pintura ez omen da oso garestia. «Jakina, koadro handiak berez garestiak dira, denbora eta lan asko daukate, eta hor paisaia emozional bat sortzen duzu, baina obra txikiagoak edozeinek erosteko modukoak dira». Koadro txikiak beretzat «poema bat bezalakoak dira, haiku bat bezalakoak».

San Romanen pinturak keinuaren eta geografiaren konbinaketa garatu du. Barne bulkada eta arrazionalizazioa. Berehala erakarri zion trazuaren, adierazpen pertsonalaren ideiak. «Zuk egiten baduzu koadro figuratibo bat, zu eta koadroa zarete, baina keinu-pintura egiten baduzu, zeu zara koadroa, zure kaligrafia». Trazuz pintatzen du, baina ez dira trazu irrazionalak, baizik eta berak nahi duen lekuan eta nahi duen moduan antolatutakoak; esate baterako, figura geometriko ireki bat eta bertan trazua. «Niri geometria horrek asko mugatzen ninduen, eta joan naiz hori apurtzen, formetan deskonposatu arte». Orain bere formak irekiagoak, abstraktuagoak dira.

«Abstraktuek ez dute istoriorik kontatzen, figuratiboek ez bezala, eurak dira istorioa», dio. Komunikazio gutxiago omen dago euren pinturan. Beharbada horregatik, oso gustukoa izan du beti diseinua ere. Beharrezko arte modua dela dio. «Pintura oso norberaren kontua da, oso introspektiboa, komunikazio elementu gutxi dituzu, estudioan ematen duzu egun osoa eta ia ez duzu jendearekin harremanik. Diseinua, berriz, jendeak eskatzen duen zerbait da, zure irudiarekin komunikazio bisualean eragiten duzu, jendearengana errazago iristen da eta baliagarriagoa da». Hala ere, dioenez, diseinuak ez du benetako balio estetikorik. Balio hori mundu berdingabe bat sortzen den obran dago, transzenditzeko asmoa duen horretan. Zigilu pertsonal bat lortzen duena.

Hiru ardatz

Hiru ardatz ditu San Romanen pinturak. Bat, trazuaren ideiari jarraituta, keinu kaligrafikoa. Bigarrena, kolore eremuak, kolore garbiko espazioak, haren pintura oso garbia baita, eta harmoniatsua, orekatua. Ikuslea gustura sentiaraztea bilatzen du. Kolore lauak erabiltzen ditu, nahastu gabe, intentsuagoak baitira. Hirugarren ardatza ekialdeko pinturaren eragina da. Gustuko ditu pintzel txinatarrak, zabaltzen diren horiek, hasierako formara bihurtzen ez direnak. Zaila da horiekin pintatzea, baina ideograma japoniarretan bezala hutsuneak uzten dituzte, berak nahi duen moduan.

Materialen erabilera

Horrekin batera, materialekiko atxikimendua ere berebiziko garrantzia du San Romanentzat. Pintatu baino lehenagoko momentuari garrantzia handia ematen dio. Japoniarrek erritualari ematen dioten garrantzi bera ematen dio berak pintatu aurreko prestaketari. Denak harmonian egon behar duela dio, materialetatik hasita, eta bere koadroek batzuetan oso basak eman badezakete ere, guztiz harmonikoak direla dio.

Ontzi polit batean prestatzen du pintura, eta «ura eta pigmentua botatzen dituzunean, plater horretan geratzen dena liluragarria da». Prestaketa lan horretan lagunentzako bazkari bat prestatzen ari dela dirudiela dio. Tresna horien argazkiak egiten ditu, «argazki politak dira». Eta kolorea aldatzen duenean, platera garbitzen du, beti denak garbi egon behar du.

Galeriak eta instituzioak

Dioenez, Talka galeria rara avis bat da. «Beharrezkoa da, instituzioek beren lan ildo propioa baitute eta egiten dutena oso mugatua baita». Instituzioen arte leku bakarra Artium dela dio, «eta transzenditu nahi hori dela-eta, ez du euskal pintura edo eskultura laguntzen, euskal artisten oso erakusketa gutxi egin dira Artiumen urte askoan. Niri zerbait erosi didate, baina ez didate inoiz deitu. Ondo datorkit erostea, jakina, baina erakustea interesatzen zait».

Izan ere, ez dira galeriak sortzen; aitzitik, itxi egiten dira. Ferietan saltzen omen da, baina garestiak dira, eta laguntzak kanpoko ferietarako baino ez dira. «Bizitza osoa daramagunok, halako izena egin dugunok, kostata erakusten dugu, baina orain hasten direnek ez dute inolako aukerarik. Ferietara joateko hara doan galeria bat behar duzu, eta onena litzateke zure herriko galeria izatea».

Gorka Basterretxeak zabaldu duen galeriak sekulako garrantzia duela dio, horrelako lekuek bildumazaletasuna sustatzen dutelako, saltzeko gauza diren gune bakarrak dira, instituzioetako erakusketetan ezin baita saldu. Kontua ez omen da saltzea bakarrik, ordea: «Ez zaie bururatu ere egin euskal artisten erakusketa bat antolatzea lekuren batera eramateko, promozionatzeko. Ez baduzu zeure lurreko kultura sustatzen…». Bere ikasle izandako batzuekin topo egin izan duela dio, behin Arte Ederrak bukatuta, eta pena ematen diotela, bera hasi zeneko garaia gogoratuta. «Guk urrezko aroa bizi izan genuen, galeria asko zegoen, instituzioen inplikazio handiagoa, edonon erakuts zenezakeen».

Madrilen hasi zen ikasten, baina gero Bilboko Arte Ederretako Eskolara joan zen: «Bilbokoa Bauhausen eskola txiki bat bezalakoa zen, han ematen genuen egun osoa». Bilboko eskola hartan zorte handia izan zutela dio. «Etorri ziren irakasleak kataluniarrak ziren, nahikoa modernoak, eta ez zuten figurazioarekiko interes handirik; orduan, abstraktua egiten hasi ginen». Sari batzuk irabazi zituen garai hartan, nahiz eta berehala utzi zion lanak sarietara aurkezteari.

Mihisea zuri dagoela, «zer egingo dut?» pentsatu beharrean, «zerbait egiteko aukera daukat» pentsatu beharra dagoela uste du. Eta berak ondo asko erakutsi du aukera horiek baliatzen jakin duela.