2019/02/16

Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria
Nitro martxa sartuta

Urte luzez, politika parlamentuetan, eta ez kalean, egiten dela esan digute. Totalitarioa omen zen kaleko aktibismoa, mobilizazioa eta eguneroko parte hartze aktiboa aldarrikapen politikoetan. Gero, boterea eta haren pribilegioak zalantzan jarri izan direnean, politikari profesionalek tinko eta masiboki kalean manifestatzera deitu dituzte herritarrak behin eta berriro… Gasteiztarrok presente dugu kaleak norenak diren zein argi utzi nahi izan duten. Martxoaren 3 triste haren urteurrena hurbil dugu eta txokolate katilukada baten bueltan eguna oroitzeko gonbita egin du M3moria Guneak. Aste guztian zehar, Madrilen eskuin espainiarrak egin duen kontzentrazio ez uste bezain arrakastatsuaren harira, Gasteizko alkate izan zen Teodoro Gonzalez de Zaraterekin gogoratu naiz. Errepublikazale ezkertiarra, 1931n lehenik eta berriro 1936an, Fronte Popularraren sostenguarekin, agindu zuen. Kolpistek hiriaren kontrola hartu eta hilabete gutxira, kartzelatik aterarazi eta Azazetako mendatean erail zuten.

Badirudi espainiar eskuinak, 1930eko hamarkadan bezala, azeleragailua zapaldu eta are nitro martxa ere sartu duela. Giroa gaiztotzen ari da eta hurrengo hauteskundeak erradiografia politiko interesgarria izango dira. Hego Euskal Herrian ere, gauza asko daude jokoan. Besteren artean, espainiar eskuin ufadaren eragina. Ikusteko dago jeltzaleek azken hamarkadan lortutako hegemonia kontserbadorea mantenduko duten edo, inkestek sinetsarazi nahi diguten moduan, handitu egingo duten. Izan ere, EAJren lidergoak eskuineko boto espainiarra neutralizatzeko joera gero eta handiagoa izan du azken urteotan.

Egin beharreko galdera honakoa dela iruditzen zait: Espainiar Gobernuan epe ertainean eskuin handiaren koalizioa ezartzen bada, zer gertatuko da Euskal Herrian? Zein aldetara lerratuko da EAJ? Espainian eskuinaren monopolio ideologiko-politikoa desio duen elite ekonomikoarengana? EAJren boterea hain da handia, ezen eta hori ekidin beharreko katastrofea den.

Behin hipotesiak plazaratzen hasita, beste agertoki bat ere posible da. Azkenean espainiar trantsizioko oinarriak pitzatzea eta zentro-ezkerreko koalizio batek, eskuinarekiko beldurrak mobilizatuta, Konstituzioaren nolabaiteko eraberritzea martxan jartzea. Kasu horretan ekidin beharrekoa honakoa da: euskal herritarron ordezkari hegemonikoa ezin dira izan, inondik inora, EAJ eta bere ideologia eta praktika kontserbadore-neoliberala.

Hainbatetan ikusi dugu (1979, 1987, 2011), jendartea aktibatuta baldin badago, Hego Euskal Herrian sostengu zabala lortzen dutela politika askatzaile eta demokratikoek. Ezinbestekoak izango dira hemendik eta gutxira, praktika neoliberalek kaltetutako guztiok elkartuko gaituzten akordio minimoak. Baita oldarraldi kontserbadoreari erantzuteko tinkotasun ideologikoa eta mobilizazioa ere. Jeltzaleek beti jotzen dute inguruko haizearen alde. Haize hori prekarizatuon, zapalduon, gutxiengotuon, disidenteon... aldera puztea, lan gogorra izango da. Eta guk ere nitro martxa sartu behar dugu lehenbailehen, eskuinetik aurreratuak izaterik ez badugu nahi. •