Iñaki Soto

Gureaz eta munduaz, elkarrizketa sorta baten harira

Duela zenbait hilabete, GARAren espoliazioa gauzatuko zutela jakin genuenean, egin digutena salatu bai, baina gure indarren zati handi bat guk egiten duguna, hain zuzen ere, egiten dugunaren balioa aldarrikatzera joango zela erabaki genuen. Kolpea hain da latza kosta egiten dela burua altxatu eta horri eustea.

Horrexegatik, hasteko, kanpaina ondo doala esan behar dugu. Gure komunitatearen erantzuna itzela ari da izaten. Baita gure lanaren irakurle ez den baina egin diguten hori basakeria dela uste duten herritar horiena ere. Urte luzez kanpotik esan dutenaren aurka, pluraltasuna balio zentrala da gure gizartean eta kolpe honekin erreflexu hori aktibatu dela uste dugu. Adibidez, datorren larunbatean, Kursaalen egingo dugun lan-bilerarako boluntario asko apuntatu dira. Gure plana azalduko dugu eta datozen hilabeteetako lan plangintza eta moldeak zehaztuko ditugu. Jakina, gonbidatuta zaudete.

Babes hau guztia eskertu ondoren, egiten dugun hori aipatu nahi dut. Alegia, gure lankideek egiten duten kazetaritza lana azpimarratu nahi dut. Adibidez, azken astean elkarrizketa sorta ederra argitaratu dugu. Gehiegi eta oker erabiltzearen ondorioz zenbait komunikabide formatua erretzera heldu direla iruditu arren, nire ustez elkarrizketaren generoa ederra da. Pertsona interesgarri bati egindako elkarrizketa sakon bat jendea kazetaritzara engantxatzeko bide hoberenetako bat iruditzen zait. Tarte txikian asko ematen duen generoa da.

Zentzu horretan, Joseba Sarrionandiaren elkarrizketa borobila iruditu zitzaidan. Idazleak gure kezka partikularrari emandako erantzuna azpimarratu nahi dut, auzi honi arnas zabalagoa, komunitarioa baina are eta unibertsala ere, ematen diolako: «Euskaldunek, urgentziarekin nire ustez, komunikazio esparru anitz bat osatzera bideratu beharko genituzke energia guztiak».

Elkarrizketa horren egun berdinean Alex de la Iglesiari 7Kn egindako elkarrizketa ere bikaina zen. Kasu horretan, gehien dakienaz soilik mintzatu zen: zinemaz. Eta zerbaitez hainbeste dakien norbait horrela hitz egiten entzutea beti da gozagarria. Pena batekin geratu nintzen, ordea. Sarrionandiarenaren guztiz desberdina den erbeste «boluntario» batetik –zinema egin ahal izateko Madrilera joatea erabaki zuen heinean, De la Iglesiak horrela definitu du bere burua–, bere jaioterria maila politiko-kulturalean nola ikusten duen jakitea gustatuko litzaidake. Jatorri, ibilbide eta ikuspuntu zeharo desberdinetik, diagnosian egon daitezkeen loturak, antzekotasunak eta aldeak interesgarriak izan daitezkeelako, hain zuzen ere. Gauzak ez baitira “abertzale/ez-abertzale” terminoetan ikusi behar. Edo ez soilik, behintzat. Izan ere, Brexitari buruz egindako elkarrizketa sortaren barruan, Jeremy Gilbertek zioen bezala, «kultura eta politika banaezinak» dira. Laura Parker eta Paul Masoni egindakoak ere politikoki ezin interesgarriagoak dira.

Kulturaren muinetik, baina harago begiratuz, ostegunean bertan Gorka Hermosa, Jose Antonio Soria Pitti, Tomasa Guerero La Macanita, Jon Maiak eta Joseba Irazokik egunkarian egin zuten topo. Berako musikariak egindako abesti hipnotikoari jarraituz, elkarrizketa sorta honek horixe erakusten du: «Mundua buruan kabitzen zaizu, baina burua ez munduan» (letra: Xabier Gantzarain). Elkarrizketa on batek munduak zabaltzen dizkizu, eta horixe da, besteak beste, gure balioa. •