Amaia Nausia Pimoulier

Laugarren olatu feminista

Bi aste baino gutxiago falta dira jada Mugimendu Feministak Martxoaren 8rako egindako greba deialdirako. Eta data iritsi aurretik denborak ematen duen perspektibarekin, bizitzen ari garen momentu historikoari buruzko hausnarketa egiteko denbora dugula iruditzen zait. Gaur feminismoaren laugarren olatuaren barruan surfeatzen ari garelarik, atzera begiratu dezakegu harrotasunez. XVII. mende amaieran sortu zenetik, modernitatean existitu diren mugimendu guztietatik zaharrena dela esan dezakegu. Feminismoa, bere sorreratik, berdintasunaren printzipio etiko eta politikoaren gainean eraiki den mugimendua izan da, eta ondoren etorri diren olatuek ez dituzte inoiz ahaztu printzipio horiek. Bigarren olatu sufragistatik XX. mendeko 70eko hamarkadako feminismo erradikalaren hirugarren olaturaino, mugimenduak gorabeherak izan dituela ere argi dago. Esate baterako, agerikoa izan da azkeneko hamarkadetan bizi izan dugun erreakzio patriarkala. Baina jakin badakigu historian beti gertatu izan direla horrelako jarrera erreakzionarioak; hau da, emakumeok emandako aurrerapausoen aurrean, pribilegiatuak direnen erasoak jaso izan ditugu.

Gaur, esan bezala, laugarren olatuan murgilduta gaude. Historiako beste olatuetan gertatu izan den bezala, feminismoa masa mugimendua bilakatu da. Baina oraingoan bere mugak gainditu dituela iruditzen zait, belaunaldiartekoa eta globala bilakatu delako. Inoiz ez bezala, munduko bazter guztietara iritsi da mugimendua eta emakumeok esnarazi gaitu. Hamarkadetan emakumeak lortutako aurrerapausoak ez galtzeko beldurrez egon gara eta horrela jokatu dugula iruditzen zait batzuetan. Orain, berriz, jarrera bestelakoa da; ez ditugu lortutako eskubideak galdu nahi, eta, aldi berean, beste konkista batzuk lortu nahi ditugu. Dagoeneko ez dugu onartzen zaintzan doako lana egitea, soldata baxuagoak irabaztea edota eraso sexistak jasateagatik gu errudun bihurtzea.

Etsaiari begira kokatu gara eta utzi diogu gure arteko, emakumeen arteko, ezberdintasunei begira hainbeste egoteari: emakume zuri eta beltzen arteko ezberdintasuna, heterosexual eta bolleren artekoa, Iparraldeko eta Hegoaldeko emakumeen artekoa... Ezberdintasunak badaudela badakigu eta gure artean pribilegiatuagoak garenak bagaudela ere badakigu. Baina uste dut berriro ere kokatu dugula indarra dagokion lekuan eta ohartu garela emakumeak garela feminismoaren subjektu politikoa eta etsaia kanpoan dugula eta ez etxe barruan. Olatu honek argi eta garbi erantzun nahi dio patriarkatuaren eta neoliberalismoaren arteko aliantzari eta emakumeen kontra egin duten eraso batuari.

Rosa Cobo pentsalari feministak dioen bezala, feminismoak etorkizunera begira baditu erronka ezberdinak. Lehena, bere ustez, patriarkatuak eta neoliberalismoak emakumeen eskubideen kontra sinatutako ezkutuko ituna agerian uztea. Bigarrena, feminismoaren batasuna eraikitzea, gure arteko aliantzak indartuz eta kanpoko etsaiari aurre eginez. Azkenik, Mugimendu Feministaren autonomia mantentzea, diskurtsoa gureganatuz eta alderdi politikoen instrumentalizaziotik kanpo utziz. Nik, aurrekoak azpimarratzeko baino balio ez duen azken bat gehituko nuke: feminismoaren nahi eraldatzailea erdigunean kokatzea. Erreformaren bidea motz gelditu dela agerikoa da, beraz, konkista berriak egin nahi baditugu feminismoak eraldaketa iraultzailearen bidea jarraitu behar duela benetan uste dut. Bien bitartean, Martxoaren 8an, emakume guztiok grebara. •