Gorka Elejabarrieta

Estaturik gabeko herriak demokraziarako bidean

Estaturik gabeko herriak modu askotan sailka genitzake; haien indar abertzaleek bozetan duten indarraren arabera, gobernu zentralekin dituzten harremanen arabera, autodeterminazio eskubidea onartua duten edo ez kontuan izanda... Bai, badira Europan autodeterminazio eskubidea onartuta duten herriak. Badira, era berean, estatuekin aldebiko harreman eraikitzaileak dituztenak eta dagozkien subiranotasun esparruak estatuaren esku uzten dituztenak. Eta badira oso bestelako harremanak dituztenak ere. Azpimarragarria da azken urte eta hamarkadotan zenbait tokitan abertzaleek nabarmen egin dutela gora bozetan: Katalunia, Korsika, Flandria, Irlanda eta Eskozia dira gure ingurune hurbilean horren adibide.

Kasu horietako askotan indar abertzaleak gobernura heldu dira, eta ez hori bakarrik, horietako batzuek agenda independentista ere martxan daukate. Argi dago agenda independentista horiek garapen maila ezberdina dutela tokian toki, baina ez dezagun ahaztu Kataluniak eta Eskoziak erreferendumak egin dituztela azkenengo bost urteotan, edota Kanakyn erreferendum bat egin berri dutela eta laster izango dutela beste erreferendum bat antolatzeko aukera. Duela hamabost urte ezinezkoa zirudien eta ez dakigu hurrengo bost urteetan zer gerta daitekeen.

Izan ere, egoera nahasia da Irlandari eta Eskoziari dagokionez. Artikulu hau idazterakoan ez dago argi Brexita nola eta noiz gauzatuko den, baina asko dira Brexitak zabal ditzakeen aukerak: Eskoziak bigarren erreferendum bat antola dezake epe laburrean eta Irlandan Ostiral Santuko Akordioa egikaritu eta uharte osoan “Border Poll” izeneko batasun erreferenduma antolatzeko aukera handia egongo litzateke Brexitaren ondorioz ipar-hego muga berrezarriko balitz.

Indar abertzaleek gehiengo elektoral garrantzitsuak ere lortu dituzte. Korsikan, adibidez, indar abertzale eta autonomisten aliantzak, hegemonia elektoral eta politikoa eskuratu du azken urteotan eta Korsikaren interesen defentsan elkarlanean ari dira indarrok. Estatu frantsesaren jarreraren aurrean herri gisa jardun eta aurrerapausoak ematen ari dira.

Kasu horiekin batera ezin dugu Flandria ahaztu. Maiatzaren 26an egingo duten hauteskunde egun garrantzitsuaren ostean, Flandria eta Belgikan zer gertatuko den misterio hutsa da, baina dudarik ez dago Belgikaren etorkizuna berriz ere kolokan egongo dela. Izan ere, maiatzaren 26an hauteskunde federal, europar eta erregionalak izango dituzte (Flandrian, Valonian, Bruselan eta kultura germaniarreko zonaldean), eta, azken urteetako joerak jarraituko balu –eta zantzu guztien arabera horrela izango da–, emaitzak Gobernu Federala osatzeko agertoki konplikatua ekarri eta Flandriak bide propioa egiten jarraituko du.

Aurreko adibideetan ikusi dugunez, Europan demokrazia gailentzen ari da estaturik gabeko herrien auziari erantzuteko. Badira, aipatutakoez gain, beste zenbait adibide ere; Groenlandia eta Faroe uharteak, kasu. Gaur-gaurkoz, zoritxarrez, Espainia kontrako norabidean doa. Baliteke Espainiak Europatik datorren olatuarekin bat egitea eta erabakitzeko eskubidea onartzea etorkizunean, ez litzateke Espainia Europatik datorren joera jarraitzera behartuta izango litzatekeen lehenengo aldia. Baina jakin badakigu gaur-gaurkoz ez dirudiela bide horri ekingo dionik.

Edozein kasutan bi hipotesi mantendu beharko ditugu, epe luzera biak: lehenengoa, Espainiak Europako beste hainbat zonaldetan emandako irteera demokratikoaren aldeko apustua egitea, eta, bigarrena, Espainiak orain arte erakutsitako izaera antidemokratiko eta autoritarioari eustea. Etorkizuneko estrategiak diseinatzean bi hipotesi horiek gogoan izan beharko ditugu eta bi agertokietarako prest egon beharko dugu. •