Ramon Sola

Sanchezek egin ez dituenak Euskal Herrian eginda daude

Orriotan, duela astebete iristear den hauteskunde zikloa hizpide izan zuen Iñaki Altunak, nazio izaerari helduz ekiteko beharra nabarmenduz. Bistan da Estaturik gabeko nazioak direla aldaketa demokratikoak eragiteko agertoki bakarrak. Eta hori, gobernuan emandako bederatzi hilabeteetan inork baino hobeto erakutsi du Pedro Sanchezek berak. Denbora puska horri erreparaturik, Espainia berri baten haurdunaldia irudikatu nahi zuela eman nahi izan du aditzera, baina fruiturik gabe, antzu, amaitu da epea.

Litekeena da apirilaren 28ko hauteskundeetara indar sinboliko handiena zuen Sanchezen iragarpena ere gauzatu gabe iristea. Eroritakoen Haranean segitzen dute Francoren hezurrek eta Madrileko erdi-erdian berpizturik da bere espiritua (Colon enparantzaren eta Auzitegi Gorenaren arteko ehun metro eskas horietan, epizentroa nonbait jartzearren). Gorabehera judizial eta administratiboak gaindiezinezko trabatzat jotzen ari dira, baina helegite horiek guztiak mahai gainean ziren Iruñeko Eroritakoen Monumentuan ere, eta Udalak bertatik atera zituen Sanjurjo eta Mola, 2016an. Erakundeak heldu ez diren tokira, bestalde, iritsi dira herri ekimenak, Ondarroako gurutze faxista kasu.

Sinbolikoenetik latzenera: PSOEko Gobernuaren lehentasun izan beharko zatekeen indarkeria matxista, baina ezer gutxi ekarri du Sanchezen agintaldiak. La Manada-koen auziaren ondorioz Nafarroako hiriburuan hasi eta Euskal Herri osora zabaldu zen iraultzak ez du parekorik izan Ebrotik behera; are negargarriago, beste Manada batzuen berri bolo-bolo dabil azken aldion, arazoa erakundeen axolagabekeria baina sakonagoa eta zabalagoa dela adieraziz.

Bederatzi hilabeteotan feminismoarekin batera aldarri bat izan da kalean presente, pentsiodunen borroka. Nazioartetik ere nabarmendu da, harriduraz, Madril bezalako hiriburu handi batean baino indar handiagoa hartu duela mugimenduak Bilbo aldean. Iraunkorragoa ere suertatu da, ez baita Moncloatik barreiatutako ogi apurretan gelditu. Egun 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren aldarrikapenak erakusten du bidea, kontsumo prezioen indizearen gainetik, eta EAEko aurrekontu eztabaidaren ardatz nagusi bilakatu da gaia, EH Bilduren eskutik.

Presoen auziari begira jarrita, Gobernu espainolak irekitako zirrikitua urrats handi gisa saltzen da Estatu mailan, baina ezin eskasagoa da Euskal Herriko begietatik ikusita. Horren inguruan sortu den adostasuna landu liteke Madril aldean ere, presoei aplikatzen zaien politika aldatzearen aldeko gehiengoa agerraraziz Kongresuan, baina Sanchez ez da horretara ausartu. Eta diputatuen aurrean eginiko azken agerraldian, ingurura bai baina Euskal Herrira ez dutela apenas inor ekarri nabarmendu nahi izan du Grande-Marlaskak. EAEri espetxe arloko transferentzia emateak ere EPPK-ko kideen egoeran ez lukeela «inolako eraginik izango» esan du Barne ministroak, Kataluniako agintariekin egin dutenaren aurka, Euskal Herriko espetxeetan ez baita euskal preso politikorik.

Arloz arlo, zerrenda amaigabea izango litzateke hari honetatik tiraka jarraituz gero, baina nahikoak dira adibideok. Euskal Herriko egoera ezin da idilikotzat jo, inolaz ere, baina Pedro Sanchezek egin gabe utzi dituen kontu asko eta asko, dagoeneko konpondurik edo bideraturik lirateke erabakiak Euskal Herrian hartuko balira, Estatuaren galga jarriko ez balie. Ez da Espainia berririk jaio bederatzi hilabeteotan, ez, eta Euskal Herria heldua bada ere, itxoiten indarrak ahitzeko arriskuan da. •