Miren Azkarate Badiola

Serio?

Sara Majarenas mintzeko intentzioz haren alaba hiltzen saiatu zen gizona aske utzi du epaileak. Nola?! Zer?! Zergatik?!

Ba bai, halaxe da, ez omen dago arrazoirik preso mantentzeko. Serio? Bi urteko alabari hainbat labankada eman ondoren, eskuak oraindik odoletan, polizia etxera joan eta «alaba hil dut» esan zuen gizon horrek; hilketa bat onartu zuen, txikiaren senitartekoei hotz-hotz telefonoz deitu eta barre artean haurra hil zuela esan zien, eta, bi urte ondoren, epaiketa egin arte espetxealdia luzatzeko eskaera egin ostean, aske utzi dute esanez luzapen hori ez dela beharrezkoa. Serio?

Baina zein mundutan bizi gara? Ze justizia mota du herrialde honek? Zer gehiago behar da ba gizon hori libre ez izateko? Eta ez naiz ni espetxearen defentsa egingo duena, ez, ez baitut instituzio horretan sinisten. Nik kasu honetan, gainera, beste justizia mota bat ezarriko nuke! Baina zein froga gehiago behar dituzue? Ez al da ba kasu hau larri eta argia? Kasu hau ez bada larria, zein da ba? Baina ez, ez da hori, ezta? Izarren ama, Sara, ez balitz euskal preso politiko bat, benetan gizon hau aske utziko zenukete? Ez da izango ba beste mendeku bat?!

Nik jada ez dakit zer pentsatu, La Manada-ren auzia eta gero, uste nuen beste eskandalu judizial bat ikusi arte denbora pasako zela, baina ez. Hamaika ikusteko jaioak gara… Orain jada ziur naiz dena dela posible espainiar justizian. •