2019/03/09

Ander Gortazar Balerdi - @derzu_uzala
Arkitektoa
Allen

Barkatuko didazu, Allen jauna, zurea ez den film bateko aipu batekin hasteagatik, baina sinistuko ez zenituzkeen gauzak ikusi ditut, edukiontziak sutan Kontxatik harago. Bulebarreko kiosko ondoan autobus kiskaliek iluntasuna nola argitzen zuten ikusi dut. Une horiek guztiak galdu egingo dira, malkoak euritan bezala, eta kasu, Allen jauna, hemen euri asko egiten du-eta, ez zaitzatela engaina. Abuztua, 15 gradu eta euria barra-barra, turista talde bat Artzain Onaren pareko arkupeetan, katedral neogotikoa kontenplatu –hitz egiteko modu bat da– ondoren nora jo ez dakitela hiriaren laurdena erakusten duen mapa bustia eskuan izan arren –ala agian horregatik–. Besarkada bana emango nieke baldin eta blai eginda ez baleude. «Euripean oinez ibiltzeak ez du ederretik ezer», “Midnight in Paris” filmeko esaldi bat; badakizu, zure film “horietako” bat. Paris, Roma, Bartzelona. Allen jauna, ze nezesidade. Baina ulertzen zaitut egia esan, eta ados nago behin irakurri nizun horrekin, dei bat jaso zenuelarik Bartzelonatik galdetuz ea interesatuko zitzaizukeen film bat bertan grabatzea haiek finantzatuz gero, eta zeinen erraza den film bat idatzi eta zuzentzea hura errodatzeko dirua lortzearekin konparatuta. Kontua da, Allen jauna, hemen saltzen diguten pelikula –barka hitz-jokoa– beste bat dela, zerikusi gehiago duena gure zilborraren tamainarekin finantziazioa bezalako kontu prosaikoagoekin baino (zuzendu iezadazu datua okerra bada: “Vicky Cristina Barcelona”-ren aurrekontuaren %10 ordaindu zuten Udalak eta Generalitateak, ezta?). Hori da gure idiosinkrasia, eta horrela soilik ulertzen da hiriko politikari bat, zure oso fan dena bidenabar eta “Match Point”-en Jonathan Rhys Meyers lasai asko ordezka zezakeena, egiten ari den kanpaina –ate joka ditugu udal hauteskundeak–, esanez «hau ez da politika, DONOSTIA da». Halakoak entzutean Polonia inbaditzeko gogoa sartzen zait, zuri Wagnerren ordu erdi batekin bezala (Metropolitan Opera House, Wallace K. Harrison-ena, “Manhattan Murder Mystery”, 1993; nire faboritoa). Bide batez, eta izenburuetan hiriaren izena jartzeko duzun ohitura/kontratuko betebeharra aintzat hartuta, ohar bat: gurea luze xamarra da: “Donostia-San Sebastián”.

Errodajerako agertokiak bilatzen ari den lantaldeak ezagutuko du seguruenik landetxe ingeles gotikoa dirudien Miramar jauregia. Ba hortxe duzu ondoan izen oso-osoa, 3D letra urdin handitan, DONOSTIA eta azpian SAN SEBASTIÁN, turismo stand aseptikoa desmuntatu eta langileek bertan ahaztuta utzi izan balituzte bezala letrok. Amsterdamgo “Iamsterdam” ospetsuaren enegarren kopia, zeina –jatorrizkoaz ari naiz orain– kendu berri duten Rijksmuseum paretik gurean enegarren kopia instalatu duten arrazoi berberengatik, alegia, argazki gehiegi egiten zirelako bertan lehenaren kasuan eta argazki gehiago atera daitezen bertan bigarrenarenean. Nire apustua, Allen jauna: ez zaizu gustatuko. Alde batetik, tipografiagatik, zure filmen kredituetan erabiltzen duzun Windsor Light Condensed letra-tipotik hain urrun; bestetik, beharrik gabea eta banala delako, banalizazioak eragindako lehiakortasun ezaren adibide bat –beste bat–. Kazetari ausart batek «ondare arkitektoniko» estatusa eman dio jada, baina gauza bat esango dizut, Allen jauna: Jonathan Rhys Meyersi ere ez zaio askorik gustatu. “Match point”-a –bozka ez bezala– bere alde. •