2019/03/09

Mikel Zubimendi
Aukera onena, agian azkena

Krisien eta katastrofeen konbergentzia bizi dugu. Hondamendiak ez dira soilik aldi berean ematen, elkar konposatu eta anplifikatu egiten dira

Greba bat pasa eta ate joka dugu berria. Bi deialdiak mundu mailakoak izan dira eta, bat, emakumeen greba, ikusgarri errotu da Euskal Herrian. Bestea berriagoa da, ezezagunagoa agian, baina ez garrantzi gutxiagokoa. Greta Thunberg neskato suediarrak piztu du txinparta, eta agian, agian, sute ikaragarri bat ekar dezake, krisi existentzial baten aurrean matxinada global bat. Oxala horrela balitz! Klima aldaketaren aurrean ekintzarako irrintzi bat, altxamendurako dei bat egin du, mundu mailan abiada oso handian indartzen ari den gazteen greba baten forman. Hitzordua: martxoak 15, ostirala.

Narratiba labur eta sinplea garatu du kanpaina horrek, arrakasta duten kanpaina orok ezinbesteko duten oinarria finkatuz. Gutxi-asko honela dio: «Erregai fosilen konpainiek, haien irabaziekin gizentzen diren oligarkek eta oligarkek erosita dituzten politikariek mundua kaos klimatiko batera eraman dute. Baina oligarka horiei aurre egingo diegu, gure indarra mugimendu handi eta politikoki arriskutsu bat sortzeko erabiliko dugu, erregai fosilen ekonomia gaindituz, gizakien eta beste bizidunen biziak aurrera egin ahal izateko baldintza egokiak sortzeko. Gizakion bizi ez delako negoziagarria, ezin delako diruaren truke aldatu. Oraindik jaio ez diren belaunaldiek gure belaunaldiaren eskubide berdinak izan behar dituztelako».

Euskal Herritik begiratuta, gizatasuna ardatz, mugimendu horrek hauspoa behar du. Hondamendia ekiditeko gure aukera onena, eta agian azkena, delako. Izan ere, gobernatzen gaituztenen axolagabekeria eta aurkakotasuna ikusita, baita belaunaldi zaharragoen pasibotasuna ere, klimaren deskonposizioak eta kolapso ekologikoak saihetsezinak dirudite, bai. Baina gazteen ekintza global horrek, urgentzia moralak eta kontserbazio senak elikaturikoa, esperantza ez dagoela betirako galduta komunikatzen du.

Hala ere, (euskal) gazteek biziko duten errealitateak okerrera egitea oso aukera erreala da. Jada martxan da hondamendia: intsektuen populazioak gainbehera totalean daude, animalien masazko desagertzea, suteak, lehorteak, bero kolpeak, uholdeak… Krisien eta katastrofeen konbergentzia bizi dugu, alegia, hondamendiak ez dira soilik aldi berean ematen, elkar konposatu eta anplifikatu egiten dira. Hazkunde ekonomikoa jainkotuta, kontsumoa biderkatuta, jaio gabeko belaunaldiak kontuan hartzeke, hori da utzi diegun mundua.

Agian teknologiak eta politikak, edo bien arteko konbinazioren batek, hau guztia gehiegizkoa dela erakuts dezakete. Agian ez gaude kondenaturik, agian soluzioak etor litezke. Baina, jakina, ez dago horren inongo bermerik. Klima aldaketaren ukatzaileak ez dira arazoaren aurrean neurriak hartzea geroratzen dutenak baino hobeak. Eta gero zinikoak daude. Hementxe bertan lotsagabe askoak, klima aldaketa kezka dutela esan eta zaborrak erraustea baino ideia hobeagorik ez dutenak.

Aldaketa klimatikoaren aurkako borroka ez da zientzia hobea edo argudio inteligenteagoak izatearekin lotutako auzia. Botere kontua da, planeta frijituko duen negozio eta hazkunde eredu bat bermatzen duen botere kontua. Eta botereak ez du ezer ematen eskakizunik ez badago, ez du inoiz egin, ez du inoiz egingo. Aldaketa sozialaren axioma da hori. Euskal Herrian eta Euskal Herritik, merezi du mugimendu global horri bultzada ematea. Gu, planetan bizi den ugaztun sozial goren, ezin gaitezke elkar ikusteke, besteen negar, garrasi eta eskakizunak entzuteke bizi. Gure geroak beti egon direlako lotuak. Eta egun, inoiz baino gehiago. •