> Sumina eta samina Altsasuko zaurian

Epaia ezagutu orduko haserrea eta amorrua zabaldu ziren ostegunean Euskal Herri osoan. Sare sozialak ere sumindura horren postontzi izan ziren.

Auzitegi Nazional espainolaren Apelazio Salak berretsi egin zituen Altsasuko gazteen kontrako bi eta 13 urte arteko espetxe zigorrak. Epaiak terrorismo delitua baztertuta ere, agintarien kontrako atentatua egotzi die, «ideologia diskriminazioa» aldagai larrigarriarekin.

2016ko urrian, Altsasuko taberna batean bi guardia zibili eta beren bikotekideei eraso egitea egotzita, Auzitegi Nazionaleko lehen sekzioak bi eta hamahiru urte arteko espetxe zigorrak ezarri zizkien. Zigorrok ontzat jo zituen ostegunean auzitegiak, epaiari aurkeztutako helegiteak aztertu ostean. Soilik Iñaki Abaden zigorra moldatu zuen, haren aurkako zigorra sei urtera murriztuz.

Epaia ezagutu bezain laster amorrua eta samina zabaldu zen Altsasun eta Euskal Herri osoan. Sare sozialak ere sumindura horren lekuko izan ziren, eta Euskal Herriko mugak gainditu zituen Altsasuko gazteekiko elkartasunak.

Norbanakoez gainera, zenbait eragile eta mugimenduk ere sareetan erakutsi zuten epaiarekiko haserrea. Hura ezagutu ostean, Twitterren Estatu espainoleko hamar trending topic-en artean –gehien erabilitako hitzen artean–, hiru epaiaren ingurukoak ziren: #Alsasua, #la Audiencia Nacional eta #AltsasukoakAske, hain zuzen.

> Gizonezkoen tropela harrapatu eta gelditu egin behar

Belgikako txirrindulari lasterketa baten antolatzaileek Nicole Hanselmann txirrindulari suitzarra geldiarazi egin zuten, gizonezkoen tropela harrapatzeko zorian zegoelako.

Hanselmann emakumezko beste lehiakideekin batera irten zen, gizonezkoen tropela baino hamar minutu geroago. Emakumeen taldetik aldentzen lehena izan zen eta bere erritmoa zela-eta, gizonen lasterketako parte-hartzaileengana hurbiltzen ari zen, ia harrapatzeraino. Hori ikusita, antolatzaileek geldiarazi egin zuten, eta, gainontzeko emakumeen taldea iristean, lasterketara itzularazi zuten. Hanselmannek Instagrameko bere kontuan salatu du gertatutakoa.

> Gaztelugatxe, zerura begira

Felix Urrutiak ekoiztutako bideo batean, Bakio eta Bermeo artean dagoen Gaztelugatxeko San Joan baselizaren gainean biltzen diren izarrak ikus daitezke. Timelapse formatuan dago grabatua bideoa, 800 argazkiko serie batean oinarrituta. Lau egun eman zituen bertan Urrutiak, bideoaren azalpenean jasotzen duenez. 2016ko eta 2017ko abuztuaren 12an eta 13an jaso zituen irudiak, Pertseida gauak deiturikoak laurak. Gorbeiako Parke Naturalean dagoen Otzarretako pagadia ere aurki daiteke bere bideoen artean. Kolore berdea galdu eta hostoak gorriz tindatuta agertzen diren une horretan filmatu zuen pagadia, udazkenaren lekuko den alfonbra-gorri amaigabea ikus daitekeelarik.

Urrutiak Vimeon duen kanalean bestelako lan ikusgarri batzuk ere aurki daitezke.

> Umorea, imajinazioa eta kritika inauterietan

Berezkoak dituzte inauteriek kritikarako joera, umorea, imajinazioa... Aurten ere zer esana eman dute batean eta bestean izan diren mozorroek. Horietako batzuk aukeratu ditu NAIZ+ek.

Auto garbitzaileak: Horixe da agian sarean gehien zabaldu denetako bat. Oiartzunen agertu ziren autoen garbiketa tunel horietako bi arrabola edo eskuila.

Berri Txarrak eta sarrerak: Hainbat herritan agertu dira Berri Txarrak taldekoak inauterietan... eta baita agurra iragarri ostean sarrerak lortzeko izan diren ezintasunak nabarmendu dituztenak ere.

Franco deshobiratua: Horrenbeste lan ematen ari zaio Espainiako Gobernuari, baina, Tolosan, askorik pentsatu gabe deshobiratu dute Franco.

“Tipi-tapa, tipi-tapa... Corriendo”: Aretxabaletan etorkizuneko iragarpenik okerrena, «espainiar hizkuntzaren bazterketa» salatzeko.

> Rozalen abeslariaren «El hijo de la abuela»

Rozalen gizarte ekintzaile eta kantautorea da; ospetsua, gainera. Iaz Latin Grammy sarietarako hautatu zuten. Euskal Herriarekiko lotura sendoa du, “Cuando el río suena…” albumeko “El hijo de la abuela” bere abestiak erakusten duenez. Rozalenen amonak bere etxean hartu zuen euskal deportatu baten istorioa kontatzen du.

Miguel Elola alegiarra Letur herrian konfinatu zuten, Albaceten, ETAk 1968ko abuztuan Meliton Manzanas hil zuenean. Rozalenen amonak haren egonaldiaren oroitzapen ona du. Halaxe dio bere bilobarekin agertzen den bideoan. Zenbait hamarkada igarota, Rozalenen abestiari esker, berriro eutsi diote harreman hari.