2019/03/09

Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria
Nahiago egia-oste kritikoa, erlijio zientifikoa baino

Zutabe hau jarraitzen duzuenok jakingo duzuenez, beti dago lerro hauen hondoan egun zientzia bezala ezagutzen denaren gaineko kritika sakon bat. “Zientzia ezagutza balitz” izan zen nire lehen artikuluaren izenburua eta egia-ostea nagusitzen ari den garaiotan ezin diot utzi zientzia errealitatea eraldatzeko tresna gisa aldarrikatzeari.

Adibidez, azken greba feminista, ekonomia erreproduktiboaren pisua frogatzeko balio duen protestaldi gisa, ekonomia zientifikoaren egia handiei egia berriekin aurre egiteko modu bat bezala ulertzen dut nik. Aldiz, egun hauetantxe paraleloki egindako “Asteklima” eta “Change the Change”, zientziaren izenean egiten den operazio politiko-ideologiko gisa ikusten ditut nik; naturaren osasunaren lepotik aberasten diren betiko diruzaleak bata zuri eta berdearekin mozorrotuta agertzeko aukera gisa. Klima aldaketa mantratzat hartuta, energia nuklearra, auto elektrikoak eta errausketa bera saltzeko gai dira, kontsumoa txikitzeaz edo energia baliabideak lapurtu ordez lekuan leku ekoizteaz txintik esan gabe.

Klima aldaketa antropogenikoa den ere ez da inportantea jada, “%0 CO2” pegatina duten autoak saltzea baizik. Hain zuzen, horrelako auto baten argazkia hartuta ikasleen aurre-ideiak ikertu nituen behin, eta, nire pozerako, enpresak gezurtiak diren aurre-ideia bazutenez, ez zuten gehienek lelo iruzurtia sinetsi. Aurre-ideiak esperientziak, kulturak eta ideologiak errealitatea antzemateko ematen dizkiguten tresnak dira, eta ez dago inor horiez salbu. Einstein bera, “indarren teoria bateratuaren” bilaketa antzuan aritu zen. Intuizio judeo-kristauak, nahi ala ez, arrazoi bakar baten xerka izango baitu bizitza osoan, Jainkoaren xerka alegia. Horregatik ezarri zen ziur aski horren erraz Big Bang teoria bera, bere muinean sinismen ariketa bat eskatzen duen teoria zientifiko singularra. Azken finean, lasaiago gelditzen gara ezagutza horren guztiaren atzean esplikatzerik ez dugun zerbait badago...

Zientzialari bezala, nik ere uste dut gauza batzuk sinetsi egin behar direla, norberak frogatzea zaila edota ezinezkoa baita. Lurplanistak modan jarri diren honetan, gogoan dut txikitatik iruditu zaidala planetaren izaera esferikoa sinismen ariketa bat. Ortzimugan ez da kurbaturarik antzematerik, beraz, nola frogatu kontrakorik? Nire kasuan, Lurrean gora eta behera bidaiatzea ohiko bilakatzearekin, erreparatu nion iparrizarraren altuera ezberdinari; gorago dago Eskozian eta beherago Kanaria uharteetan. Azalpen errazena Lurra esferikoa dela da niretzat, baina askoz interesgarriagoa –are, zientifikoagoa– iruditzen zait berau zalantzan jartzea Lurra esferikoa dela sinistea baino.

Baina esan dut, sinistea ere beharrezkoa iruditzen zaidala, eta, horretarako, informazio iturri den komunitatean konfiantza izatea da gakoa. Komunitate zientifiko mendebaldar, burges, zuri, maskulino eta anglosaxoiaren aurrean, zapalduen ezagutzan dut nik neuk konfiantza gehien, eta, zehazki, errealitatea eraldatzeko helburuarekin eraikitako ezagutza kokatuan. Pasa den astean GARAk antolatu asanbladan azpimarratu bezala, lapurreta bati aurre egiteko baino, errealitatea eraldatzeko behar den komunitate informatiboa indartzeko apustua egiten dugu, betikoen egia handiei askatasunaren norabidean aurre egiteko komunitatea. Horretan bai sinets daiteke! •