2019/03/09

Erreportajea
NERABEAK ETA SARE SOZIALAK
«Online» kontrolatzen den gauza ederra ote da maitasuna?

Maitasun erromantikoak erakusleiho propio bihurtu ditu sare sozialak. Eta bertan bizi eta maitatzen duten nerabeak bete-betean erori dira botere harremanetan, sexismoan, jabetzan, jeloskortasunean, gorputz kanon zorrotzen agintean... Helduek, berriz, distantziatik eta ezezagutzatik begiratzen dituzte.

Amagoia Mujika Telleria
0311_irudi4

Gaurko nerabeak sare sozialetan jaio, hazi eta bizi dira. Maitatu ere sare sozialetan egiten dute. Baina, nola?

Medicus Mundi Gipuzkoak, Farapi Kooperatiba Elkarteak, UPV/EHUk, Donostiako Udalak eta Peruko Movimiento Manuela Ramos erakundeak elkarlanean ikerketa egin dute galdera horri erantzun nahian. “Online kontrolatzen den gauza ederra ote da maitasuna? Euskal eta perutar nerabeak harremanen kudeaketa birtualean” izenburua jarri diote lanari eta patxadaz hausnartzeko ondorioak jarri dituzte mahai gainean. Jar dezagun arreta Gipuzkoako nerabeen partean.

Sare sozialek eraldatu egin dute pertsonak komunikatzen diren, erlazionatzen diren eta elkarri eragiten dioten modua. Espazio berri horrek bere egin ditu generoen arteko berdintasun eza eta sexismoa. Hartara, maitasun erromantiko heterosexualak eta bikote harreman egonkorraren ereduak erakusleiho aparta topatu dute sare sozialetan. Ikerketaren arabera, «maitasun erromantikoaren zerbitzura dagoen tresna da». Gainera, kontrolerako baliabide ugari eskaintzen ditu eta botere harreman desorekatuak iraunarazten ditu, «hierarkikoki, gizonezkoen aldekoa den sexu-genero sistema».

Esanda bezala, teknologia berriek erlazionatzeko modu berriak dakartzate, indarkeria matxista berriak barne. Izan ere, sare sozialak 24 orduz irekita daudenez, horien bidez egin daitekeen kontrola, jazarpena eta erasoak ere etengabeak izan daitezke, 24 ordutakoak.

Ikerketak nabarmendu duenez, sare sozialak kontrolerako tresna izan daitezke bikote nerabeen artean; bai harremana gertatzen den bitartean eta baita hura moztu ondoren ere. Gainera, partekatutako argazki, like eta abestien bitartez, maitasun erromantikoaren ezaugarriak errepikatzen dituzte.

Badira oso kontuan hartu beharreko baldintzak; ziberjazarpena pertsonaren adinaren alderantziz proportzionala dela, esaterako. Alegia, jende gazteagoak online jazarpena pairatzeko aukera askoz handiagoa du. «Nerabeek teknologia egunero erabiltzen dutelako gertatzen da hau, maila batean, eta baita ardura faltagatik ere. Izan ere, adin tarte honetan babes neurri gutxiago ezartzen zaizkie beren gailu eta sare bidezko jarduerei, arriskua handituz».

Tresna berez ez da txarra, baina erabilerak okertu egin dezake. Hartara, ikerketan nabarmentzen denez, espazio birtuala mesedetan ere izan daiteke, konfiantza eta segurtasuna eman ditzake eta kontaktu posibleen aukera asko zabaldu. Modu horretan, norberaren antzekoagoak diren eta ingurune hurbilean aurkitzen ez diren gizabanako edo taldeekin konektatzeko aukera eskaintzen du.

Arautzaileak eta sortzaileak

Aipatu ikerketan bi jarrera bereizten dira sare sozialen erabiltzaile diren nerabeen artean; arautzailea eta sortzailea.

Lehenak, arautzaileak, itxuraz posizio pasiboa dauka, sareak kontsultatu egiten ditu, besteen sorkuntzak behatu. Itxuraz, kontsumitu bakarrik egiten du, baina, errealitatean, besteek sortutako edukietan eragiten du eta partaide da. Nola? Kontsumitzen duen horren balorazioa eginez. Bere like edo me gusta horien bitartez sortzen du araua, maila sozial eta kolektiboan.

Lanean nabarmendu denez, «arau horiek testuinguru patriarkal kapitalistan kokatzen dira eta bertan ematen diren ‘erregelei’ zuzenean erantzuten diete. Harreman afektiboei dagokienez, erregela hauek maitasun erromantikoaren ikusmolde zehatz batzuei erantzuten diete».

Era berean, egoera biolentoak, larderiazkoak edota kontrol mekanismoak ere “digitalizatu” egiten dira. Indarkeria leundu egiten da online. «Elementu hauek, printzipioz pasiboak, ez dira inondik inora pasiboak: erabilitako indarkeria motaren baitan, jazarlea eta honek genero sisteman duen lekua ezberdinak izan daitezke», ondorioztatu du lanak.

Normalean mutikoak erabiltzaile arautzaileak izaten dira, eta, neskak, berriz, sortzaileak. Alegia, neskak dira batik bat argazkiak eta bideoak egin eta partekatzen dituztenak. Eta gehienetan eremu arautzailean ezarritako edertasun kanonei erantzuten diete. «Eremu normatibo horretan antzematen dira, era berean, gorputzak –emakumeenak, bereziki– objektutzat jotzen dituzten maitasunari buruzko ideiak. Kontsumoa eta kontsulta arautzen dituen esparruak definitzen du nola jokatu behar duen pertsonak edukiak sortzean: nola atera behar den argazki batean, nola eta non zabaldu behar den argazki hori».

Ikerketak nabarmendu duenez, munduaren aurrean agertzeko modu horrek ahul bihurtzen du pertsona, edukia bere aurka erabil daitekeelako. «Neskak dira beren burua gehien erakusten dutenak eta, horregatik, ahulagoak dira gorputzaren exijentzia eta perfekzioaren inguruko ideien aurrean. Horiek osasungarriak ez diren eta bortitzak ere izan daitezkeen jokaerak naturalizatzera daramatzate, bikote harremanen barruan zein kanpoan».

Edertasun kanonen agindura

Komunikazio sinbolikoak pisu handia dauka sarean. Ez da hitzezko komunikazioa eta sarean esaldiekin, argazkiekin eta bideoekin egiten da. Norberak komunikatu nahi duena josten da komunikazio sinbolikoaren bitartez.

Ikerketak ondorioztatu duenez, komunikazio sinboliko horretan gizarte eta genero sistemek agintzen dute. Maitasun erromantikoari dagokionez, nerabeek sare sozialetan argazkiekin “jolasten” dute bikotea daukatela jakinarazteko. Instagram da horretarako tresna ohikoena. Berez Instagram sarea aurkezpen txartela bezala erabiltzen dute nerabeek. «Ba Instagramen, normalean, jendeak igotzen duen argazkia ahal den politena da... Hau da, ez duzu edozein argazki igotzen, izan behar da oso ondo atera zaizula edo horrelako gauzak (…) festa batera zoazenean, eta (…) zure Instagram eskatzen dizutenean, Instagrametik abiatuta ikusiko dute nolakoa zaren, orduan, ondo atera behar zara», kontatu du ikerketan nerabe batek.

Estatus hori erakusteaz gain, sare sozialetako argazkiak kontrolerako elementua izan ohi dira. Nesken kasuan, “kontrol pasiboa” izaten da (beren bikotekideei galdetzea non eta norekin dauden, adibidez), eta erlazionatuta dago maitasun erromantikoaren mitoen baitan eraikitako dependentzia emozionaletik eratortzen den segurtasunik ezarekin. Horien erakusle dira esklusibotasunaren ideia eta maitasunak jeloskortasuna berezkoa duenaren kontzeptua, adibidez.

Mutilen kasuan, kontrola “aktiboa” izan ohi da, neska-lagunen bizitzan zuzenean eraginez (janzkera, egiten dituen jarduerak...) edota jeloskortasuna bultzatuz, neska-laguna ez den beste neska batekin agertzen den argazkia igotzean, esaterako.

Kontrola online harremanen tasun garrantzitsua da, bikotearen barruan zein kanpoan ageri dena. Ikertzaileen ustez, «garrantzitsua da kontrol horren izaeraren ezberdintasuna azpimarratzea, adiskidetasun harremanetan egiten denean ala maitasun harremanetan agertzen denean. Aitzitik, nerabeek ez dute ezberdintasun hori ez kontuan hartzen ez ulertzen. Horregatik, bikotekideek eragindako kontrol jarrerak ikusezin geratzen dira, adiskideekin ala gurasoekin dituzten harremanekin parekatzen dituztelako».

Arraila digitala

Ikerketaren ondorio nagusietakoa eta kezkagarrienetakoa, egileen ustez, helduen eta nerabeen arteko arraila digitala da, «batzuek eta besteek oso era ezberdinean ulertzen baitute munduan egoteko modua».

Nerabeen lekuan jartzea

Hartara, ikertzaileek garrantzitsutzat jotzen dute oso helduek beren errealitate propioa deseraikitzea eta nerabeen tokian jartzea, sare sozialen leihoetatik sar daitezkeen indarkeria sexistak identifikatzeko eta prebentzioan lan egiteko. «Helduek ulertu eta onartu behar dute nerabeen arteko harremanak beste modu batean eraikitzen direla, baina horrek ez du zertan negatiboa izan».

Bide horretan, helduak kezkaz bizi dute nerabeek etengabe konektatuta egoteko daukaten beharra. «Behar hori berehalakotasunarekin lotuta dago: gainontzeko kideak konektatuta daudenean beraiek ez badaude, informazio edo gertaeraren bat galtzeko arriskuan daude eta, horrekin, taldetik kanpo geratzeko arriskuan (une batez bada ere). Gurasoei ulergaitza gertatzen zaie hori eta, ondorioz, familian gatazkak sortzen dira».

Gauzak aldatu egin dira. Nerabeen harreman sozialak, dauden espazio fisikoaz gain, espazio birtualean ere finkatzen dira. Eta espazio horrek ez du geografia edo denbora mugarik, eta beti konektatuta egotea eskatzen du.

Helduek, orokorrean, ez dituzte errealtzat jotzen sare sozialetan sortu diren edota mantentzen diren harremanak. Ondorioz, gutxietsi egiten dituzte. Helduen begietara, kosta egiten da ulertzea nerabeentzat balio bera dutela online ala offline gertatzen diren topaketak. Gainera, espazio fisikoan gertatzen diren harremanek eta interes elkartzeek jarraipena dute online espazioan.

Belaunaldien arteko eten horien ondorioz, nerabeak ez ulertuak sentitzen dira eta beren gurasoak «atzeratuak» daudela pentsatzen dute. «Helduek sare sozialak kriminalizatzeari utzi behar diote eta munduari buruzko euren ikuskera deseraiki, nerabeek bizi duten errealitatea hobeto ulertzeko».

Ikerketa horren ondorioetatik tiraka gida bat osatu dute eta datozen asteetan helaraziko zaie Gipuzkoa eta Peruko hainbat hezkuntza eragileri, «ikerketan jaso den problematikari aurre egin eta nerabeekin haren inguruan lan egin asmoz».

Gema Hierro

 

«Nerabeek besteengan ikusten dituzte kontrola eta indarkeria, baina beren azalean ez dituzte identifikatzen»

Maitasun erromantikoa, arrosa kolorekoa eta kaltegabea itxuran, indarkeria matxista latzenaren oinarrian egon daiteke. Maitasuna jabetzarekin, kontrolarekin eta abusuarekin lotzeko modu disimulatua baita, nerabeengana zuzen iristen dena. Egunotan, gainera, aliatu berriak topatu ditu teknologia berrietan.

Gipuzkoako eta Peruko nerabeen harremanak aztertu dituzue. Zein da horien arteko harremana?

Medicus Mundi garapenerako erakunde bat da eta bertan ikuspegi orokor batekin lan egiten dugu; beste erakunde batzuekin eta beste herrialde batzuetan. Hartara, urte mordoa daramagu Peruko Movimiento Manuela Ramos erakundearekin batera lanean.

Indarkeria matxistaz hitz egiten dugunean, mundu mailako arazo bati buruz ari gara, sustrai heteropatriarkalak dituen arazo bati buruz. Horregatik, interesgarria iruditu zitzaigun modu praktikoan bi errealitate horiei buruzko informazioa biltzea; Gipuzkoakoa eta Perukoa. Badakigu bi errealitate horiek desberdinak direla, baina, era berean, jakitun gara arazoaren muina bera dela toki batean eta bestean: sistema heteropatriarkala.

Badugu beste jendarte batzuk gurea baino matxistagoak balira bezala ikusteko joera. Bereziki latinoamerikarrak.

Egia da hori. Horregatik ikerketa hau aukera ona iruditu zitzaigun errealitate desberdinak izanagatik, arazoaren sustraia eta ondorioak antzekoak direla konturatzeko. Hori zen ikerketaren helburu nagusietakoa.

Gure jendartean denak omen feministak eta dena omen feminismoa.

Ideia oker horren kontra lan egin nahi dugu. Gure inguruan badago parekidetasun faltsuaren sentipena eta hori arriskutsua da. Orain aurkeztu dugun ikerketa hau lerro bereko bigarrena da. Aurretik, Gipuzkoa mailan beste ikerketa bat egin genuen, 2014. urtean, eta nerabeen artean maitasun erromantikoaren eraikuntza soziala nola egiten den ikertu genuen. Nerabeek nola bizi duten maitasun erromantikoa eta zer ideien gainean eraikitzen den. Hori izan zen aztergaia. Gipuzkoa mailan egin zen ikerketa eta ondorioak izugarri kezkagarriak izan ziren. Emaitzen arabera, bikote monogamo heterosexuala da nerabeen artean onartutako eredu bakarra eta bizitza proiektuaren oinarria bikotea eta seme-alabak izatea da gehienentzat. Gauza batzuk aldatzen dira, baina oinarrian betiko rolek eta ereduek daukate indarra. Nerabeak hazten eta hezten diren ereduak oso matxistak eta sistema heteropatriarkalak agintzen dituenak dira.

Maitasun erromantikoak arrisku gabea dirudi, baina oso arriskutsua izan daiteke.

Albistegietan asaldatzen gaituzten indarkeria matxistako kasu askoren oinarrian maitasun erromantikoaren ideia dago. Oso kezkagarria da. Gure ikerketetan ikusi dugunez, nerabeek parekidetasunaren inguruan lana egiten duten arren, askotan ez dituzte tresnak parekidetasun eza edota indarkeria matxista beren azalean identifikatzeko. Laguna bikoteak kontrolatzen duela ikusten dute, ez duela ondo tratatzen iruditzen zaie... Urrutitik ikusten dituzte kontrol eta indarkeria jarrerak, baina beren azalean ez dituzte identifikatzen. Eta maitasun erromantikoa zuzenean lotuta egon daiteke kontrolarekin eta abusuarekin.

Bi aldeentzat da kaltegarria, ezta?

Zalantzarik gabe. Sanoak ez diren harremanak kaltegarriak dira bikoteko kideentzat eta baita gizartearentzat ere. Denentzat. Sanoak ez diren harremanetan denek sufritzen dute, normalean alde batek besteak baino gehiago, baina denek. Hala ere, uste dut gero eta harreman sanoagoak eraikitzen direla. Pausoak eman dira aurrera, lan handia egin delako. Eta gizartean gero eta erreferente pluralagoak daude eta horiek mesede egiten dute. Mugimendu feministaren borrokari esker, ereduak eta mandatu sozialak aldatzen ari dira eta hori denon mesedetan gertatzen da, erreferente berriak eskaintzen direlako. Oraindik asko dago egiteko, baina egindako lana hor dago.

Betitik existitu denak tresna berriak topatu ditu teknologian.

Horixe gertatzen da. Teknologiari esker, harremana etengabekoa da, egunean 24 ordukoa. Eta kaltegarria eta mingarria denean, ez dago atsedenik. Abusua, indarkeria, intimitatearen kontrako erasoak, kontrola... etengabea da. Ez dago atsedenik. Garai batean, bikotearekin egoten zinen tarte batean eta etxera joatean hautsi egiten zen harreman hori. Orain, beti zaude harremanetan, ez da inoiz hausten. Gauzak asko aldatu dira. Adibidez, gure ikerketan azaltzen genuen egoera bat oso esanguratsua da. Mutikoak galdetzen dio neskatoari, «asko maite nauzu? Facebookeko zure pasahitza emateko adina maite nauzu?». Aro digital berri honetan jaio direnen begietara, sare sozialetako pasahitza ematea gauza oso garrantzitsua da.

Baina teknologiak eskaintzen dituenak tresnak baino ez dira.

Bai eta hori nabarmendu beharra dago. Sare sozialak-eta erremintak dira, tresnak. Ondo erabiliz gero, sekulako tresna dira; ahotsik ez dutenei ahotsa ematen diete, ahalduntzen laguntzen dute... baina, kontuz, oker erabiliz gero oso kaltegarriak izan daitezke-eta. Kontrolerako eta jazarpenerako tresna egokiak ere izan daitezke.

Baina ez genuke ahaztu behar belaunaldi berriak tresna horiekin jaio eta hazi direla. Helduok ez genituzke sareak eta teknologia berriak kriminalizatu behar, gure bizitzaren eta beren bizitzaren parte baitira. Baina nerabeei tresnak eman behar dizkiegu edozein indarkeria matxista, kontrol edota abusu identifikatzeko gai izateko eta horien kontra aritzeko modua izateko. Erreminta horiek ondo erabiltzen lagundu behar diegu. Badago errua tresnei botatzeko joera. Tresnak hor daude, beren bizitzaren parte dira eta geratzeko etorri dira. Hori barneratu eta hortik abiatuta hasi behar dugu lanean.

Helduen eta nerabeen artean arrakala digital nabarmena dago.

Bai, hori oso nabarmen geratu da gure ikerketetan. Helduok nerabeak lagundu nahi baditugu –hezitzaileak zein gurasoak izan– gure mundua deseraiki eta nerabeen ikuspuntua ulertu behar dugu, hortik bakarrik lagunduko baitiegu.

Helduen eta nerabeen arteko distantzia hori sekulakoa da eta elkarri kalte egiten dioten jokaerak sortzen ditu. Mespretxatzeko joera izaten da, «telefonoarekin dago egun guztia, ez du besterik egiten...». Finean, beren bizitzaren parte da teknologia eta hori ulertu behar dugu helduok. Gu beren garaian jaio izan bagina eta orain 13 urte bagenitu nolakoak izango ginatekeen pentsatu behar dugu, enpatiatik eta ulermenetik. Mespretxutik ulertzen saiatzera pasatu beharko genuke.

«Neskak dira beren burua gehien erakusten dutenak, eta, horregatik, ahulagoak dira gorputzaren exijentzia eta perfekzioaren inguruko ideien aurrean»

Mutilen kasuan, kontrola «aktiboa» izan ohi da, neska-lagunen bizitzan zuzenean eraginez (janzkera, egiten dituen jarduerak...) edota jeloskortasuna bultzatuz