Beñat HACH EMBAREK
Elkarrizketa
Asier Sustaeta
«Korosagasti» filmeko zuzendaria

«Beizamako krimenaren dokumentazioa hiru pertsonak bakoitzak bere kasa aztertu, eta ondorio berera iritsi ginen»

1926ko azaroaren 14an, Beizamako Korosagasti baserrian hilik agertu ziren Bibiana Azkardi eta Maria Odriozola ama-alabak. Beizamako krimena bezala ezagutzen dena, film bihurtzen ari dira.

Asier Sustaetak (Azpeitia, 1979) ez du ikus-entzunezkoekin lotutako inongo ikasketarik egin, baina betidanik gustatu zaio kamera artean ibiltzea. Musika talde batzuetan jotakoa da duela zenbait urte, eta testuinguru hartan ohartu zen asko gustatzen zitzaiola bideoklipak egitea. Hala, Asier bera eta bere adiskide Oihan Amezua beste zenbait lagunekin bildu ziren Erabaki Produkzioak sortzeko. Bakoitzak badu bere ofizioa, eta ondoren ahal duten denbora eskaintzen diote proiektuari, baina, hori bai, Sustaetak defendatu bezala, emaitza profesionala lortzea helburu.

“Oinaze egoitzak” film laburrarekin sari bat jaso zuten Lekeitioko Euskal Zine Bileran; “Aio” film laburra ere saritua izan zen, eta Sustaeta bertan estreinatu zen zuzendari bezala. Egin duten azken lana “Kronos” da, dezente denbora hartu diena. Orain bete-betean murgildu dira “Korosagasti” filmaren ekoizpenean, eta estudioa Azpeitiko esklaboen komentuan dute. Pelikulak 1926an Beizaman gertatutako krimena kontatuko du, eta suspensezko filma izango da.

Nola otu zitzaizuen Beizamako krimenaren inguruko pelikula bat egitea?

Azpeitian Udalak eta kultur mahaiak sormen beka bat abiatu zutela jakin eta egun berean sekulako kasualitatea gertatu zitzaidan. Sarean nabigatzen nenbilela eskaintza batekin egin nuen topo: norbait duela 90 urteko egunkari bat saldu nahian zebilen. Egunkaria begiratzen hasi eta han zegoen dena. “Los asesinos del crimen de Beizama”, argazkiak… Aurretik egindako “Aio” film laburra ere genero beltzekoa dela esango nuke, eta grabatu genuenean aktore lanetan aritu zen Pedro Otaegi beizamarra. Hark kontatu zigun Beizamako kasuarekin ere bazegoela nahikoa mami film bat egiteko, baina, beno, ideia ahanzturan geratuta zegoen...

Baina egunkari zahar horrek berriro jarri zuen ideia mahai gainean...

Zazpi bat urte pasako ziren elkarrizketa hura izatetik egunkariarekin topo egin arte. Ez genuen proiekturik, baina sormen bekak horretarako aukera sor zezakeen, eta heldu egin genion. Egunkariaren argitaratze datatik abiatuta hemeroteka ezberdinetan ibili ginen ikerketak egiten, egunkari piloa deskargatzen... Hala, kronika bat osatzen hasi ginen. Hiru argitalpen alderatzen ibili ginen: “La Voz de Guipúzcoa”, “El País Vasco” eta “Argia”. Batzuek argi eta garbi defenditzen zituzten Lizardi baserrikoak, susmagarri nagusiak; beste batzuek, ordea, parean tokatzen zenari botatzen zioten errua. Pentsatu genuen kronika osatu, hedabideen arteko alderaketak egin eta egia hor nonbait ibiliko zela.

Objektiboki, eta gertaeretara mugatuta: zer gertatu zen Beizaman?

1926eko azaroaren 14ean Korosagasti baserrian hilik topatu zituen bere ahizpa eta ama Jazinta Odriozolak. Jazinta Tolosan bizi zen. Azpeitiko epaitegia arduratu zen kasuaz, eta atxiloketa mordoa egin ziren, berrogeitik gora. Arrazoi ezberdinak egon ziren atxiloketen atzean, tartean blusa beltza eramatea, Jazinta Tolosan ikusi omen zutelako blusa beltza jantzita zeraman gizon batekin hizketan! Batek daki garai hartan zenbait blusa beltz egongo ziren etxe bakoitzean! Bat baino gehiago blusa beltzak lurpean ezkutatzen ibili omen zen, pentsa…

Zabaldu zen beste kontu bat izan zen Korosagastikoek txahala saldu zutela, eta erosi zuena pagatutako diruaren bila itzuli zela baserrira. Horren ondorioz ganadu tratante ugari susmopean izan ziren. Egun horietan Beizamatik ijito familia bat pasa zen, eta familia osoa atxilotu zuten. Azkenean Itsasondoko Lizardi auzokoak atxilotu zituzten, Aranzegitarrak, eta haiek izan ziren susmagarri nagusiak (ama eta alaba gazteena izan ezik beste denak atxilotu zituzten).

Sei edo zazpi hilabeteko prozesu judizial bat etorri zen ondoren, eta epaiketan zehar jakin zen Jazinta ahizpa eta ama hiltzen saiatu zela aurretik, pozoitutako sagar batzuekin. Baina epaiketaren amaieran dekretu bat iritsi zen Donostiatik: denak kalera. Ez omen zegoen aski froga epai bat emateko.

Horretaz aparte, aipatzen da hamalau urte geroago, Itziarren, apaiz batek pulpitutik esan zuela Beizamako krimena burutu zuen gizonak hilzorian aitortu ziola egin zuena.

Hori litzateke, laburtuta, gertatu zena. Baina aztertu duzuen informazio guztia barneratu ondoren, zein da gertatu zenaren inguruan duzuen iritzia?

Zergatik askatu zituzten Lizardi auzokoak? Guk gure susmoak dauzkagu. Badakigu Aranzegi familia boteretsua zela: baserriaren jabeak ziren, ganadu asko zeukaten, lur mordoa, zerrategi bat… Elizarekin harreman oso ona zeukaten, eta ermita bateko teilatua konpontzeko diru asko eman zuten.

Badakigu Elizak nola funtzionatzen duen egun, nola funtzionatzen zuen orduan… Kontua da erruduntzat jo zuten gizon hark, Itziarko Santuaran baserriko Luxiano (Mekatxis ezizena zuena), aurretik ere bazeukala hildakoren bat bere bizkar, eta kulpa hiltzaile bati botaz gero, ba jendea ez da asko harritzen.

Gure ondorioa da bazeudela nahikoa froga, Lizardin Korosagasti baserriko gauzak topatu zituztelako. Nabarmena zen Korosagastin izan zirela. Epaileak berak aitortu zuen kazetarien aurrean Korosagastin egindako gazta batzuk topatu zituztela Lizardin...

Lehen aipatu duzu egia topatzeko ahaleginean, hedabideek ziotena alderatzen aritu zinetela. Zuentzat, norabide horrek Lizardira al darama?

Nahiko argudio daude. Ez da gaztarena bakarrik, odoldutako arropa ere topatu zuten, eta Lizardikoek esan zuten egun hartan txahal bat jaio zela baserrian eta erditzeko lanen odol-arrastoak zirela arropetakoak. Guretzat gakoa deklarazioetan dago. Denek adierazpen bateratu bat osatu zuten, baina batek kale egin zuen, eta gauza oso ezberdinak esan. Hori dena jakin eta gero, kalera? Traturen bat izango zen tartean.

Erauskin Errotarik errugabetzat jotzen ditu Lizardikoak bere bertsoetan, eta Goierri eta Urola inguruko jende gehiena iritzi berekoa zen.

Bai, eta ez hori bakarrik,baita kazetari batzuk ere. “El País Vasco” egunkarira jo (egungo “El Diario Vasco”) eta lau orrialdeko erreportaje grafiko bat aurkitu genuen, Aranzegi familiakoen zazpi edo zortzi erretraturekin. Zuriketa lan hutsa zen, hedabide bat haien zerbitzura nahi zutena esateko. Omenaldi bat ere antolatu zieten herrian.

Hau dena ez da nire susmoa bakarrik. Hiru pertsonak Beizamako krimenaren inguruan bildutako dokumentazio guztia eraman genuen etxera, bakoitzak dena bere kasa aztertu, eta ondorio berdinera iritsi ginen: «Honek egin du, eta honengatik».

Testuingurura jota, uste duzu krimenaren harira talka bat bizi izan zela hirigune erdaldundu eta landa eremu euskaldunaren artean?

Bai, handia gainera. Epailea erdal hiztuna zen, gaztelarra; Beizamakoek ulertu ulertuko zuten zerbait gazteleraz, baina hitz egin dena euskaraz egiten zuten. Kexu agertu zen epailea kazetarien aurrean, akusatuek erantzuteko hartzen zuten denborak aukera handiagoa ematen zielako erantzuna prestatzeko; ezin zituen sorpresaz harrapatu. Gainera, ziur zen adarra jotzen ziotela. Jazintaren kasuan, Tolosan bizi zen, hiru urte zeramatzan neskame erdaldun batzuen etxean… Hori ikusita, epaileak zer esango zuen ba? “Etxekoei ulertzen die eta niri ez?”. Baserri jabe edo euskaldunak gutxietsi baino, hedabideek bordetan bizi ziren artzainen kontra jo zuten: «hombre tosco y sombrío, de pocos amigos…». Irudi hori zabaldu zuten.

Gipuzkoan gertatutako lehen krimen mediatikoa izan zen?

Egunkariek bazeukaten presentzia, baina ez dakit irratia zenbateraino zegoen zabaldua, irratitik ezin izan dugulako ezer jaso kronika osatu ahal izateko. Argazkigintzak ere ez zeuzkan hainbeste urte orduan… Lehenengoa izan ez bazen, lehenengotakoa. Bestalde, krimenak ere izan ziren lehenago, noski, baina ez dago inondik inora kasu honetan topa daitezkeen datu mordoa. Hedabideek egunero egiten zuten kronika, krimenaren egunetik martxora arte, egunero, berririk ez zegoela esateko ere: «Las últimas noticias son las mismas… el juez entra a las 8 de la mañana… sale a la 1 a comer, entra a las dos y media después de la siesta… ha salido a las 8 y no ha dicho nada nuevo…».

Krimenaren egunetik abiatuta, egunero ez bazen, ia beti agertu zen zerbait zazpi bat hilabete pasa arte. Jaso dugun azkeneko berria 1941ekoa da, eta ordutik honakoak kasua mintzagai duten erreportaje modernoak dira.

Zer moduz doaz filmeko grabaketa lanak?

Ondo! Grabaketetarako 31 egun aurreikusi genituen, eta 25 eginak daude jada. Azpeitiko Esklaboen komentuan daukagu lantokia (lokalak Udalarenak dira), eta hainbat lokalizazio bertan jarri ditugu: epailearen bulegoa, Korosagastiko sukaldea, ziega, galdeketa gela, herriko ostatu zaharra, pasillo zentrala, Lizardiko gela bat, Zeru Txiki ostatuko gela bat (Jazintak lan egin zuen taberna, Tolosan), autopsia gela bat… Hemendik kanpo, Urrestillako hilerrian eta baserri batean ere egin ditugu grabaketak, baita Azpeitiko zerrategi batean ere. Zeru Txiki taberna bilakatu genuen Azpeitiko Alejandro ostatua. Kartzelako ataria Loiolako basilikaren atzealdean kokatu dugu.

Zer baliabide ari zarete erabiltzen 1926. urteko giroa lortzeko?

Argiztapenari dagokionez, garai hartan landa eremuan ez zeuden bonbilla asko, eta baserri gehienetan ez zegoen argindarrik. Kaleetan farola batzuk bai, agian, baina oso ahulak. Kartzeletan kandelak zeuden, eta horrek lantxo bat eskatu digu. Arropak ere bai, zer esanik ez. Kotxe zaharren bilduma egiten duen herriko batek ere utzi digu autoa...

Grabaketak kanpoan egiten ditugunean, berriz, asko jolastu behar dugu ezkutaketan: farolak, kableak, barandak, asfaltatutako lurra… Gainera, ez da erraza masa bota gabeko lurra topatzea, dena urbanizatuta baitago egun. Mendira joz gero bai, baina, noski, hori eginda baliabide pilo bat galtzen dira. Loiola atzean hala gabiltza: tona bat hondar bota, zabaldu, lurra zikindu, gero bueltan jaso… Gurea lan kooperatibo bat da eta bakoitzak bere aletxoa jartzen du.

Hau ez da zuen ogibidea.

Ez, ez! Ni altzarigintzan nabil, eta Oihan soinu enpresa batean! Musu truk ere ez gabiltza, baina ez da gure ofizioa.

Zer sentituko dugu gehienbat «Korosagasti» ikustera joaten garenean? Beldurra, suspensea…

Suspensea batik bat. Tentsio une batzuk izango dira, baina beldurra ez hainbeste. Filma hiltzailea nor den jakin nahi horretan igaroko da…

Azpeitiko Udalaren beka. Herriko gidoilariak. Istorioa ere gertukoa. Aktoreak inguruko antzerki taldeetako kideak. Hau «0 km» pelikula bat da!

Hala da, bai. Gainera, parte hartzen gabiltzan gehienok bagenuen krimenaren berri: “nire aitak kontatzen zuen”, “nire amonak zioen”… Inguruko jendeari mesede egingarriak eskatu, eta proiektua forma hartzen joan da. Bekaren prozedura bera eredugarria izan daiteke beste herri batzuetan antzeko proiektuak bultzatzeko. Guk garbi geneukan bakarrik ezingo genuela hau dena egin, lau lagunen artean eta gure denbora librean. Ez genuke izango ez filma ekoizteko ez aurrera ateratzeko baliabiderik. Ikus-entzunezkoekin lotutako ikasketak egin dituzten gazte asko ari dira parte hartzen: aktoreak, gidoilariak, arte zuzendariak, soinu eta argiztapen arduradunak… Badakite zertan dabiltzan, eta baditugu baliabideak. 58 lagun gabiltza lanean. Gure denbora librean gabiltza, bai, baina zalantzarik gabe emaitza profesionala izango da. Orain arte egin ditugun ekoizpenetatik “Korosagasti” filmera kristoren saltoa dago. Badago jantzietarako estilista bat ere, Xanti, bere bizitza laboraleko sei hilabete hartu dituena pelikula egiteko.

Pelikula urte amaierarako prest izango da, orduan?

Nik uste baietz, eta estreinaldia Azpeitian egingo da.