2019/03/16

«Gipuzkoa» bouko tripulanteak, Matxitxakoko borrokaldiaren ondoren

1937ko martxoaren hasieran, “Galdames” merkantzia-ontzia Baionatik Bilborantz abiatu zen, 173 bidaiari eta Euskal Gobernuak Belgikan egindako hiru tona txanpon zeramatzala. Beste alde batetik, Mexikotik “Mar Cantábrico” merkantzia-ontzia itsasoratu zen, errepublikanoentzako gerra-materialarekin kargatuta. “Galdames” ontzia eskoltatzeko, Eusko Itsas Gudarosteko “Gipuzkoa”, “Nabarra”, “Bizkaya” eta “Donostia” bouak atera ziren. Ferroletik, berriz, Armada frankistaren “Canarias” gurutzaontzia atera zen, bi merkantzia-ontziak Bilboko portura sartzea galarazteko. Martxoaren 5ean “Canarias”-ek, euskal kostaldera hurreratzean, “Gipuzkoa” boua begiztatu zuen eta borrokaldi bat hasi zen. Haren ondorioz, “Gipuzkoa” bouko bost lagun hil ziren eta 12 zauritu. “Gipuzkoa” bouak, matxuratuta, Portugaletera sartzea lortu zuen. “Canarias”-ek “Galdames”-en aurka ere tiro egin eta lau bidaiari hil zituen. Frankistek merkantzia-ontzia harrapatu egin zuten. Halaber, “Nabarra” bouak eta “Canarias”-ek ordu eta erditik gorako borrokaldiari ekin zioten. “Nabarra” bouko tripulazioko 29 kide hil ziren, eta bizirik atera zirenak atxilotu eta kartzelatu egin zituzten. Artikulua ilustratzen duen irudiaren egilea ezezaguna da. Argazkian, Matxitxakoko borrokaldiaren ondoren, “Gipuzkoa” boutik bizirik atera zirenak ageri dira, tartean ontziko komandante Manuel Galdos.