2019/03/16

Erreportajea
BALTISTAN FUNDAZIOA
Hushe ibarreko seiehun neskatila eskolatzeko kanpaina, amaitzear

Baltistan Fundazioak mendiko balioak ditu oinarri, eta mendiko jendearen garapena sustatzen du. Hushe ibarreko umeak eskolatzen ditu, neskatilak bereziki; goi mailako ikasketak egiteko bekak ematen ditu, eta han berrikuntza zentro bat abiatzeko, Baltistango lagun bik master bat egingo dute Mondragon Unibertsitatean.

Xabier Izaga Gonzalez
0316_baltistan1

Mendian eta menditik bizi dira. Besteak beste, beren mendietara joaten direnak zaintzen dituzte, eta joaten diren horietako zenbaitek bertan bizi direnek ere laguntza merezi dutela pentsatu zuten behinola. Hainbat urte igarota, Baltistan Fundazioa nazioarteko garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak Hushe ibarraren garapena errazteko bitarteko bihurtu zituen Euskal Herriaren eta inguru hartako bizilagunen arteko aspaldiko harremanak.

Hushe ibarra Baltistan herrialdean dago, Pakistanen Administraziopeko Kaxmirren. Baltistan Fundazioak Karakorum mendilerroaren magaleko komunitate horietan bizi diren lagunei prestakuntza eta azpiegiturak eskaintzen dizkie. Laguntzen duen garapen eredua gizon eta emakumeentzat berdintasunezkoa da, iraunkorra eta propioa, bertakoek sustatu eta kudeatua. Horregatik, zeregin hori aurrera eramateaz arduratzen den erakundea Hushe ibarrekoa eta bertako lagunek osatua da: Felix Iñurrategi Foundation Baltistan Machulu.

Mendiko balioak

Irati Santxo Baltistan Fundazioko teknikariarekin hitz egin du GAUR8k eta, besteak beste, erakunde horren izenaren zergatia azaldu du: «Iñurrategi anaiak eta Euskal Herriko beste mendizale batzuk Pakistan aldera joaten ziren. Hango xerpekin sortutako harremanen inguruan sortu zen gobernuz kanpoko erakunde hau. Felix Iñurrategi hil zenean, haren izena jarri zioten hango mendi eskolari, ondoren fundazioa izango zenari, hain zuzen». Euskal mendizaleen eta Hushe ibarreko lagunen arteko harremanek mendi mundua gainditu zuten, eta eskualde hark garatzeko aukera gehiago izan zitzan lan egin zezaketela pentsatu zuten, Baltistan Fundazioaren bidez, hain zuzen.

Mendiarekin estu lotutako fundazioa da, beraz, eta mendizaletasunaren balioak bere egin dituena. Hauxe da euren leloa: “Elkartasunean, mendia bide”. «Mendian sortu zen», dio Iratik, «Euskal Herrian beti egon da mendizaletasuna eta Iñurrategi anaien, Jon Lazkanoren, Juanjo San Sebastianen eta beste askoren eta xerpen artean sortu ziren harremanak naturan eta elkartasunean oinarritutakoak dira. Hartara, mendiaren inguruko filosofiak gidatuta sortu zen gobernuz kanpoko erakunde hau, menditik eta mendiarentzat, zeren guk Karakorum mendilerroaren parte den inguruan lan egiten dugu, mendiko lagunentzat, mendian eta menditik bizi diren horientzat».

Fundazioaren zutabeetako bat giza prestakuntza eta prestakuntza profesionala da, prestakuntza herritarren garapen sozioekonomikoa lortzeko gakoetako bat eta ibarreko emakumeak ahalduntzeko tresna bat dela uste baitute. Ez da jorratzen duten arlo bakarra; osasun arloan ere, esate baterako, zenbait ekimen egin izan baitituzte. 2008an hasi ziren Baltistango neskak eskolatzen. Lehenengo, baina, sentsibilizazio kanpaina bat egin zuten.

Hezkuntza, funtsezkoa

Iratik dioenez, neskak eskolara joatea han ez zuen zentzurik, «neskek umeak izan eta etxeaz arduratuko direnez… Mentalitate hori zeukaten, eta guk aldarrikatzen dugu ume denak egoera berdinean joan behar dutela eskolara. Hango familiek daukaten apurra mutilen prestakuntzan inbertitzen dutela ikusita, sentsibilizazio kanpaina hura egin genuen, bai mutilentzako bai neskentzako hezkuntzaren garrantzia azaltzeko. Eta hango familiak horren kontzientzia hartzen joan ahala, proiektua abian jarri genuen, nesken hezkuntzaren kostuak guk ordaintzeko konpromisoarekin». Akordio bat lortuta, proiektua garatzen hasi ziren, familiek baliabide eskasak dituztenez, mutilen hezkuntzan inbertitzeko eta Fundazioak nesken hezkuntzan inbertitzeko ardura hartuta, denak eskolara joan ahal izateko helburuarekin.

Datu batzuk eskaini ditu Iratik, fundazioaren lanaren fruituaren erakusgarri. 2013an, gutxi gorabehera 270 neska joaten ziren eskoletara, eta gaur egun 700 baino gehiago. Beste alde batetik, neskak eskolara joatea garrantzitsu jotzen ez zuten familien arteko elkarrizketak egun gisa honetakoak direla dio: «zure neskatila zein eskolara doa?» edo «nik eskolaz aldatu dut», eta ez eskolara joan behar duten edo ez. Gutxi gorabehera hamar urteko bilakabidea izan da hori.

Kontzientziazio kanpainaren ostean, bonu kanpainei ekin zieten. 2019koa martxo amaiera arte luzatu da, Hushen martxoan hasten baita ikasturtea, negu gorrian, baina aurten, elurteak eta tenperatura baxuak tarteko, hil amaiera arte ez baita hasiko. «Kanpainaren azken txanpan gaude, beraz», dio Iratik. Helburua 600 bonu saltzea da, 600 neska eskolatzeko, eta dagoeneko 500 ingurura iritsi dira. 50 euroko bonu batekin neskatila baten urte osoko gastuak berdintzen dituzte.

Alberto Iñurrategik ere parte hartu du Baltistan Fundazioaren bonu kanpainan. Joan den otsailean “Porrotaren alde” bere diaporama eraman zuen Alegiara, hitzaldi bat eskaini eta urteroko bonu kanpainaren berri eman zuen, bertako Mendi Asanbladak sustatutako elkarlanerako ekimen baten barruan.

2018an 764 neska joan ziren eskolara; 2017an, 703, eta, 2016an, 563 neska.

Proiektu berria

Bonu kanpainetan Mondragon Unibertsitatearen laguntza ere badute, baina hori ez da erakunde bien arteko lankidetza bakarra, Iratik dioenez. «Hainbat gauza egiten ditugu Mondragon Unibertsitatearekin, urtero zerbait berria». Hartara, neskak eskolatzen lagundu zuten, gero goi mailako ikasketak egiteko bekak ematen hasi ziren, baina gero gazte horiek arazo larri batekin topo egiten dutela ikusi dute. Ibarreko jendea unibertsitatetik irteten hasi da, eta badaude bertan prestatutako profesionalak: abokatuak, medikuak, injineruak… baina lanik gabe, edo lanerako oso aukera eskasa dutela. Beraz, azken urteotan proiektu baten beharra sumatu dute, berrikuntza zentro bat abiatzea, hain zuzen. Horretarako, Mondragon Unibertsitatea zentroko metodologia definitzeaz arduratuko da, hezkuntza esparrutik, eta Baltistan Fundazioa gainerakoaz.

Bultzatzen ari diren berrikuntza zentro horrekin Husheko komunitateei euren proiektuak aurrera ateratzeko aukera bat eman nahi diete. «Han familia asko mendi espedizioetatik bizi izan dira eta berez, beharragatik, ekintzaileak dira, eta konturatu gara komunitatean beharrak bultzatuta ekintzailetasuna oso garatuta dagoela. Orduan, uste dugu berrikuntza zentro honen bitartez, formakuntza emanda eta baliabide batzuk eskainita, aukera pila bat izango dituztela neskek eta mutilek ekintzailetasun hori gauzatzeko. Hori da helburua».

Lankidetza, ez karitatea

Herriak garatzeko laguntza eta baliabideak eman beharra dagoela uste dute, baina jasotzen dituztenek egin dezaten, eta horretarako hezkuntza funtsezkoa da. Hala uste du Iratik: «Hori da Baltistan Fundazioak aldarrikatzen duena. Guk egiten dugun lana lankidetza arlokoa da, ez karitatekoa. Gure lana Felix Baltistan hango bulegoarekin egiten dugu, eta erakunde hori hango lagunek osatzen dute. Haien bidez ikusten dugu zeintzuk diren hango beharrak, eta gure helburua erremintak ematea da, eurak aurrera ateratzeko gauza izatea. Hau da, gure helburua fundazioa desagertzea da, Baltistan Fundazioa urte batzuk barru ez existitzea. Horrek esan nahiko du eurak bakarrik dituzten beharrak asetzeko kapaz direla. Gu laguntza bat, edo kontaktu bat izan gaitezke, baina euren bizitza ez da gure laguntzaren menpe egongo, eta euren kabuz funtzionatuko dute. Buruan helburu hori edukita, zentro horrek epe luzerako baliabide pilo bat eman ahal du».

Ia proiektu denek instituzioen dirulaguntza izaten dute, aldundien eta udalena, baina fundazioak dirua ematen duten bazkideak ere baditu, eta zenbait enpresak ere egiten dituzte euren ekarpenak, hala nola Maier Kooperatibak.

Berrikuntza zentroa abiatzeko ardura izango duen lagun bat Oñatin dago, eta laster, hil honetan bertan, bi izatea espero dute, mutil bat eta neska bat. Biok master bat egingo dute Mondragon Unibertsitateak emandako beken eta Gipuzkoako Aldundiaren laguntzen bitartez, eta datorren urtean itzuliko dira Baltistanera.

Basarat Ali Mondragon Unibertsitateko Oñatiko campusean da joan den irailaz gero. Aspaldi hasi zen Felix Fundationen lanean, eta egun gobernuz kanpoko erakundearen kolaboratzailea da. Eskolak ematen ditu hango ikastetxe batean. Euskal Herrian masterra bukatzean, sorterrira itzuliko da, berrikuntza zentroan gutxienez bi urtez lan egiteko konpromisoarekin. Zentroa abiatzeko ardura izango du, baina master bera egitera Oñatira iristear den beste lagun batekin partekatuko du ardura hori, Shaziarekin, hain zuzen.

 

Zorionez, gatazkak ere ahaztuak

Azkenaldion tentsioak gora egin du Kaxmir eskualdean. Joan den otsailean talde jihadista baten erasoaren ondoren, Pakistan aldeko Kaxmirren omen dagoen kanpamentu jihadista bat bonbardatu zuen Indiak. Pakistanen eta Indiaren arteko gatazka zaharraren azken kapitulua izan da. Gatazka horrek Husheko bizilagunei noraino eragiten dien galdetu diogu Iratiri. «Baltistan probintzia bat da, eta guk bertako Hushe bailaran lan egiten dugu, hemengo mendizaleen eta haien arteko harremanak sortu ziren lekuan. Bailara zortzi herrik osatzen dute, Pakistanen iparraldean, Indiaren eta Txinaren mugetatik oso hurbil, 3.000 eta 4.000 metro bitarteko altueran. Herri bakoitza altuera batean dago. Eta ez da inguru gatazkatsua. Estatuen arteko tirabirak nabarmenak dira, baina, horri dagokionez, ez dago arazorik. Pakistanek bere lurraldetzat du Baltistan, baina guztiz ahaztuta dauka. Esate baterako, 80ko hamarkadatik iaz arte ez dute erroldarik ere egin. Han ez daukate boto eskubiderik. Estatua ez da hangoez arduratzen. Han ez daude ez Nazio Batuak ez inor, guk egiten dugu lan; bestela, ez dago inor han goian».

 

Euskal Herriaren eta baltistanen arteko harremanak, Elkartasunak areagotutako Harremanen istorioa

Baltistan urruti samar dago, India eta Txinako mugen artean, Pakistango Kaxmirren. Ez da Euskal Herritik urrunen dagoen lekua, baina bai munduko altuenetakoa, Karakorum mendilerroan baitago, Himalaiarekin batera mendi multzo altuena. Inguru gogorra bezain ederra, beraz, Baltistan eta bertako Hushe ibarra.

Eskualde hartan dabil egunotan Alex Txikon mendizale arratiarra, K2 mendia lehen aldiz neguan igotzeko ahaleginean. Joan den astean, ordea, K2ko kanpamendu nagusitik Nanga Parbat aldera egin zuen, joan den otsailaren 24tik desagerturik zeuden bi mendizale erreskatatzeko lanetan parte hartzeko. Eta mendizale bizkaitarraren taldeak aurkitu ere egin zituen Daniele Nardi eta Tom Ballard, hilda baina.

Zer dela-eta Txikonen ibilien berri Baltistan Fundazioa gai duen erreportaje batean? Alde batetik, Txikonek ere gobernuz kanpoko erakunde horren bonu kanpainan lagundu du, eta, bestetik, inguru bereko beste erreskate operazio batek eragin handia izan zuen fundazioaren sorreran.

Orain dela hogei urte, Felix eta Alberto Iñurrategik, Jose Carlos Tamayok eta Jon Lazkanok osatutako espedizioak larriki zauritutako mendizale hegoamerikar bat aurkitu zuen eta espedizio kideek handik irteten lagundu zioten. Erreskate hura zela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak saria eman zien mendizale haiei. Eurek, Green Mountain Climbig School izeneko mendi eskolari eman zioten sariak berekin zeukan diru guztia. Mendi eskola hura Matxuluko (Hushe ibarra) biztanleek sortu zuten 1997an, eskualdeko zamaketari eta eskalatzaileei alpinismoko teknikak irakasteko eta hobetzen laguntzeko, hara joaten ziren mendizaleei gero eta zerbitzu hobea emateko.

Hurrengo urtean, 2000n, Euskal Herriarentzat eta Karakorum urruneko inguruetako lagunentzat kolpe latza etorri zen: Felix Iñurrategi Gasherbrum II mendian hil zen. Matxuluko lagunek mendi eskolari izena aldatu eta Felix Iñurrategi Climbing School Machulo jarri zioten, Felixen omenez. Aldi berean, Felixen zenbait lagunek, berarekin maiz hitz egindako amets bat gauzatzeko unea zela pentsatu zuten, inguru gogor eta eder hartako herritarren bizi-baldintzak hobetzen saiatzeko erakunde bat sortzeko unea, alegia.

Edonola ere, Euskal Herriaren eta Baltistanen arteko hartu-emana aspaldikoagoa da. 80ko hamarkadatik euskal mendizale asko joan izan dira inguru horretara, hango mendi ikaragarrietan zehar ibili dira, han bizi direnen laguntza jaso eta haiekiko harreman sendoak ere egin dituzte. «Hala hasi zen adiskidetzea, eta gutxika-gutxika herrien eta pertsonen arteko lankidetzaz nahiz laguntzaz haratagoko harreman bihurtu da», dio Baltistan Fundazioak bere web orrian. Irati Santxok ere ez du zalantzarik: «Gure mendizaleak urteetan eta urteetan zaindu dituzte, eta orain egiten duguna zaintza hori itzultzeko modu bat ere bada».

«Gure helburua desagertzea da, Baltistan Fundazioa urte batzuk barru ez existitzea. Horrek esan nahiko du eurak bakarrik gaur arte dituzten beharrak asetzeko kapaz direla»

2019ko kanpainaren helburua martxo bukaera arte 600 bonu saltzea da. Dagoeneko 500era iritsi dira. 50 euroko bonu batekin neskatila baten urte osoko gastuak berdintzen dituzte