Iñaki Altuna

Altsasukoaren irakasgaiak, argiak eta gordinak

Altsasuko kaleak lepo beteko dira bihar. Izugarria izango da manifestazioa, ez dago horretan duda izpirik ere. Sortu den giroak ez du besterik iragartzen. Eta horrek lehen balorazio kuantitatibo bat dakar berarekin. Oso esanguratsua izan da urteotan, ekimen ezberdinetan, Altsasuko gazteek jasandako bidegabekeriak mobilizatu duen jende andana. Gaiak sortu duen sentsibilizazio mailaren adierazle. Belaunaldi berriak ere gehitu dira protestara.

Gai honek ez ezik, urteotan beste zenbait aldarrikapenek ere eragin dituzten mobilizazio handiek azterketa merezi dute. Euskal preso politikoen eskubideen defentsak, mugimendu feministak, Gure Esku Dagoren giza-kateek edota erretreta duinen alde pentsiodunek abiatutako dinamikek inoiz Euskal Herrian izandako mobilizaziorik handienak ekarri dituzte azken zazpi urteotan. 2012ko urtarrilean 100.000tik gora lagun bildu ziren Bilbon euskal preso politikoen alde, ETAk borroka armatuaren amaiera iragarri eta hiru hilabete eskasera. Orduz geroztik, tamaina handiko mobilizazio ugari egon da, modu jarraituan. Eta nahiz eta estatuek entzungor egin dioten protesta horiek salatzen zituzten eta dituzten arazoen konponbideari, mobilizazio gaitasunak ez du behera egin, bihar bertan Altsasun ikusi ahalko denez. Seguru asko, Europa osoan ez dago parekorik, Katalunian ez bada, jakina, bertako prozesu independentistak herri mobilizazio masiboa sortu baitu, hori bai parekorik gabekoa.

Askotan pasatutako garaiak aipatzen dira nolabaiteko nostalgiaz, baina, zenbakiei begiratuta, ezin daiteke esan euskal herritarrak lozorroan direnik, eremu honetan bederen. Beste kontu bat da horrekin denarekin bide orri bat marrazteko egon daitezkeen arazo eta gabeziena, Euskal Herriaren erronka nagusietan aldaketak eta lorpenak eskuratzeko osatu beharreko bide orria, hain zuzen. Piezak izan badirela, baina pieza horiekin puzzlea osatzeko zailtasunak daudela ondorioztatu beharko dugu.

Polizia indarrak eta salbuespen egoera

Altsasukoak beste zenbait gai eta errealitate ere mahairatzen ditu; esate baterako, polizia indarren presentziak Euskal Herrian izan dituen eta oraindik ere badituen ondorio lazgarriak. Okupazio indartzat dituzte herritar askok eta beste askok ere bat egiten dute presentzia hori asko edo erabat murriztea eskatzen duten aldarrikapenekin. Bai Altsasun gau hartan gertatutakoak bai gau hartatik hona geratutakoek gordinki azaltzen dute Guardia Zibilak ez diola bizikidetzari ezer onik ekartzen.

Eta, jakina, hamarkadatan Euskal Herriari, modu eta era ezberdinetan, inposatu zaion salbuespen egoera eta eskubide zibil zein politikoen jazarpena ere argi bezain gordin erakusten du Altsasuko gazteek pairatutakoak. Legeri eta auzitegi bereziak, babesik gabeko prozeduretan. Euskal Herrian gertatu zelako, taberna zuloko liskar bat «terrorismo» ekintzatzat jo zuten, eta horrek sufrikarioa baino ez du ekarri. Horregatik ere esan behar da gau hartakoa ez zela liskar huts bat izan, izaera politikoa zuela, indar armatu arrotzek horrelakoak sortzen baitituzte preseski gatazka politikoetan.

Altsasukoak, azken batean, irakasgai politiko handia uzten du. Euskal Herrian bakerik eta askatasunik ezagutuko bada, beren nagusitasuna bortizkeriaz inposatzen duten estatuetatik deslotu beharko dela. •