Juantxo EGAÑA

Duela mendebeteko Pasaiako galdategia

1888an Fundiciones Molinao Lasartetik Pasaiara lekualdatu zen, Pasaiako ontziolek xaflak eta ontzietarako burdinazko piezak egiteko galdategi bat behar zutela eta. Garai hartan hiru tona burdin galdatzen zituzten eguneko. 1890etik aurrera Fermin Lasala Colladok eta Brunet bankuak hartu zuten enpresaren ardura. Arestian esandakoaz gainera, tximiniak, piezak lehortzeko labeak eta torlojuak ere egiten hasi ziren, baita Donostiako Zubieta auzoko zein Bulebarreko farolak eta Kontxako baranda ezaguna ere, azken hori Juan Rafael Alday udal arkitektoak diseinatua. I. Mundu Gerraren amaierarekin batera enpresaren gainbehera iritsi zen, eta 1918an Javier Luzuriaga oiartzuarrari saldu zioten. Lehenago ere Luzuriagak beste galdategi baten ardura izan zuen, Donostiako Abuztuaren 31 kalean, XIX. mende amaieran Ategorrietara eraman zuena. 1924an enpresak Javier Luzuriaga e Hijo izena hartu zuen. Artikulua ilustratzen duen irudia “Fundiciones Luzuriaga. Pasajes” izeneko album batekoa da, eta joan den mendeko 20ko hamarkadan egina da. Egilea ezezaguna da.