Amaia Urrejola
Sexologoa eta psikologoa Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolan

Greba feministaren inguruan hausnartzen

2019ko Martxoaren 8ko grebarekin, mugimendu feministaren historian pasarte garrantzitsu bat idatzi dugu. Partaidetza globala, antolatua eta harrigarria izan da. Azken batean, gaur egun eta mundu mailan, mugimendu sozial eta politiko kopurutsuena da feminismoa. Horrekin batera, hedabideen jarraipena eta oihartzuna ere deigarriak izan dira, nahiz eta mugimendua iraultzailea eta erradikala izan. Izan ere, azken urteetan mugimendu feministak egin duen errealitatearen diagnosia oso konplexua izan da; arazoen muinera iritsi da eta autokritika egin du. Ondorioz, askotariko aldarrikapen eta soluzioak bildu, gizarteko esparru guztietara zuzendu eta gizarte eredu alternatibo bat planteatu du.

Aurtengo greba feministan, emakumeok askotariko zapalkuntzak sufritzen ditugula ikusarazteko, emakumeen askotariko identitateak azpimarratu dira (emakumeak, transak eta bollerak). Hau da, emakumeok diskriminazioa pairatzen dugula ez bakarrik emakumeak izateagatik, baizik eta beste arrazoi batzuengatik ere: sexu orientazioagatik, sexu identitateagatik, azal koloreagatik, erlijioagatik, kulturagatik edo desgaitasun egoera batean egoteagatik. Diskriminazio mota desberdinak gurutzatzen direnean zapalkuntza bikoitza baino espezifikoa sufritzen dugulako. Aipatzen ez dena, hutsaren hurrena. Laburtuz, mahai gainean jarri da mugimenduaren barruan emakumeen artean eman den zapalkuntza. Feminismo beltzek edo dekolonialek salatu bezala, mugimendu feminista aberasturiko herrialdeetako eta erdi eta goi mailetako klase sozialetako emakume zurien borroka ez bihurtzeko, zelatan egon behar dugu. Horrekin batera, patriarkatuaren aliatu nagusiak nortzuk diren seinalatu dugu: kapitalismoa, LGTBifobia, kolonialismoa eta arrazakeria. Eta horien aurrean, alternatibak eskaini ditugu bizitzak eta zaintza mota oro erdigunean jarriz. Zaintzarik gabe bizitza ezinezkoa baita, autozaintza, ingurukoen zaintza eta ingurumenaren zaintza biziraupenerako funtsezkoak baitira. Beraz, sexu aniztasuna, kulturartekotasuna eta ekologismoa balore gisa aldarrikatu ditugu. Funtsean, mobilizazioa izugarri arrakastatsua izan da, mugimenduaren sendotasunetako bat diziplinartekoa izatea baita.

Hala ere, aurtengo grebak, mugimenduaren ahuleziak ere agerian utzi ditu. Alde batetik, etsaiak oso abstraktua izaten jarraitzen du; heteropatriarkatu kapitalista, hain zuzen. Bestetik, gizonek ez dute argi zein den beraien papera. Protagonismoari uko egin eta bigarren planoan borrokatzea beraien barne erabakia izan behar da, ez kanpotik datorren inposizioa. Horretarako, antolatu eta barne formakuntza egin beharra dute sexuen arteko guda prebenitzeko helburuarekin. Eta bukatzeko, diskurtso feminista, askoren ulermen mailatik eta errealitate sozial, politiko eta ideologikotik urruntzen ari da.

Efigenio Amezua sexologo bikainak idatzi zuen bezala, mugimendu feministari zor diogu sexologiaren jaiotza zientzia gisa. Emakumeak pertsona sexudunak direla aitortzea sexuak ikertzen hasteko lehen pausua izan zen. Hortaz, sexologia ere zorretan dago. Hots, sexuen arteko segregazio, diskriminazio eta guden aurrean, mugimendu feministaren barruan, sexuen arteko ezagutza, onarpena eta elkarbizitza sinergikoa bultzatzea dagokio. •